Artistaren ofizio eta afizioak sortua

Iñigo Terradillos / Mikel Iraola 2014ko irailaren 28a

Iñaki Epelderen omenez izango da bigarren Eskulturastea; besteak beste, tolosarraren obrekin eta lanekin osaturiko hiru erakusketa daude ikusgai. Bideoan, Epelderen lanak aztertzen ditu bere emazte Kristina Martijak. 

Isileko artista zela nabarmentzen dute bere gertukoek, ez zela bere lana bereziki plazaratu zuen pertsona, eta ezer trukean jaso gabe guztia ematen zuela. Margolari nahiz eskulturgile gisa ezaguna zen Iñaki Epelde, eta txikitatik zetorkion dohaina eta sena hamaika egitasmotan garatu zuen tolosarrak. Artea kultur jardunetik harago zeraman, eta mundua ikusteko modu bat sortu zuen bere baitan.

Parte hartu zuen ekimenen artean, Tolosan kaleko museoa sortzeko egitasmoa, Koldobika Jauregirekin naturaren erdian lanak ikusgai jarri zituen Alkizako Urmara proiektua edota Eskulturastea daude. Azken ekimen hori 2012an sortu zen, eta aurten egingo dute bigarrenez, bere hutsunearekin, pasa den urteko martxoan hil baitzen Iñaki Epelde 54 urterekin, gaixotasun larri baten ondorioz. Hutsune hori omenaldi bilakatu dute, eta ekimen osoan tolosarraren presentzia nabaria izango da. Halaber, beste hutsune handi bat ere izango du aurtengo Eskulturasteak, Nestor Basterretxea artista hondarribitarrarena.

Iñaki Epelderen omenez, bere ondare artistikoaren zati bat Tolosako hiru gunetan jarri dute ikusgai egunotan. Aranburu jauregian, Pinturak izenburupean, artistaren lanak daude, 80. hamarkadatik hasi eta azken obretaraino; Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan dagoen Diseinuak erakusketak, berriz, tolosarraren alderdi pertsonalagoa erakusten du, parte hartu zuen hamaika ekimenen eredu delarik; Azkenik, GKo galerian Epelderen garai ezberdinetako margoak zintzilikatu dituzte, formatu txikian.

Kristina Martija, Iñaki Epelderen emaztea, arduratu da erakusketak antolatu eta osatzeaz. Aitortu duenez, «poz handia» sentitu zuen Tolosako Udaletik artistaren lanak Aranburu jauregian erakusteko gonbita luzatu zitzaionean: «Iñakik horrelako zerbait egitea merezi zuela ikusten nuen nik ere». Bertan zer jarri pentsatzen hasi zenean, «artista batek bere estudioan isilean egiten duen lana» erakutsi behar zuela erabaki zuen. Kronologikoki daude banatuta koadroak, eta azken obretan Epelderen lanetan ohikoak ez diren koloreak eta margotzeko moduak ageri dira. «Lan horiek ezagutzea gogorra izan zen niretzat, Iñakiren gaisotasuna ikusten bainuen bertan. Baina, denborarekin, koadro horiek ere maitatzen amaitu dut», azaldu du Martijak.

Alderdi pertsonala

Aranburu jauregirako erakusketa prestatzen ari zela Iñaki Epelde bertan erakutsiko zena baino gehiago ere bazela konturatu zen. «Ikusten nuen, banuela beste material bat erakusteko, hala nola, berak egindako kartelak, logotipoak, inauterietako lantxoak, ilustraturiko liburuak... Gauza horiek erakusteko beharra somatzen nuen». Martijaren ustez, hori guztia erakusteko lekurik egokiena Topic zentroa da, «gazte-gaztetatik Tolosako Ekinbide Etxeari lotua egon baita». Hala, Epelde zenaren emazteak dioenez, Topic zentroko erakusketara doanak «Iñakiren bihotza ikusiko du, eta baita Tolosaren historiaren zati bat ere». Erakusketekin eta omenaldiarekin «gustura» dago Kristina Martija, eta baita ekimena gauzatzeko moduarekin, «Iñakiren bizitzan zutabe izan diren bi erakunde elkarlanean aritu baitira».

Erakusketak egitearekin batera, Afizio, ofizio, baina batez ere, debozio izenburupean liburuxka ere kaleratu dute. Iñaki Epelderen ibilbidea islatzen du lanak, eta bere hitzak nahiz bere inguruan esandakoak jasotzen ditu. Artistaren emaztea arduratu da liburuaren edukiez, eta adierazi duenez, artea azaltzea zaila den arren, jarraibide batzuk ematen saiatu da: «Ezagutzen ez dena ez da baloratzen. Erakustea eta irakastea du helburu liburuak, jendeak Iñakiren lana ezagutu eta modu horretan gehiago mirestu dezan», esan du.

