«TAKE saskibaloi kluba izateaz gain, lagunarteko klub bat da»

Pasa den asteburuan hasi zuten denboraldia TAKE emakumezkoen lehenengo taldeko kideek; Maddi Lakunza eta Amaia Iraola, taldeko kideek, aurten inoiz baino talde «osatuagoa» dutela uste dute eta «indartuta» daude

TAKEko emakumezkoen lehenengo taldeak pasa den asteburuan hasi zuen aurtengo denboraldia. Atletico San Sebastian talde indartsuaren aurka 47-39 galdu zuen, partida borrokatu baten ostean. Hurrengo partida, hilaren 18an, 14:00etan, etxean jokatuko dute, Bera Bera Amara taldearen aurka.Taldea inoiz baino «osatuagoa» dutela uste dute taldeko kide diren Amaia Iraola eta Maddi Lakunzak, eta hortaz, denboraldi honi aurre egiteko indarrez beteta eta gogotsu aurkitzen dira lehen taldeko neskak.  

Zein helburu jarri diozue aurtengo denboraldiari?
Maddi Lakunza:  Gure helburua pixkana hazten joatea da. Ez mutilak iritsi diren horretara iristea, baina bai pixkana ekipo osatugoa dugunez indartzen joatea espero dugu.
Igotzeko esperantzak ere badituzue, ezta?
Amaia Iraola: Ez dakigu igotzea lortuko dugun, baina ahal duguna egingo dugu. Pozik gaude aurten atera dugun taldearekin, inoiz baino gehiago garelako. Igotzen ez bagara ere, sentsazio onarekin gelditzen bagara kontentu egongo gara.

Zein da emakumezkoen lehenengo senior taldearen egoera?
M. L.:  Ekipoan momentu honetan hamabi pertsona gaude, hamahirugarrena ebakuntza bat dela eta bajan dago; baina Gabonak bitarte horretan berreskuratzeko asmoa du eta hamahiru izango ginateke.
A. I.: Horrez gain, badago jendea gurekin boluntario moduan entrenatzen duena.

Beraz, taldea osatzeko ez duzue arazorik, ezta? Zeren zuetako batzuek kanpoan ikasten duzue eta astean zehar ezin duzu taldearekin entrenatu.
M. L.:  Batzuk kanpoan entrenatzen ari dira beste ekipo batzuekin, eta horrela ostiraletan soilik entrenatu beharrean entrenatzeko beste aukera batzuk dituzte.
Zuen zortzigarren urtea izango da honakoa, emakumezkoen lehen taldea sortu zenean taldean zineten biak. Nolako eboluzioa izan duzue?
A. I.: Orain dela zortzi urte genituen gaitasunak eta orain ditugunak oso ezberdinak dira. Material aldetik begiratuta ere askoz aukera gehiago dago orain. Nik uste dut eboluzioa izan dugula bai taldeari begiratuta eta baita era pertsonalean begiratuta ere.
M. L.:  Taldea handitu eta osatu egin dugu. Ekipo osatuago bat gara.

Zer erakutsi dizue TAKEk eta saskibaloiak urte hauetan?
A. I.: TAKE saskibaloi klub bat izateaz gain, lagunarteko klub bat da. Gure artean giro ona daukagu
eta hortaz, lagunartean egoteaz gain saskibaloiaz gozatzen erakutsi digu.

Zuek lehen emakumeak izan zinetela jakinda, erraza izan zen ordura arte gizonekoak zeuden ingurune batean sartzea?
M. L.:  Ez zitzaigun zaila egin. Ondo hartu gintuzten eta ia nahi gabe sartu ginen. Bestetik aipatzen dute: ez dela berdina neska eta mutilena, mutilen afizioa handiagoa dela neskena baino... Baina, nik uste gero eta nesken talde gehiago daudela, eta afizio hori osatzen joango garela.
A. I.: Azken batean, neskak klubean bere lekua hartzen ari dira.

Euskal Herrian beste klubetan ere maila igo dela nabaritu duzue?
A. I.: Beste klubetan nabaritu dut nesken talde gehiago daudela eta atzetik ere gazteagoak datoztela. Niri TAKEn gertatzen ari denak poztasuna ematen dit. Ikusita gu sartu ginenean talde bakarra ginela, eta orain atzetik talde asko daudela. Horrek honela jarraitzen badu guregatik ere esango dute: begira zenbat talde dituzten!

Pertsonalki zein erronka dituzue aurrera begira?
M. L.:  Orain arte lortu duguna, nahikoa dela iruditzen zaigu. Nik uste hori lortuta, pixkanaka joango garela geroan pentsatzen. Orain artekoan lortutako guztiarekin oso pozik gaude.
A. I.: Lortu ditugu gauza batzuk eta besteak ezin izan ditugu lortu, baina niri pertsonalki, aurrera begira, atzetik datozen taldeen aurka jokatzea gustatuko litzaidake. Hau da, jolasten jarraitzea. Baina, orain arte egin dugun guztiarekin ere ezin gara kexatu.

Badu zerbait saskibaloiak harrapatzen zaituena, ezta?
M. L.:  Nik uste dut sortzen den giroak zerikusi handia duela. Kirola asko gustatzen zaigu, eta pixkana-pixkana hobetzen saiatzen gara; baina ekipoan daukagun giroak zeresana du, gazteak sartu arren berriro ere taldea osatzen dugu. Horrek xarma berezia du.

Taldea: Kepa Jauregi (entrenatzailea), Amaia Iraola, Ana Mendinueta, Irati Fuentes, Miren Berasategi, Itxaso Leon, Maria Lasa, Iker Otaño (entrenatzailea), Cristina Amondarain, Nerea Ugartemendia, Uxue Lasa, Nerea Elosegi, Marta Mendinueta eta Maddi Lakunza.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!