"Edukirik gabeko udalbatzarrak" deitzea egotzio dio EAJk, udal gobernuari

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 8a, 12:47

"Parte-hartzea ulertzeko modu zelebrea" du EH Bilduk, Olatz Peonek nabarmendu duenez.

Batzokian agerraldia eskaini dute Tolosako EAJko zenbait zinegotzik, udal gobernuaren jarrera salatzeko. Pasa den irailaren 30eko ohiko osoko bilkura hartu dute horretarako abiapuntu, Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak oposizioko alderdiak ez dituela errespetatzen salatzeko.

Jeltzale tolosarren ustez, "udalaren eskumenekoak ez diren gaiak baliatzen ditu EH Bilduk, diskurtso politiko eta alderdikoiak zabaltzeko". Horela, gai orokorragoekin batera, Tolosarekin zuzeneko lotura duten gaiak jorratu beharko lituzketela uste dute: "Baina hori ez da gertatzen, eta iraileko plenoan gertatutakoa ez zen lehen aldia izan". Olatz Peonen eta haren alderdiko kideen iritziz, gainera, eztabaidatu gabe geratu ziren azken osoko bilkuran jorratu beharreko hainbat gai; hondakinen bilketa, mendekotasun legea, herriko merkatariekin egindako plangintza, kale garbiketa eta herriko egoera sozio-ekonomikoa eman dituzte adibidetzat.

Udaletako bilkuretan gaiak zehazteko udal-arautegiaren arabera, gai horiek aurretik udal batzordeetan jorratu behar izaten direla nabarmendu nahi izan du Olatz Peonek: "Baina, aurreko legealdietan gertatu izan den moduan, alkatea eskuzabalagoa izan liteke, gai gehiago plenoan eztabaidagai jarriz". Horrela, EAJren ustez "borondate falta" du udal gobernuak, eta gehiengo osoa izateari egozten diote guztia: "Ez dute inolako asmorik iritzi nahiz ikuspegi desberdina izan dezaketen alderdiekin ezer partekatzeko, gehiengo osoa izanik, beharrik ere ez baitute".

Prentsaurrekoko mezua biribiltzeko, jeltzaleek "heldutasun politiko falta" egotzio diote EH Bilduko udal taldeari, "errespetu falta" salatuz: "Moduak ez dira egokienak eta elkar ulertzeko enpatia landu beharrean, errazagoa zaie iraina erabiltzea eta, egungo egoera politikoan jarrera horiek ez dute lekurik". Amaitzeko, Tolosako EAJko udal taldeak "elkarlanerako prestutasuna" duela nabarmendu du, "endogamia politikorik gabe".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!