‘Tximela’, gerra eta kartzelaren berriemailea bertsotan

Joxemi Saizar Arostegi 2014ko urr. 3a, 12:40

1936ko gerraren gaiarekin jarraituz, bertan parte hartu zuen bertsolari tolosar bat gogoratu nahi dugu oraingo honetan orrialde hauetan: Luis Rezola Arana Tximela.

Aukeraketa honek baditu bi arrazoi: lehena bere jaiotzaren mendeurrena bete dela aurten eta bigarrena, datorren asteburuan bere letrekin egindako kontzertua eskainiko duela Joseba Tapiak Tolosan.

Gerran protagonismo berezirik izan ez zuen pertsonaia da gaurkoa, beste gazte asko bezala Francoren altxamenduaren kontra boluntario izena eman zuena. Mekanikoa, lurperatzaile baten semea eta gaztetan umezurtz gelditu zena. Kapitain izatera iritsi zena frontean 21 urterekin. Borrokan aritu ondoren, kartzela ezagutu zuena gerra garaian eta ondorengo frankismoan. Baina zerbaitetan nabarmendu bazen, bertsogintzan izan zen. Bapateko eta idatzizko bertso ederrak egin zituen, lehiaketetan parte hartu zuen eta liburuetan jaso zituen bere lan horiek. Komunikazioa zaila zen garaietan, bere bertsoen bitartez garai ilun haien berri eman zuen eta horri esker ikuspuntu desberdin hori jaso dugu gaur egun.

Bizimodu gogorra
1914ko abuztuaren 24ean jaio zen Luis Rezola Arana Tolosan. Sei senideko familia batean bostgarrena izan zen. Tximela izengoitia familiatik datorkio, bere aitona, Izaskun auzokoa, oso zimela izan zelako. Ezaguna da izengoitia eta familia Tolosan, bertsolariaz aparte, puntista oso ezaguna ere izan zelako izengoiti horrekin. Aita lurperatzailea zen garai hartan Arramele auzoan zegoen kanposantuan. Baita ondoren San Blas auzora pasatu zenean hilerria. Urtebete zuen Luisek eta familia hara joan zen bizitzera. «Tximelaren baratza» deitzen zioten horregatik kanposantuari. Lehen ikasketak Eskolapioetan egin, baina 13 urterekin lanean hasi behar izan zuen, aita urtebete lehenago hil zelako. Goñi torloju fabrikan hasi zen lanean, handik bi urtera Arrameleko Zuaznabar torloju fabrikara eta lau urte beranduago Aduna tailerrera joan zen. Prestakuntza osatzeko, gau eskolara joaten zen lan egin ondoren. Soldaduska Donostian, Palencian eta Alcala de Henaresen egin zuen.

1936ko uztailean Francisco Franco altxatu Errepublikaren aurka eta gure protagonista Euzko Gudarostean sartu zen boluntario, altxamenduari aurre egiteko. Loiola batailoian eta gero Jagi-jagiko Lenago il batailoian aritu zen. 21 urte zituela oraindik kapitain izendatu zuten, «izardunetan gazteena» izan zela zioen. Zerbaitengatik izango zen. Gipuzkoa galdu ondoren, Bizkaian ibili zen borrokan: Gorbea, Oitz, Gernika eta Bilbon. 1937ko abuztuan italiarren preso erori zen eta Santoñako (Kantabria) Dueso espetxera eraman zuten. Epaitu eta betiko kartzela zigorra ezarri zioten Francoren aurka aritzeagatik. Urtebete pasa ondoren Andaluziako Puerto de Santa Mariako kartzelara eraman zuten. Han beste bi urte egin zituen, gerra amaitu zenean kasua errebisatu eta askatu baitzuten 1940ko abuztuan. Adunako lantegira itzuli zen orduan. Bere anaietako bat frontean hil zen eta beste bat zauritu eta erbestean urte asko egin zituen.
1946an Ondarretako kartzelara eraman zuten paper batzuk banatzeagatik. 1948an ezkondu egin zen Rezola Adunako Garagarza baserriko Ramona Zabalarekin eta Villabonan jarri ziren bizitzen. Bi seme izan zituzten. Ezkondu zen urte berean Uzturren ikurrina jarri zuen beste bi lagunekin batera. Lantegitik 66 urterekin erretiroa hartu eta 1993ko San Martin egunean hil zen Villabonan.

