Egonkortu eta eraberrituta dator Mikologika

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 9a, 11:53

Tolosako Casino elkarteak duela bost urte berreskuratu zuen perretxikoen inguruko astea; izen berriarekin, astelehenean ekingo diete jarduerei.

2010. urteaz geroztik, Tolosako belaunaldi berriek Casino elkartearen mikologia astea ezagutzeko aukera izatne dute, udazkenero. Haien gurasoei perretxiko eta onddoen inguruko jakintza zabaltzeko ekin zioten egitasmoari eta, berreskuratzearen ondoren, herrian errotu dela nabarmendu dute antolatzaileek, aurkezpenean.

Udazkena, natura eta sukaldaritza uztartzen dituzte egitarauan eta, urteroko hitzorduek hutsik egingo ez duten arren, berrikuntza nabarmenekin iritsiko da aurtengoa. Hasteko, izena bera berritu diote Casinoko antolatzaileek: Mikologika izango da aurrerantzean. Horrekin batera, webgune propio bat ere sortu dute egitasmoko jarduera bakoitzaren inguruko informazio, irudi eta zehaztasunak bertan argitaratzeko. Azkenik, jarduera berriak gehitu dituzte egitarauan bertan.

Horietako bat da, hain zuzen, Casino elkarteak Tolosa & Co merkatari elkartearekin antolatu duen erakusleiho lehiaketa. Gorka Arregi lehendakariak azaldu duenez, 20 bazkide inguruk parte hartuko dute, eta herritarrek erakusleiho politenaren aldeko bozka eman ahal izango dute, Tolosa & Co elkartearen Facebook orrialdean: "Bozka ematen dutenen artean 50 euroko txartelak zozketatuko ditugu".

Joxe Mendizabal Casinoko kideak elkarteko bazkideen lana azpimarratzearekin batera, Tolosako Udalaren babesa ere eskertu nahi izan du agerraldian. Hasier De los Rios zinegotzia ere bertaratu da, eta eskerrak itzuli dizkio elkarteari: "Larunbatetan azoka egiteko dinamika bat bada Tolosan, berez, baina horrelako egitasmoak antolatzen dituzten bakoitzean, laguntzeko prest izaten gara gu. Gainera, Mikologika egonkortu egin da eta, eskualdeko mugetatik kanpo, Gipuzkoa osoko herritarrak ere bertaratzen dira. Aurrera jarrai dezatela, beraz".

Perretxikoen hiri. Astelehenean bertan abiaraziko dute 2014ko egitaraua, Casino elkarteko kideentzako sukaldaritza ikastaroarekin. Jarduera nabarmenenak, ordea, ikastetxeetako haurrentzako irteera, elkarteen arteko pintxo lehiaketa eta larunbateko azoka izango dira.

Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, gaztetxoei perretxiko eta onddoak ezagutaraztea du helburu, mendi irteerak. Aurten Laskorain, Hirukide, Orixe eta Anoetako neska-mutilek egingo dute txangoa eta, urteroko moduan, haiek bildutako aleak sailkatuko dituzte zientzia elkarteko kideek.

Zerkausian izango da elkarteen arteko pintxo lehiaketa, ostiralean, eta Gure Txokoa, Arco Iris, La Jara, Iurre, Txinparta, Kabi Alai, Oargi eta Casino elkarteko kideek parte hartuko dute, oraingoz behintzat. Haien pintxoak dastagai izango dira prestatu eta gero, eta baita Arsenaleko kide batek prestatutako txanpinoiak ere.

Azkenik, urriaren 18an amaituko da Mikologika, jarduera jendetsuenetakoarekin: azokarekin. Tolosaldeko eta Goierriko 14 jatetxek pintxo bana prestatuko du, eta euro baten truke dastatu ahal izango dituzte herritarrek. Casino elkarteak ere bere postutxoa jarriko du eta Onddogoxo izeneko gozoa eskainiko du Gozona gozodendak.

