Bi hamarkada ikasleak kirolean eta kiroletik heziz

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 8a, 09:30

Eskola Kirola programaren 20. urteurrenean balantze bat egin dute Tolosako koordinatzaileek, erronka berriak proposatzearekin batera.

Tolosako hiru ikastetxeetako kirol koordinatzaileek eta udaleko kirol teknikariak bat egin dute, Eskola Kirola egitasmoaren 20. urteurrenaren harira. Une egokia iruditu zaie programaren balorazio bat egin, eta etorkizunera begira hobetu beharrekoak plazaratzeko.

Eskola orduz kanpo kirol jarduerak eskaintzen dituen programa da Eskola Kirola, 8 eta 16 urte bitarteko neska-mutilentzak. Jarduera fisikoa egin eta hainbat kirol ezagutarazteko helburuarekin batera, haur eta gaztetxoen hezkuntzan, kirolaren bidez, zenbait balore helaraztea da egitasmoaren jomugetako bat, Arantxa Estanga Tolosako Udaleko kirol teknikariak azaldu duenez: "Bokazio hezitzailea du, eta barneratzailea da; hau da, edozein ikaslek, edozein ezaugarri eta baldintzekin, parte hartu dezake Eskola Kirolan. Gainera, anitza da kirolen ezagutzari dagokionez, eta lehiakortasunetik harago, parte-hartzea sustatu nahi duen programa da".

Hori guztia aurrera eraman eta beharrezko formakuntza eskaintzeko, ikastetxeek kirol elkarteen laguntza jasotzen dute, Tolosako Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Eta ez da gutxiagorako, izan ere, Tolosan eta Tolosaldean 2.000 neska-mutil aritzen dira Eskola Kirola programaren barruan, batean edo bestean. Neska-mutil horiek kirolaren bitartez bizitzarako hezteko, gainera, 100 begiralek hartzen dute haiek gidatzeko ardura eta, kateari jarraituz, begirale horien irakasleak izaten dira ikastetxeetako kirol koordinatzaileak.

Jokatzetik jolasterainoko pausoak

Bi hamarkadak proiektuak aztertu eta hobetzeko denbora ematen dute eta, bide horretan, Eskola Kirolan aritzen diren ikastetxeek berrikuntza batekin abiarazi dute ikasturte, Ainhoa Artolazabal, Jon Gonzalez eta Iban Gallego koordinatzaileek nabarmendu dutenez. Betidanik izan dute helburua izan da parte-hartzea sustatu eta lehiakortasuna desagertaraztearena eta, horregatik, benjamin mailan ez da partidetako aktarik izango, aurten, lehen aldiz; kirol topaketak egingo dituzte, sailkapenik gabe.

Izan ere, horixe da kirol koordinatzaileek eta begiraleen lanetan zaileka: neska-mutilek telebistan ikusten duten hori ez imitatzea. Kirol bat egiten hasi eta bi egunean aditua izatea ezinezkoa dela irakasten saiatzen dira, batetik: "Haurrek ulertu egin behar dute bizitza osoan landu beharreko zerbait dela, eta pixkana-pixkana eman behar direla pausoak". Horrekin batera, gainera, kanpoko presioa ere sartzen da Eskola Kirolan, lehiakortasuna bultzatuz: "Haurrek astero egiten dituzte partidak entrenamenduetan, eta ez zaie galtzea edo irabaztea axola. Asteburua iristen denean, ordea, askori nabaritzen diegu bestelako presio bat, ikusleengatik-eta".

Horri guztiari irtenbide bat eman eta jokatzetik jolasera eman beharrko pausoak zehazteko, badira jada, urte batzuk, Tolosako ikastetxeek jokabide egokien dekalogoa sortu zutenez geroztik. Kirolariei nahiz ikusleei zuzendutako aholkuak daude bertan eta, noski, elkarlana eta errespetua sustatzen dituzte, lehiakortasunaren aurka. Ainhoa Artolazabalek nabarmendu duenez, "ikuleak ez dira entrenatzaileak, eta ez dute haien lana egin behar; aldiz, entrenatzaileak babestu behar dituzte, eta haien norabide berean joan, neska-mutilen heziketaren alde".

Horrela, beraz, 20 urteotako ibilbidean ikasitakoa kontuan hartu eta erronka berriak ere jarri dizkieten beren buruari, Jon Gonzalezek azaldu duenez: "Datozen urteotako erronketako bat eskola kirola ikaskuntza prozesuko zati bat gehiago izatea da, neska-mutil gehienek Eskola Kirola eginez". Batazbeste ikasleen %50 aritzen da egitasmoan eta, noski, benjamineta ia denek izena ematen duten arren, kopurua gutxituz joaten da heldutzen diren heinean. Kirol ohiturak eta lehiakortasunik eza uztartzeko sekretuaren bila lanean jarraituko dute, beraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!