Ikuskizunaren zikloiak hartuko du Tolosa

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 3a, 13:34

Sei emanaldi eta ikastaro bat programatu ditu Intujai Teatrok Zikloia egitasmoan; lehenengoa bihar izango da, kultur etxean: Iban Nikolai didjeridu joleak eta bere lagunek Di To Wo emanaldia eskainiko dute

Indartsu hasiko da aurten Tolosatik igaroko den Zikloia. Bihar hasi eta abenduaren 12a arte sei emanaldi eta ikastaro bat antolatu ditu Intujai Teatrok. Lehenengo ikuskizunerako Iban Nikolai didjeridu jolea eta bere hainbat lagun izango dira, Di To Wo emanaldia eskainiz. Kultur etxean izango da, 22:00etan, eta sarrera doan izango da, beste emanaldi guztietan bezala.
Didjeridua munduan dagoen haizezko instrumentu zaharrenetakoa da, eta hainbatentzat zaharrena, Nikolaik azaldu duenez: «Australiako aborigenen antzinako haizezko instrumentua da, eta planeta honetako haizezko zaharrena askoren ustez. Hogei mila urte baino gehiagoko historia du. Ez da pertsonak sortutakoa, naturak baizik: termitek zulatutako eukaliptoaren enborra da». Haizezko instrumentuetan modurik sinpleena du jotzeko, baina ez da hain erraza soinua ateratzea: «Arnasketa zirkularra behar da, hainbat teknika ezberdinekin».
Hain justu, Di To Wo ikuskizunaren izena didjeridua jotzeko erabiltzen diren onomatopeiak dira. «Kuriosoa iruditzen zitzaigun onomatopeia horiek erabiltzea izena jartzeko. Eta didjeridua eskujokoekin nahastu dugu».
Izan ere, Nikolai ez da bakarrik izango eszenatokian. Berarekin batera beste didjeridu jole bat izango da, Tomas Carro galiziarra. Eskujokoak eginez Bartzelonatik etorriko diren LuSol taldeko hiru malabarista izango dira. «Beraiek jorratzen dituzte eskujokoak, akuilu-makuiluak, abanikoak, antzerkia... denetarik egiten dute. Pena da ez izatea kanpoaldean ikuskizuna, sua erabiltzen baitute beraien ikuskizunetan.
Halere, led argiak dituzten eskujokoak erabiliko dituzte». Ezustekoak ere izango direla dio Nikolaik: «Didjeriduaz gain, beste instrumentu batzuk ere joko ditugu. Azkenean bai begientzako eta baita belarrientzako ikuskizun borobila izango da».
Ez da lehenengo aldia Iban Nikolai Tolosan izango dena. «Aurreko esperientziak oso onak izan dira. Badira urte batzuk didjeridua ezagutarazten daramatzagula, eta Tolosan ere izan naiz: Bonberenean, Orbela tabernan, Topic-en Ahoz Aho jaialdian... ibili naiz. Egia esan jende nahiko irekia ikusten dut eta harrera ona izan dut Tolosan egon naizenetan».
Ingalaterran ezagutu zuen Nikolaik dijeridua, eta hamabost urte daramatza instrumentua jotzen, ikasten eta aldi berean zabaltzen: «Europan zehar egiten dira jaialdiak, Espainian, Euskal Herrian... Eta egia da sekulako potentziala duen instrumentu bat iruditzen zaidala».

Publikoa «ereiten»
Bosgarren urtea egingo du aurten Zikloiak. Intujai Teatroko kidea den May Gorostiagak garbi du zer asmo duten egitasmo honekin: «Formatu txikiko gauzak, ezohiko espazioetan, hau da, tabernetan, kalean, txokoetan, auzo elkarteetan... Eta apustu egitea inguruan daudenekin, eta baita guk ikasteko kanpotik gauza kuriosoak ekartzea, eta guk zer gauza ezberdin egin ditzakegun ikusteko».
«Antzerkia beti krisian dagoela esaten da», dio Gorostiagak, eta horri aurre egiteko antolatzen dute, besteak beste, Zikloia. «Formatu handiko ikuskizunak, Leidorren edo Topic-en ematen direnak esaterako, ondo daude eta bultzatu behar dira, baina kontuan izan behar da norbait lehenengo aldiz antzezlan batera joaten denean agian taberna batean dela, edo auzo elkarte batean, edo kalean. Eta hori publiko potentziala bihurtzen da gero ikuskizun handietarako. Beraz, horrelako egitasmoekin publikoa ereiten ari gara».
Urtero artista berdinak ez direla etortzen, baina Zikloia azaltzen dela dio Gorostiagak: «Ea airea mugitzen den, nahiz eta formatu txikian izan, kultura zabaltzeko».

