Iurreamendi egoitzako ateak, herritarrei irekita

Ataria 2014ko irailaren 26a

Egoitzako eguneroko errealitatea erakustea da egitasmo honen xedea. Gaur 17:00etan bertaratzeko aukera izango dute herritarrek.

"Iurreamendi han goian geratzen den hirugarren adinekoen egoitza bezala ikusten dugu. Familiartekoren bat edo lagunen bat bertan egotea tokatu ez bazaigu, ez gara inoiz joango, eta beraz ez dakigu nolakoa den. Eta interesgarria da errealitate hau ezagutzea". Miren Urkola zinegotziaren hitzak dira hauek, gaur arratsaldean egingo den egoitzaren ate irekien jardunaldien aurkezpenean.

Horixe da ekimen honen helburua: bertako eguneroko bizitza eta ingurunea erakustea, eta era berean, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sendotzea. Bide horretan, baratze parkeak "garrantzitsuak" izan direla nabarmendu dute. "Aisialdirako gune bilakatu dira. Ibilbideak atsedena hartzeko azpiegiturekin, bertako egoiliarrentzat nahiz beraien ingurukoentzat gune atsegina da".

Irisgarritasun baldintzak ere hobetu dituzte bertan, errepidea eta baratzetako bideak asfaltatu baitituzte. Errepidearen norabidea ere aldatu dute, eta orain noranzko bakarrekoa da.

Gaur egun, 147 egoiliarrentzat dago lekua, eta 100 inguru izaten dituzte. "Ezin ditugu denak bete, uneoro aldaketak izaten baititugu", azaldu du Elena Basagoitia Iurreamendiko kideak. Iurreamendi hobetzeko lan horretan, bertako egoiliarren eskaerari erantzunez, gaueko erizaina berrezarri zuten. Langileen antolaketa ere egungo egoerara egokitu zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!