Martin Ugalderen inguruko lana, bi ikasleren eskutik

Eneritz Maiz Etxarri 2014ko urriaren 8a

Jone Amonarriz eta Igor Agirre tolosarrek Ugalderi buruzko erreportajea egin dute. Pasa den ostiralean aurkeztu zuten Koldo Mitxelena kulturgunean.

Jone Amonarriz eta Igor Agirre tolosarrek Martin Ugalde, bihotza golkoan erreportajea egin dute, eta ostiralean estreinatu zuten Donostiako Koldo Mitxelenan. Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira, eta Martin Ugalde idazle, kazetari eta euskaltzalea definitzeko baliatu dute.

Jende dezente elkartu zen, eta «gustura» geratu dira bi egileak izan zuen harrerarekin. Bai ekitaldiak eman zuenarekin, eta baita jendearengandik jaso zituzten iritziekin ere. Musika eta mahai inguru bat uztartu zituzten, eta Kirmen Uribe, Juan Mari Torrealdai, Anjel Lertxundi eta Koldo Izagirre izan ziren. Dokumentalean ere parte hartzen dute lehen hirurek, Larraitz Ariznabarretarekin batera.

Larraitz Ariznabarretak eman ziela ideia azaldu du Jone Amonarrizek: «Martin Ugalderen bizitzaren inguruan tesia egina du berak, eta aurten hamar urte betetzen direnez hil zela omenaldi moduko bat egitea zuen buruan aspalditik, eta hortik sortu zen ideia». «Martinen inguruan guk ez genekiena azaleratu nahi izan dugu» azaldu du Agirrek. «Gutxi ezagutzen dugu Martin Ugalde, eta hamar minutuko erreportajearekin gure antzera zegoen jende horri nor zen erakutsi nahi izan diegu».

Eskuzabala eta herriarengatik dena eman zuena zela esan dute. Azken urteetan EUSKALDUNON EGUNKARIA-rekin izan zuen esperientziarekin eta kazetaritzarekin lotzen dugu batik bat, baina idazle bat, herriarengatik dena eman zuen eta herriaren zerbitzura bizi izan zen pertsona dago horren atzean».

Kirmen Uribek, bere obraz eta literatura aztertu du. Anjel Lertxundik, berriz, denetik egin duela ekarri dute gogora «asko ezagutu zuen gertutik». Ariznabarretak aldiz, ideia orokor oso bat eman die, eta Torrealdaiengandik gertutasuna jaso dute. Bere ideologia eta bere izateko era jaso nahi izan dituzte ikus-entzunezkoarekin, eta eredugarri den pertsona belaunaldi berriei ezagutzera ematea dute helburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!