 

Egitaraua, May Gorostiagak azaldua

EDU, ELENA, NACHO
'Diptico del amor y de la muerte: Parte 1, el amor'
Urriak 17, 22:00, Amarozko auzo etxean
«Edu Sanchez Cabezon Logroñokoa da, errioxarra. Izena eman zuen Ahoz Aho ahozkotasunaren jaialdian. Ikastaro bat  antolatu genuen, eta berak izena eman zuen. Ezagutu nuen orain dela hamabost urte ipuin matematikoak kontatzen. Bere burua eskaini zuen, eta esan zuen etorri nahi zuela emanaldiren bat egitera. Deitu diogu eta etorriko da bi lagunekin, bere ikuskizuna musikatzera. Edu oso kuriosoa da. Londresen egon da txapelketa batean, hau da, zientzia zabaltzeko ikuskizunen inguruan, eta irabazi egin zuen. Orain dela hilabete egon da bira egiten Hegoamerikatik. Beraz, guretzako opari bat izango da hona etortzea».


BEGO ALABAZAN
'Itzal itzelak: Hansel eta Gretel'
Azaroak 8, 17:30, Amarozko auzo etxea
«Bilbokoak dira. Narrazioa egiten dute, ipuinak kontatzen dituzte teknika ezberdinekin eta kasu honetan estreinatu dute antzezlan bat ipuinak eta itzalak uztartzen dituena. Klasiko bat ikusiko dugu, Hansel eta Gretel, eta emanaldia bost urtetik gorako haurrentzako zuzendua dago, baina, noski, gurasoak etortzen badira ondo pasako dute. Antzinako teknika aprobetxatzen dute obra klasiko hori kontatzeko. Oso ondo konektatzen dute umeekin».

 

 


HNOS. BOLINGA
'Puestos en libertad'
Azaroak 13, 22:30, Orbela taberna
«Barrez lehertzekoa izango da. Izenburua bera ere hor dago: aske jarri dituzte, baina ez dakigu ondo nondik aske geratu diren. Partaideak Gorka Ganso eta Txefo Rodriguez dira. Plaza guztietan ibili dira bi hauek, eta arrakasta handiarekin. Nabarmendu behar da Orbela tabernaren parte hartzea. Beraiek ere aritzen dira emanaldiak antolatzen, eta gurekin beti kolaboratzen dute».


SHAKTI OLAIZOLA, DUO DO PORTU, MAILU ARRUTI ETA BEA LARRAÑAGA
'Birakabareta'
Azaroak 21, 22:00, kultur etxea
"Urtero antolatzen dugu kabareten bat. Birakabareta artistaz aldatzen joaten den kabareta da. Aurten azaroaren 21ean denez, eta 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna izaki, saiatu gara partaide guztiak emakumezkoak izaten. Shakti Olaizola kontorsionista azpeitiarra sekulako gauzak egiteko gai da gorputzarekin. Duo Do Portuk bosa nova egiten du eta saio batetik bestera trantsizioa egingo du. Mailu Arruti lasartearra Katramila antzerki taldeko kidea da; bakarrizketalari ezaguna, umore pila bat ekarriko du. Bea Larrañaga tolosarrak, Intujai Teatroko beste kideak, klown pieza bat eskainiko digu, oso poetikoa, eta umore askorekin».


ZE ONDA
'Mikro-Uhina'
Abenduak 12, 22:00,  Amarozko auzo etxea
«Silvia Manzanas eta Jon Ander Alonso aktoreek osatzen dute Ze Onda taldea. Donostiako Antzerki Eskolan aritutakoak dira. Orain dela bi urte inguru sortu zuten Mikro-Uhinak antzezlana. Eskaini ziguten ekartzeko, baina orduan ezin izan zen, eta orain iritsi da garaia. Obra ez da antzezten antzokietan, baizik espazio zabaletan: museoak, kultur aretoak, kultur etxeak... Antzerki zirkularra da ia, aktoreak erdian kokatzen dira. Gizakiak nolakoak garen sakontzeko eta hausnartzeko lana da, umore askorekin».


MAY GOROSTIAGA
Klown ikastaro trinkoa
Abenduak 6, 7 eta 8; Amarozko auzo etxea; prezioa: 90 euro
«Urtero saiatzen gara formakuntza egiten. Oso ondo dago artistak ekartzea ikusteko zer egiten duten, eta zergatik ez jendea teknika ezberdinetan trebatu. Hamabost orduko ikastaroa izango da, eta berdin du arlo horretan zer formakuntza duen izena eman nahi duenak: saiatuko gara norberak bere klowna bilatzen. Norbaitek formakuntza egin badu ere, hori errefortzatzeko balioko dio».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!