Bai Euskarari Saria jaso dute Kike Amonarriz eta Banaiz Bagara Elkarteak

Ataria 2014ko urriaren 3a

Euskararen alde egin dute lana aitortu diete sari honen bitartez Basque Culinary Centerren egin den ekitaldian. Pozez hartu dute saria, eta aldarrikapenek ere beren lekua izan dute.

Kike Amonarriz, Banaiz Bagara Elkartea eta Gasteizko Mendia Optika saritu ditu aurten Bai Euskarari Elkarteak euskararen alde egiten duten lanagatik. Euskalgintza, eta politika munduko jende ugari bildu da gaur eguerdiko ekitaldian, eta sariak banatzeaz gain, Bai Euskararik "arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko aro berrian" erabiliko duen irudi eta webgune berria aurkeztu ditu.

Kike Amonarriz tolosarrak "hunkituta, harriduraz eta ilusio handiz" jaso du saria, bere ustez, "ibilbideaz gain, euskara sustatzeko filosofia bat" saritu baitute. Bestalde, hurrengo belaunaldiak "indartsu" daudela adierazi du, eta gaurkoa euskara bultzatzeko "une historikoa" dela nabarmendu du: "Horretarako ezinbestekoa da euskalgintza instituzionala eta sozialaren arteko elkarlana; hizkuntz politikak sakondu egin behar dira, erabilera dinamikak indartu eta norabide berean aktibatu". 

Banaiz Bagararen izenean, berriz, elkarteko sortzaile Petra Elserrek jaso du saria: "Gure lan esparrua da zailena, gehien kostatzen dena, oztopo gehien gainditu behar dena eta errekonozimendu gutxien duena. Horregatik ohore handi bat da guretzat sari hau". Era berean, sari honek "gure lana eta eskaintzen duguna errazago zabaltzen" lagunduko duela esan du itxaropentsu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!