Oztopoaren zeinurik ez

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 26a, 13:15

Gainditzen elkarteak bihar ospatuko du Pertsona Gorren Nazioarteko Eguna eta, besteak beste, Joseba Ilunbe tolosarra omenduko dute, gorren areto futboleko Europako txapelketa irabazteagatik

Joseba Ilunbe tolosarrak (1986) ia bizitza osoa darama areto futbolean. Jokorako taktika eta estrategiekin batera, ordea, kirolariak badu bestelako erronka bat ere: gorra izanda jokatzea. Pasa den martxoan gorren arteko Europako areto futbol txapelketa irabazi zuen eta, horren harira, omenaldia egingo diote, bihar, Gor Komunitatearen XI. Sentsibilizazio Astean.

Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren Gainditzen elkartea aritzen da guztia prestatzen eta, besteak beste, gorrek egunerokoan dituzten oztopo eta mugak jendarteratzea da egitasmoaren helburua. Bide horretan, Gainditzenek erabaki du Ilunberi omenaldia egitea. Jarduerak astelehenean bertan hasi baziren ere, bihar bertan Pertsona Gorren Nazioarteko Eguna ospatuko dute, eta biharko prestatu dute, beraz, egunik indartsuena, omenaldiarekin batera.

Futbolariak dioenez, «zaila da azaltzea nola iritsi nintzen Europako txapelketa jokatzera». Izan ere, aspaldi hasi zen, tolosarra, gorren areto futbolean: «Donostian elkartzen ginen eta futbolean jokatzen genuen». Kiroletarako zaletasuna baloiari ostikadak ematetik haragokoa izaki, ordea, gorren arteko nazioarteko maratoi batean parte hartu zuen, behin, Joseba Ilunbek, Castellon (Herrialde Katalanak); dirudienez, han ekin zion Europarako bideari. Izan ere, parte-hartzaile gehiago ezagutu eta harremana sendotu zuten, kirolaren aitzakian: «Horrela, partida bat jokatzeko hitzordua egin genuen Bilbon, eta entrenatzailea ezagutzeko aukera izan nuen».

Ilunbek, gerora, Donostiako gorren taldea utzi zuen eta, aldi berean, Bilbon ezagututako entrenatzailea Burgosen hasi zen, hango gorren taldea prestatzen. Kasualitateak horrela suertatzen direla eta, «entrenatzailea nirekin harremanetan jarri zen, Burgosko taldeak nik bertan jokatzea nahi zuela esateko». Zehazki gorren Espainiako areto futbol txapelketan aritu zen Burgosko taldearekin, Madrilgo Coslada hirian: «Huelvaren aurka jokatu eta irabazi egin genuen final hura». Espainiako txapelketak eman behar zuena eman eta gero, garai hartan Burgosko entrenatzailea zenari Club Deportivo Sordos de Huelvatik deitu zioten eta, «haren bitartez, Huelvako taldean jokatzeko proposatu zidaten».

Tolosatik Andaluziaraino futbolean jokatzera joatea ez da erraza, noski, baina Huelvako taldean aritzeak ez dio, Joseba Ilunberi, bizimodua gehiegi aldatu: «Autoan joan edo hegazkinean joan, bidaia taldeak ordaintzen zidan, eta baita hango otordu eta ostatuak ere. Gainera, ez nintzen egunero joaten, urtebetean lauzpabost aldiz joan nintzen. Modu horretara, ondo moldatzen nintzen».

Taldea osatzea, biderik latzena

Ilunbek Huelvako taldearekin irabazitako gorren Europako areto futbol txapelketa lehenengoa izan zen, eta 2015. urtekoa Austrian jokatuko dute: «Ikusiko dugu bi urte barru zenbat talde dauden parte hartzeko moduan; horren arabera, txapelketa jokatuko dugu edo ez dugu jokatuko».

Izan ere, herrialde bakoitzean talde bat osatzea da lanik zailenetakoa, gorren areto futbolean. Eta horren erakusgarri da CDS Huelva areto futbol taldean aritzen diren kirolarien jatorri anitza: «Batzuk madrildarrak dira eta beste batzuk, berriz, Granadakoak. Era berean, Alacanteko nahiz Galiziako batzuk ere badira, eta baita Huelva bertako bi ere. Gainerakoan, euskaldunok aritzen gara: donostiarrak, bilbotarrak eta ni neu».

Pertsona entzuleen artean areto futboleko taldeak hamaika eta bat diren arren, gorren kasuan kirol bera elkarrekin egin nahi duten pertsona talde bat osatzea ez da lan makala, Ilunberen ustez. Eta zailtasuna, batik bat, gorren euren bokazioan dago: «Egia da pertsona gorrek ez dutela, normalean, futbolerako bokaziorik izaten; ezta, oro har, kiroletarako ere. Gogo hori ez baldin badago, beraz, zaila da taldeak sortzea, gizartean gutxiengo bat garelako. Hain gutxi izanda norberak bere kirola eta bere bidea hartuz gero, talde bat eratzea ia ezinezkoa da zenbait kasutan, toki desberdinetan bizi garelako eta taldeek beharrezko dutelako leku zehatz batean zentralizatzea».