Afari berezia elkartean. Izen berriarekin hasi, eta berrikuntzetan berriena larunbatean Casinon bertan egingo duten afaria izango da. Elkarteko kide bakoitzak hiru lagun gonbidatu ahal izango ditu eta, Sonia Tapia sukaldari eta Casinoko kideak antolatuta, lau sukaldari ariko dira lanean. Tapiak berak sarrerako jakiak prestatuko ditu, eta lehen platera Imanol Zubelzu tolosarraren esku izango da; Basque Culinary Centerreko ikaslea da bera. Arraina prestatzen Madrilgo (Espainia) Triciclo jatetxeko Javier Mayo sukaldaria ariko da eta haragia, berriz, Fronton jatetxeko Javi Sañadok prestatuko du. 

 

 

EGITARAUA

 

Urriaren 13tik 18ra

Tolosa&Co-rekin elkarlanean, erakuslehio Lehiaketa. Bezeroek gustukoena bozkatzeko aukera izango dute Facebook bitartez.  

Urriak 13, astelehena 13. 20:00:

Tolosako Casino Elkartean eta, bertako bazkideei zuzenduta,  sukaldaritza ikastaroa. Perretxikoak izango dira oinarri, eta irakaslea Sonia Tapia Solana 4 tabernako sukaldari eta Casino Elkarteko bazkidea izango da.  

Urriak 15, asteazkena 15. 20:00:

Tolosako Casino Elkarteko lehen solairuan, Ernesto Arrondok idatzi eta Donostiako Aquariumak argitaratutako Los hongos y el hombre liburuaren aurkezpen-hitzaldia izango da.  

Urriak 16, osteguna. 20:00:

Zerkausian, jarduera miko-gastronomikoa. Iñigo Cojo Bokado taldeko eta Donostiako San Telmo museoa jatetxeko sukaldariaren eskutik, ikusleek aukera izango dute perretxikoak erabiliz hainbat plater nola prestatu ikasteko; ondoren dastatzeko aukera ere izango dute.

Urriak 17, ostirala 17.
09:00:

Tolosaldeko ikastetxeetako DBHko lehen mailako ikasleak perretxikoak biltzera irtengo dira. Arratsaldean Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Tolosako Kultur Etxean sailkatuko dituzte aleak.

Onddoek eta perretxikoek zein garrantzi duten ezagutaraztea da helburua, funtsezko elementu baitira ekosistemetan eta bizitzaren zikloan. Era berean, onddo, perretxiko eta inguru naturalaren garrantzia, haiei buruzko ezagutza eta haien aldeko errespetua eta maitasuna ikasleen artean zabaltzea da xedea.

18:00:

Elkarteen arteko pintxo lehiaketa, Zerkausian. Parte hartzaileak: Gure Txokoa, Arco Iris, La Jara, Txinparta, Yurre, Kabi Alai, Oargi eta Casino, oraingoz. 

Urriak 18, larunbata. 12:00:

MIKOLOGIKA azoka, Trianguloan. Tolosaldekoko eta Goierrialdeko hainbat jatetxetako sukaldariek pintxoak prestatuko dituzte, onddoak eta perretxikoak osagai nagusitzat hartuz.

Parte hartuko dute jatetxeak honakoak izango dira:

  • Route 33,
  • RK (Hotel Dolarea)
  • Kuko
  • Casa Martínez Jatetxea
  • Larrea Plater Prestatuak
  • Olentzo Jatetxea
  • Astelena jatetxea
  • Iriarte
  • Solana 4
  • Leaburuko Ostatua (Peñascal Kooperatiba)
  • Botarri
  • Seikin2
  • Asteasuarra
  • Amalur
  • Casino Elkartea

Gozona gozodendak ere bere txokoa izango du eta jardunaldi hauetarako bereziki sortu duen Onddogoxo gozoa dastatu ahal izango da. 

Ordutegi berean hasita eta, Trianguloan bertan, beste zenbait ikuskizun eta erakustaldi ere izango dira ikusgai.

    • Tolosaldeko ikasleek Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzarekin bezperan bildu eta sailkatutako perretxikoekin sortutako erakusketa.
    • Motozerra erabiliz Luis Erasok erakustaldia egingo du.
    • BOX.A taldeko Vanessa Alzate eta Ibai Luque-k margogintza tailerra eskeiniko digute eta boltsak egingo dituzte, perretxiko eta onddoen irudiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!