Txalo artean estreinatu dute 'Lasa eta Zabala' filma

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 25a, 17:28
Cristian Merchan eta Jon Anza. Argazkia: Nerea Lizarralde

Gaur estreinatu dute Donostiako Zinemaldian GALek hildako bi tolosarren inguruan egindako filma. Estreinaldiaren osteko agerraldian, Pablo Malo zuzendariak azpimarratu du "izugarrikeria bat jasan zutenen alboan" jarri dela filma egiterako orduan.

Gaur estreinatu dute Donostiako Zinemaldian Lasa eta Zabala filma. Jende andana bildu da Victoria Eugenia antzokian Pablo Maloren filma ikusteko. Han ziren, besteak beste, Joxi eta Joxanen paperak egin dituzten Cristian Merchan eta Jon Anza aktoreak; Jose Ramon Soroiz aktorea eta Arkaitz Cano idazlea.

Ikusleek txalo zaparrada eskaini dute filmaren amaieran, eta gehienek filmaren "gogortasuna" aipatu arren, barreak ere izan dira, Enrique Rodriguez Galindo guardia zibila azaltzen zen zenbait eszenatan, hark esandakoak karikatura bat bihurtuta.

"Izugarrikeria bat jasan zutenen ondoan jarri naiz"

Lasa eta Zabala filmaren zuzendari Pablo Malok, bien bitartean, goizean egindako prentsa agerraldian adierazi du beti jakin izan duela "non kokatu" istorioaren aurrean: "Ez dut indarkeria jasaten, eta kasu honetan, izugarrikeria bat jasan zuten bi pertsonaren ondoan jarri naiz".
 
Hori dela eta, Lasa eta Zabala "zintzotasunetik" egin duela dio, eta hori da Axun Lasa eta Pili Zabalarekin izandako elkarrizketetan jaso zuen mezua: "Inoiz ez dute mendekuaz hitz egin, elkarrizketaz eta bizikidetaz baizik".

Guardia Zibileko kideak karikaturizatuak ez ote dauden galdetu diote zuzendariari, eta ezeztatu egin du Malok: "Ikerketa abiatu genuenean, konturatu ginen benetan segituz gero errealitateari, orduan bai geldituko zirela karikaturizatuak. Egia askoz muturrekoagoa zen".

Joxe Portela filmaren ekoizlea ere gustura agertu da egindako lanarekin. "Senideei eta gainontzeko protagonistei gustatu zaie". Baina filma egiteko izan dituen zailtasunak nabarmendu nahi izan ditu Berriak eta Hamaika telebistak elkarlanean egiten duten Zurriolako Butaka saioan. Gainera, laguntza publikoen inguruan izandako polemiken harira gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza aurrekontuaren %4a baino ez dela izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!