1984ko artelan polemikoari keinua

Ataria 2014ko urriaren 7a

Duela 30 urte, Iñaki Epeldek beste hainbat lagunekin osatzen zuen ZUT! taldeak San Frantzisko pasealekuko iturria estali zuen tela gorriz. Eskulturastea hasi den honetan, tela zuriz estalita azaldu da gaur.

Polemika piztu zuen 1984 hartan ZUT! taldeak egin zuen erreibindikazio lana. Batzuek, "artelan" gisa definitu zuten; beste hainbatek, tartean garaiko udal taldeak, "bihurrikeritzat" jo zuten. Prentsan ere gutunen joan etorri handia izan zen, iritzi bata zein bestea defendatuz. Egun gutxiren buruan, udalak kendu egin zuen.

Kontuak kontu, urtebete beranduago, Christo eta Jeanne-Claude artistek, Pariseko zubi berria estali zuten telaz. Kritika izugarri onak jaso zituen lanak, eta aurrerantzean ere teknika horrekin lan gehiago egin zituen bikoteak: 1995ean Berlingo Reichstag erainkina –Alemaniako parlamentua– estali zuten, esaterako.

ZUT! taldearen lan hura jarri zutenela 30 urte bete diren honetan, modu berean esnatu da gaur iturria. Oraingoan, ordea, tela zuriz estali dute, eta puntan larrosa gorria jarri. Iñaki Epeldere omenez egin dute, baina inork ez du aitortu egiletza. Alberto Giacometti eskultore suitzarrak esandako hau irakur zitekeen: "Munduan den eskulturarik garrantzitsuena baliorik gabeko bihurtzen da hura mirestera hurbiltzen den gizakiaren errealitatearen aurrean". Ikusmin handia piztu du bertatik pasa diren herritarren artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!