Martxan da Beldur Barik programa

Ataria 2014ko irailaren 24a

Indarkeria sexitari aurre hartzeko helburua du egitasmo honek. Gazteen parte-hartzea bultzatzeko hainbat hitzaldi emango dituzte ikastetxe eta gazte lokaletan.

Abian da indarkeria sexitari aurre hartzea helburu duen Beldur Barik programaren V. edizioa. Horretarako, gazteek neska eta mutilek ezberdintasun egoerari aurre nola egiten dioten azaldu behar izaten dute lan artistikoen bidez. 

Tolosako Udaleko Berdintasun eta Gazteria sailek lehiaketa eta topaketetan partaidetza sustatzeko hainbat hitzaldi emango ditu Josebe Iturriotzek ikastetxe, aisialdi talde, Topagunea eta gazte lokaletan. Hau da egitaraua:

Irailak 24: 18:00etan, Igeralde 1G lokalean, 12-18 bitarteko neska-mutilei zuzenduta.
Irailak 25: 09:00etan Laskorain Ikastolan; 11:00etan Hirukide-Eskolapikoak ikastetxean; 13:00etan Orixe ikastolako ikasleak Tolosako Lanbide Heziketa Institutuko ikasleekin batera, Lanbide Heziketako Areto Nagusian.
Irailak 26: 18:00etan, Izaskungo Aldapako lokalean, 19-26 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta.

Bestalde, Beldur Barik antolatzeko, bi saio antolatu dituzte:

Urritik azarora bitarte, Beldur Barik Jarrera zer den azaltzeko tailerra izango da, Harremanak Hezkuntza Elkartearen eskutik, Gazte Topagunean. 12-18 bitarteko neska-mutilei zuzenduta egongo da saio bat; eta bestea, 19-26 urte bitarteko neska-mutilei.

Bestalde, bideoak editatzeko tailerra ere eskainiko dute. Kristoren Gorputza taldeak emango du azaroan zehar, Kzgunean. 4 orduko saio bat egingo da 12-18 bitarteko neska-mutilei zuzenduta, eta beste 4 orduko bat, 19-26 urte bitarteko neska-mutilentzat. Tailer honetan izena emateko, 16-18 urte bitarteko neska-mutilek gurasoen baimena aurkeztu beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!