Gerraren lekukoa bertsotan
Umetatik hasi zen bertsotan Tximela, zortzi urterekin diotenez. Bertsopaperak ere gaztetan hasi zen idazten, 15 urterekin idatzitako batzuk badira gordeak. Gerra aurretik bertso asko kantatu eta idatziak zituen. Baina kartzela izan omen zen bere bertso eskola. Zeregin handirik ez zuenez, hango gertaerak eta miseriak bertsotan idatziz kontatzen hasi zen tolosarra. Duesoko kartzelan zela idatzi zituen bertso asko. Gaiak ez zituen faltako: gosea, torturak, gaixotasunak, injustizia, herrimina, fusilamenduak, heriotza… Zatika ateratzen omen zituen bertso horiek senitartekoen bidez. Lekuko eta berriemaile aparta dugu Tximela eta berari esker garai hartako informazio asko daukagu.

Kartzelatik atera ondoren ere bertsotan jarraitu zuen Rezolak. Argitaratzea zaila zen garai haietan, euskal aldizkaririk ez zegoelako eta bertso-paperak galerazita zeudelako, baina batzuk kaleratu zituen: Izaskungo ama birjinari (1949, koroatze urtea), Soroak txapela irabazi zuenean (1954), Iturriotzen egunpasa (1964), Basarri jaunari (1965), e.a. Zeruko Argia, Goiz Argi eta Principe de Viana sortu zirenean haietan hasi zen bertsoak idazten.

Antonio Zabala tolosarrak Rezolaren bertso bilduma argitaratu zuen 1989an, berak zuzentzen zuen Auspoa sailean. Bakardadeko ametsak zuen izenburua eta bi liburutan kaleratu zen. «Kartzelako bertsoak izanda, Francoren garaian ezin zirelako atera», argudiatu zuen orduan Zabalak. Lan mardul honetan berak eta bere bi semeek Zabalari emandako bertso idatziak jasotzen dira, orden kronologikoan. Bere bizitza osoaren bilduma da, autobiografia modukoa, gai asko jorratzen baititu: haurtzaroa, familia, gerra, kartzela, Tolosa, pertsonaiak… Tartean dira, adibidez, Inauterietako Pintxana kantaren letrak, 1944ko Ostegun Gizenean Zumeta tabernan idatziak, afaltzen ari zirela, Antxon de Pedro musika soinuz jotzen ari zen bitartean. Hil eta hurrengo Bertsolari Egunean, 1994ean, omenaldia egin zioten Donostian.

Joseba Tapiaren ahotik ‘Tximela’ kantari
Iazko azaroan Joseba Tapiak Tximela kapitainaren izarrak diskoa grabatu zuen Luis Rezolaren bertsoekin. Ez da Rezolaren bertsoak grabatzen diren lehen aldia. Aurretik Oskorri talde ospetsuak ere tolosarraren bertsoekin bi kanta moldatu zituen The Pub Ibiltaria bilduman. Auspoa sailaren bidez izan zuen bertso horien berri Tapiak. Duesoko kartzelan egindakoak gustatu zitzaizkion bereziki. Hemezortzi aukeratu, musikatu eta grabatu zituen. Ohikoa duen trikitixa erabili beharrean, gitarra hautatu zuen bilduma hau eskaintzeko. «Kartzelaldiko ilunpea, hotza, hezetasuna, bakardadea, beldurra… sentsazioak lortzeko gitarrak lagunduko zidala pentsatu nuen», adierazi zuen orduan aukeraketa arrazoitzeko. Garairako modernoak ziren bertsoak egiteko «motibazio garrantzitsua izango zuen, urgentzia batean idatziko zituen eta horrek halako askatasun bat hartzea ekarriko zion, gerokoei egiazko kontakizun bat uzteko beharrak sormena aktibatuko zion formaren aldetik ere», erantsi zuen musikariak. Datorren ostiralean izango dugu Tolosan, Topic-en, Tximelaren bertso horiek entzuteko aukera Tapiaren ahotik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!