Etorkizunari begiratzeko aukera bat

Oztopoen gainetik, pasa den martxoan Turinen jokatutako txapelketan 16 talde aritu ziren, guztira, 15 herrialde ordezkatuz: Espainia, Txekiar Errepublika, Danimarka, Alemania, Ingalaterra, Suedia, Grezia, Suitza, Austria, Polonia, Frantzia, Norvegia, Zipre, Belgika eta Italia, zehazki.

Euskal Herriko kirolari gorrek, ordea, ez dute federazio baten babesik, gaur egun. Bilbon zegoen gorren kirol elkarteak bertan behera utzi zuen jarduna, eta Donostian elkarte bat baden arren, lehendakaririk gabe ari dira lanean. «Horrek elkarte baten erritmoa galtzea dakar eta, ondorioz, kirol taldea ere desagertu egin da», azaldu du Ilunbek.

Gorren artean jokatzeko aukerarik izan ezean, hala ere, Joseba Ilunbek argi dauka, ohiko taldeetan aritzeko inongo oztoporik ez dela eurentzat: «Ni jende entzulearekin aritzen naiz eta ez dut zailtasunik, taldekideak eta ni ezagutzen baikara. Beraiek ohituta daude nirekin egoten eta jokatzen eta, era berean, baita ni beraiekin ere. Moldatzen gara, beraz».

Izan ere, kirolak zenbait ate zabaltzen laguntzen die pertsona gorrei, bizitzan izan ditzaketen oztopoen aurrean: «Finean, kirolak hainbat lekutan parte hartzen laguntzen digu, eta ez dugu zailtasun berezirik kiroletan aritzeko. Adibidez, zer egiten dugu guk, partida bat hasi aurretik? Epaileei jakinarazi egiten diegu taldean gor bat badela eta, horren aurrean, txilibitua jo beharrean beste bide bat erabiltzen dute haiek, norgehiagokako jakinarazpenak emateko».

Gorren areto futbolaren maila gorenera iritsi da tolosarra, oztoporik gabe. Kirolak gainontzeko lagunen artean integratzen lagundu dio urtetan barrena eta, alderantziz, baita lagunei haren errealitatea gertutik ezagutzen ere. Halako lorpenak eskuratu izanak, beraz, haur gorrentzako lagungarri izatea espero du Joseba Ilunbek, «ikus dezaten gorrok hainbat jardueratan parte har dezakegula».



Gor Komunitatearen XI. Sentsibilizazio Astea

Gorren Nazioarteko Eguna

IRAILAK 26, OSTIRALA

09:30. Anoetako Herri Ikastolan hitzaldia gorren komunitateari eta pertsona gorri buruz. Ikasleei begirakoa da, eta gor batek eskainiko du.

11:30. Villabonako Erniobea institutuan hitzaldia gorren komunitateari eta pertsona gorri buruz. Ikasleei begirakoa da, eta gor batek eskainiko du.

- Erakusketa Tolosako kultur etxean, inguruko ikastetxeetako haurrek egindako marrazkiekin. Marrazkiak pertsona gorren komunikazio oztopoen inguruan egin dituzte.

- Kartoizko hesiak jarriko dituzte, jendeak gorren komunitateaz iritzia eman dezan, nahi duen moduan. Sinadurak, testutxoak nahiz marrazkiak egin daitezke.

IRAILAK 27, LARUNBATA

10:00etatik 12:15era. Haur gorrekin jarduerak, Topic zentroan.

10:00. Plaza Zaharrean graffitiak egingo dituzte, GKo Gallery-ren laguntzaz. Irudiak egiteko, pertsona gorren komunikazio oztopoak erabiliko dituzte gaitzat.

12:00. Dinbi-Danba batukadaren emanaldia Trianguloan.

12:30. Manifestua irakurriko dute

Tolosako Trianguloa plazan.

13:30. Marrazki lehiaketako sari banaketa egingo dute Trianguloan, eta bertaratzen diren haurren artean opariak zozkatuko dituzte.

17:00. Lagunarteko areto futboleko partida jokatuko dute Hirukide Jesuitinak ikastetxean. Ondoren, omenaldia egingo diote Joseba Ilunbe jokalariari, gorren areto futboleko Europako txapelketa irabazteagatik.

19:00. Trianguloa plazan hainbat emanaldi: Donostiako Zeinu Antzerkia taldeak Desahucio obra zeinu hizkuntzan; Mentxu Arrietak klown saioa; eta azkenik, umore saioa El show de Chavi izenburupean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!