«Ez nuke irratia aldatuko, baina telebista gustatu zait»

Mikel Iraola 2014ko ira. 30a, 19:08

Atzo emititu zuten lehen aldiz ‘Gu ta Gutarrak’ telebista saioa ETB1en. Julen Telleria tolosarra da aurkezelea. Irratitik telebistarako saltoa eman du, nahiz eta ez duen irratia uzteko asmorik.

Prentsa idatzitik irratira; eta irratitik telebistara. Tolosaldeko Atariatik, Gazteara, eta handik Euskal Telebistara. Hori da azken urteotan Julen Telleriak (Tolosa, 1990) egin duen bidea komunikazio esparruan. Astelehenean egin zuen debuta telebistan, Gu ta Gutarrak saioko aurkezle lanetan, eta euskarri batean zein bestean izandako inpresioak azaldu ditu.

Atzo ikusi ahal zenuen saioa? Zein inpresio izan zenuen?
Bai, noski. Familia giroan ikusi nuen. Apur bat biolentoa izan zen, nahiko arraro sentitu nintzen nire burua pantailaren bestaldean lanean ikustean. Gurasoentzat ere arraroa izan zen niri aldi berean bi aldiz hitz egiten entzutea.

Zer esan dizute gertukoek estreinaldiaren ondoren?
Ez dakit oraindik zenbaterainoko jarraipena izan zuen, baina lagunen partetik iritsi zaizkidan mezuetan gustura zirela nabari zen. Baten batek esan dit, ea norbaitek Zuhaitz Gurrutxagari txaketa lapurtu ote dion ondoren nik jazteko (barreak).

Adarra ere jo dizute, beraz.
Bai. Hasi baino lehen ere bai, baina ofizioak dakarkien albo-kate bat da. Filosofiarekin daramagu...

Nolakoa da ‘Gu ta Gutarrak’ saioa?
Euskal Herriko kuadrillarik jatorrena aukitzea, sortzea edo osatzea da helburua. 12 lagun dauzkagu, sei mutil eta sei neska, nahasturik. Konbibentzia da ezaugarri nagusiena, aterpetxe batean asteburu pasa joango baitira. Han probak egingo dituzte, eta bertako bibentziak kontatzera platora joango dira. Han izango naiz ni.

Zure kuadrillakorik ez da animatu?
Orain ari dira animatzen. Batzuek badiote joango liratekeela, katxondeoz.

Tolosaldekorik ere bada...
Pare bat bala dauzkagu, bai: Olatz, Ibarrako neska bat, egun Zizurkilen bizi dena; eta Aitor, Amasa-Villabonakoa. Zeresana emango dute, ziur.

Prentsa idatzian lan batzuk egin ostean, irratian eman zenion hasiera zure ibilbide profesionalari. Gaztean aritu zara...
Eta denbora luzez jarraitzeko asmoz jarraituko dut. Gazte naizen bitartean behintzat. Akabo Bakea saioaren bigarren denboraldia egingo dut Amaia Artetxerekin batera. Horrez gain, saio berri bat egingo dugu iluntzeko zortziretan, unean uneko 30 kantu kañeroenekin.

Nolakoa izan zen telebistaren munduan sartzeko prozesua?
Nik ere ez nuen bitan pentsatu. Proposatu bezala nik baiezkoa eman nuen. Kasting bat egin genuen eta esan zidaten nirekin kontatzen zutela. Duela gutxi hasi ginen prestatzen.

Zein ezberdintasun topatu dituzu euskarri irratiaren eta telebistaren artean?
Zerikusi oso gutxi dute. Irratian bi lagunen artean egiten dugu dena: produkzioa, gidoigintza... eta gero zuzenean ere biok aritzen gara. Gainera, niri dagokit errealizazio lanak egitea, musika aukeratzea, alegia. Hitz egiterako orduan gauza asko izan behar dituzu buruan. Baina kontuan izan mikrofono baten aurrean ari zarela hizketan. Telebistan, berriz, hitz egin besterik ez dut egin behar, baina atentzioguneak dauzkat, zein kameretara begiratu, ze keinu egin, nora mugitu, postura mantendu...

Eta hizkera aldetik? Gaztea-n hizkera kolokiala erabiltzen duzue, aldiz telebistan gehiago zaindu behar da. Nabari duzu hori?
Nahiko antzekoa da. Egia da irratian askatasun gehiago daukagula. Gainera hori da eskatzen digutela, kaleko hizkera kolokiala erabiltzea, gazteen artekoa. Telebistan gidoi batean idatzita dago ia guztia, eta zainduago dago. Hashtag hitza erabili ordez, traola esan behar dut, adibidez. Baina orokorrean ez da ezberdintasun handiegirik. Ohitzea da kontua.

Zer nahiago: irratia ala telebista?
Ez dizut esango, ez daukadalako oraindik nahikoa esperientzia. Bai esango dizut irratia ez dudala ezergatik aldatzen. Baina aitortu behar dut, orain telebista probatuta, hura ere gustatzen hasi zaidala.

Prestakuntza lan asko eskatu dizu irratitik telebistara pasatzeak?
Egia esan ez. Kasting-ean ez genuen gidoirik. Egoera bat planteatu ziguten eta nik egingo nukeen moduan egiteko esan zidaten, ahan nuen naturalenen. Horrelaxe egin nuen. Ez zidaten argibiderik eman. Atera zitzaidan bezala gustatu zitzaien, eta orain ere uzten diate nire modura egiten.

Ileapaindegitik, ordea, pasa behar izan duzu, ezta?
Hori bai egin zaidala arraro xamarra. Ez nago ohituta nire burua ispilu aurrean modu horretan ikustea. Ilea mozten hasi zitzaizkidan eta nire atzean zortzi emakume nituen gomendioak egin eta baloratzeko. Aurpegiko belarritako guztiak kentzeko esan zidaten. Estetikako frogak ere egin behar izan ditut, zer jantzi aukeratzeko.  Oso esperientzia... esperientzia izaten ari da.

Irratiak hori guztia ez dauka. Nekatu egiten al du aurkezlea?
Nire kasuan ez, beti gustatu izan zaidalako kamera atzeko saltsa hori. Gainera, gustura ibiltzen naiz talde oso atsegina baitut. Oso ondo hartu naute, telebistako nire lehen esperientzia dela jakinda. Gainera, kamerinoa ere badut, nire harridurarako. Nire izenarekin eta dena! Gero konturatu nintzen ez zela niretzat bakarrik: Xabier Usabiagarekin konpartitzen dut, ohore bat niretzat. Oraindik ez naiz elkartu, eta hurrengo batean barruan topatzen dudan.

Telebistako aurkezle izateak nolabait badakar ‘aurpegi ezagun’ izatearena. Kontziente zara hortaz?
Orain arte ez zait pasa. Noizpait Gazteako esataria ote naizen galdetu didate baino apartekorik ez. Tolosan ez dut horrelakorik izan. Denok ezagutzen dugu elkar, eta ni gainera, saltsero samarra naiz. Hori da bazter guztietan izatearen arazoa. Batek baino gehiagok esan dit: ‘orain telebistan ere ikusi behar al zaitut?’ Baina finean, han eta hemen, lehen kaso egiten zidaten pertsona berdienk egiten naute kaso orain. Eta espero dut horrela izaten jarraitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!