Haurren margolanak, Iñaki Epelde gogoratzeko

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 7a, 13:53

Gaur eman zaio hasiera II. Eskulturasteari. Pasa den urtean zendu zen artista tolosarra gogoratzeko 'Betidanik' izeneko hormairudi handi bat margotu dute haurrek.

Haurrak izan dira protagonista Tolosako II. Eskulturastearen hasieran. Goizean, Tolosako eta inguruko herrietako LHko eta DBHko ikasleek, Iñaki Epelderen omenezko artelanak egin dituzte Zezen plazan.

Bigarren Hezkuntzakoek, 360x180 zentimetroko hormairudi handi bat margotu dute, ikasle bakoitzak 20x20ko laukia marraztuz. 'Betidanik' izena jarri diote obrari, Iñakiren bizileku izan zen auzoan, Berazubin, jarriko baitute murala estadioko lanen bigarren fasea amaitzean. Txikienek, berriz, metakrilatoaren gainean margotu dute, eta Alde Zaharrean jarriko dute egindako lana.

EKITALDI GEHIAGO

Eskulturastearen baitan izan den lehen ekintza da honakoa, baina aste honetan bertan beste bi ekitaldi izango dira. Bihar, "Puntos de encuentro o desencuentro" izeneko mahai ingurua izango da TOPIC zentroan 19:30ean Koldo Jauregi eta Naia del Castilloren eskutik. Moderatzaile lanetan, berriz, Xabier Saenz de Gorbea izango da.

Etzi, ostegunean, Iñaki Epelderi omenaldia egingo diote bere lagunek, artearen arlor ezberdinen bitartez. Jose Ramon Anda, Koldobika Jauregi, Ricardo Ugarte, Nisa Goiburu eta Guillermo Olmok eskultura iragankorra egingo dute. Joxe Mari Iturralde ta Julia Otxoak, berriz, poesia errezitaldia egingo dute, Migel Zeberio eta Et Incarnatus orkestraren laguntzaz. Aurkezle lanetan, berriz, Edurne Ormazabal arituko da.

Urriaren 30ean, Iñaki Epelde eta Nisa Goibururen erakusketa inauguratuko da Donostiako Boulevard aretoan. Azaroaren 7an, berriz, eskulturaren inguruko ziklo honi itxiera emango zaio Juan Luiz Morazaren "Éxito, lo incontable" izeneko hitzaldiarekin. Bertan, arrakastaren fantasiak artetik artikulatzen dituzten esanahi pertsonal eta sozialen inguruko hausnarketa egingo du Morazak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!