Epelderen lana

Eskulturastearen antolatzaile eta bultzatzaileek artistaren lana eta izana eta utzi duen hutsunea azpimarratzearekin batera, haren emazteak erakusketak antolatzean egin duen lana nabarmendu dute. Elena Basagoitia Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak artista tolosarrari omenaldia egiteko beharra sentitzen zutela azaldu du: «Eskuzabala zen, guztiei laguntzeko prest azaltzen zen beti, eta ez zekien ezetz esaten».

Nisa Goiburu Tolosako Ekinbide Etxeko eskultura batzordeko kideak ere hutsune handia somatzen duela adierazi du, esaterako, Eskulturastearen egitaraua bien artean osatzen baitzuten: «Oso ondo ulertzen genuen elkar, eta gauzarik gehienetan ados egoten ginen». Aranburuko erakusketan egindako lanarengatik eskerrak eman dizkio Kristina Martijari, «berak bakarrik egin baitu dena; berak ezagutzen du hobekien bere obra, eta guk hori erabat errespetatu dugu».

Ibai Iriarte Tolosako alkateak Eskulturastea «Iñakiren itzal luzeak omentzeko modua izango dela azpimarratu du. «Pertsona handiek itzal handiak uzten dituzte, eta horren erakusle Iñaki Epelderen erakusketak dira». Era berean, Tolosarekiko zuen konpromisoa ere nabarmendu du Iriartek: «Hori dela eta, udalak asko du eskertzeko, eta Aranburuko erakusketa, eta argitaratu den liburuak omenaldi txikiaren isla izan nahiko luke». Emaztearen lana nabarmentzekoa eta eskertzekoa dela gehitu du Iriartek: «Erakusketan ikusten den elementu bakoitzak bere historia du, eta hori dena gogora ekartzea ez da batere erraza». Tolosako alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu erakusketak bisitatzera eta nola margotzen zuen ikustera, eta liburua eskuratzera, «Iñakiren zatitxo bat norberak bere etxean izateko».

Eskulturastearen gakoak

Eskulturastearen barruan dauden ekitaldietan, erakusketekin batera, gaztetxoekin egingo direnak gogoratu ditu Nisa Goiburuk «garrantzi berezia» baitute antolatzaileentzat. Urriaren 7an izango dute protagonismoa haurrek, artista bilakatuko baitira. Epelderen lanean oinarrituriko koadrotxo bana egingo dute, eta ondoren, murala osatuko dute. Hori Berazubin, artista tolosarra bizi zen auzoan, jarriko dute ondoren, betirako. Gaztetxoenek ere margo bana egingo dute, eta lan horiek Korreo eta Arostegieta kaleak batzen dituen pasadizoan jarriko dituzte.

Hurrengo egunean izango den mahai inguruan lehengo eta gaur egungo artearen berdinguneak eta desberdintasunak jorratuko dituzte Koldobika Jauregi eta Naia del Castillo artistek Xabier Saenz de Gorbea moderatzaile dutela. Eta hurrengo egunean, Iñaki Epelderi omenaldia egingo diote bere lagun eskultoreek. Jose Ramon Anda, Rikardo Ugarte, Koldobika Jauregi, Guillermo Olmo eta Nisa Goiburuk eskultura iragankor bat egingo dute. Julia Otxoa eta Joxe Mari Iturralde idazleek poesia errezitatuko dute, eta Migel Zeberio eta Et Incarnatus orkestrak musika jarriko diote ekitaldiari.

Antolatzaileek Eskulturastean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Ibai Iriartek gaztetxoen parte hartzea azpimarratuz, kulturak gizartean duen garrantzia nabarmendu du, «kultura maite duen herria etorkizuna duen herria delako».


II. ESKULTURASTEA


Urriak 7: Tolosaldeko ikasleen artelanak Iñaki Epelderen omenez, Tolosako zezen plazan, 10:00etan.

Urriak 8: Mahai ingurua: Koldobika Jauregi eta Naia del Castillo, Topic-en, 19:30ean.

Urriak 9: Iñaki Epelderi bere lagunen omenaldia, artearen alor desberdinen bitartez, Euskal Herria plazan, 19:30ean, eta Topic-en, 20:00etan.

Urriak 30: Iñaki Epelde eta Nisa Goibururen erakusketaren irekiera, Donostiako Boulevard aretoan.

Azaroak 7: Arrakasta (kontaezina): Juan Luis Moraza hizlaria eta Santi Eraso aurkezlea. Topic-en, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!