Publikotasuna eskatu du, Kutxarentzat, Tolosako udalbatzak

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 1a, 13:24
Irudian, maiatzeko ohiko osoko bilkura; atzo ekin zioten ikasturte berriari.

Ikasturteko lehen osoko bilkura izan zen atzo Tolosan; Kutxabank eta PPk hauteskunde-legean egin nahi duen aldaketa hizpide izan ziren, besteak beste.

Pasa den uztailaren 29an izan zen Tolosako Udaleko azken osoko bilkura. Horrela, atzo ekin zioten ikasturte berriari; bilkurako puntu nagusiak Kutxabanken inguruko afera eta PPk gauzatu nahi duen hauteskunde-legearen aldaketa izan ziren. Horrela, udalbatzak publikotasuna eskatu zuen Kutxa eta Kutxabankentzat.

Euskal Herria Bilduk bilkuran aurkeztutako mozioak Kutxak hastapenetatik izandako nortasun publiko eta soziala azpimarratu zuen. Orain, ordea, kutxen bategitean sortutako "ildoak bertako herritarren eta ekonomiaren aldeko funtzio publiko eta sozialik ez duela" uste dute Udal Gobernuko kideek. Horrenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamenaren helburuekin bat egiten dutela azaldu zuten osoko bilkuran: akzioak eskualdatu eta gizarte zerbitzuei nahiz finantza ildo berri bati heltzea aldarriatu zuten.

Beren aldetik mozio horri emendakina aurkeztu zioten EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Besteak beste, Kutxak egindako lanari aitortza erakutsiz hasitako testua Kutxabank banku-fundazio bilakatzearen alde azaldu zen, "aurrezki kutxen legeari jarraiki". Bide horretan, aurrezki kutxen inguruko euskal legedia egokitzea eta banku-fundazioei buruzko lege propioa garatzeko eskakizuna egin zioten Eusko Jaurlaritzari.

Idazkariak bi testuak irakurritakoan hitza hartu zuten zinegotziek, ohiko hurrenkeran. Inaki Irazabalbeitia izan zen lehena, eta argi azaldu zuen bere iritzia: "Kutxen fusio prozesua hondamendirako bidea da; Aralarrek hasieratik uko egin zion horregatik. Kutxa BBVAren modeloan sartu nahi dute".

PSE-EEko ordezkari Jose Ignacio Asensiok, berriz, "prozesu honetan gizarte ekintza bermatuta" dagoela nabarmendu nahi izan zuten labur.

EAJ-PNVko Jokin Azkuek beren mezua berretsi zuen, "Euskal Herrian finantza erakunde indartsuak" behar direla azalduz: "Espainian erreskate bat izan da eta finantza erakundeak behartu egin dituzte zenbait baldintza onartzera. Beraz, ez dago beste biderik, ez teknikoki ezta juridikoki ere". EAJren ustez, beraz, "garrantzitsuena kontrola hemen geratzea da".

Hitza hartzen azkena EH Bilduko ordezkari Lore Agirre izan zen. Kutxabankekin gertatzen ari dena "lapurreta" dela nabarmendu zuen argi, eta "iritzi publikoa manipulatzea" egotzi zien jeltzaleei. Bide horretan, eta Azkueri erantzunez, banku-fundazio bat sortzea ez zuen nahiatezkotzat jo: "Erakundeei zesio bat eman eta fundazio arrunta izaten jarrai lezake. Baina zuek Kutxabank beste edozein bakuren moduan kudeatu nahi duzue, eta, berriro ere, argi dago bi eredu politiko, ekonomiko eta sozialen arteko talka dagoela hemen".

Gaiarekin amaitu eta bozketara pasatu aurretik, Ibai Iriarte alkateak ere bere iritzia azaldu zuen pleno aretoan, emendakina aurkeztu zuten EAJ-PNV eta PSE-EE ez dituela ulertzen azalduz. Halaber, "handitasunak ez du sendotasunik ematen" Tolosako alkatearen iritziz: "Kutxak eraginkortasun osoa galduko du bizkaitarren mesedetan eta, horiek, ondoren, beste batzuen mesedetan ere bai". Finean, "herri honen etorkizuna hipotekatzen ari gara" Ibai Iriarteren ustez.

Eztabaidaren ondoren bozkara pasatu zituzten emendakina eta mozioa, eta Euskal Herria Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten, berne bozkekin eta EAJ-PNV nahiz PSE-EEren aurkakoekin.

PPren legea eta Inazio Agirre

Kutxabanken aferarekin desadostasuna eta eztabaida nagusi izan baziren ere, PPk Espainiako Gobernuak egin nahi duten hauteskunde-legearen aldaketaren inguruan adostasuna izan zen nagusi. Alkateen aukeraketa zuzenerako proposamenaren aurkako adierazpen instituzionala aurkeztu zuten, eta Tolosako udalbatzako alderdi guztien ustez PPren interesei erantzuten dien legea litzateke. Horrela, adierazpena onartu zuten aho batez.

Azkenik, galde-erreguen txanda iritsi zenean, Ibai Iriarte alkateak gogora ekarri nahi izan zuen Inazio Agirre zendu berria: "Galera handi bat izan da euskararentzat, Euskal Herriarentzat eta Tolosarentzat. Errekonozimendua egin nahi genion hemen ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!