Irriak eta banda, algarak eta musika izango dira protagonista larunbatean Tolosako zezen plazan. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek saio musikatua eskainiko dute 19:00etan Tolosako Musika Bandarekin eta eskualdeko haurrekin osatutako abesbatza erraldoiarekin batera. Pailazoen hainbat lagunen bisita ere izango da zezen plazako eszenatokian Oier Iribarren eta Stop Sanfilippo fundazioaren aldeko festan. Honenbestez, alaitasunari eta irriari elkartasuna ere batuko zaio larunbateko Irribandaren kontzertuan.
Pailazo taldearen 25. urteurrena ospatzeko Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin orain arteko ibilbidean kantatu eta dantzatutako hainbat abestiz osatutako diskoa atera zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 2012. urtean. Kantu gehienen konposatzailea eta moldaketa guztien egilea den Xabier Zabala musikariaren esanetan "formatu hau herriko bandetara egokitzea interesgarria izango litzatekeela pentsatu genuen", orkestrarekin Euskal Herriko hiriburu gehienetan soilik eman baitzituzten kontzertuak. Irribandaren bigarren kontzertua izango da larunbatekoa. Estreinako kontzertua Errenteriako bandarekin egin zuten orain dela hilabete batzuk eta hainbat hilabetetako lanketaren ondoren Tolosan izango da bigarrena.
Aiora Zulaika Pirritxek, pailazoak proiektu hau gauzatzeko "gogo handiz" zirela gogorarazi du, Tolosako bandako musikariekin erlazioa aspalditik dute pailazoek. Kontzertua Tolosako zezen plazan ematea ere berezia izango da Zulaikaren esanetan, "festa eta alaitasunaren ikurra" baita zezen plaza Tolosan.
Xabier Zabalak ez ditu ahaztu gabe utzi nahi Enrike Arostegi eta Idoia Iraola, bandaren zuzendaria eta haurren koruen koordinatzailea, eta oholtza gainean parte hartuko duten guztiak. Eszenatokian batzuk nabarmenduko badira ere "100 pertsonatik gora" izango dira oholtza gainean elkartuko direnak eta "guztion elkarlanaren emaitzaren ondorioa" izango da bertan ikusiko dena Aiora Zulaikaren iritziz.
Proiektu musikal berezi hau bandaren urteroko jardunaren aldean "zerbait desberdina eta berezia" da Enrike Arostegi Tolosako Musika Bandako zuzendariaren hitzetan. Entseguetan lan eskerga egin behar izan badute ere, "ilusioz" heldu diote Irribandaren erronkari eta bandako kide askok orain dela hiru urte Bonberenea Txarangarekin ere pailazoen diskoa grabatzeak lagundu duela gaineratu du bandaren zuzendariak.
Txintxarri Txikiko, Tolosako Musika Eskolako, Loatzo Musika Eskolako, Hirukideko eta Lask abesbatzetako haurrak koordinatzen izan da Idoia Iraiola tolosarra. 120 haur inguru izango dira larunbateko haurren abesbatza osatuko dutenak eta abesbatza bakoitzak bere kasa landu ditu kontzertuko kantuak. Abesbatza guzti horietako zuzendarien lana gogoan izan du Iraolak, ondoren, denok batera elkartu eta kantu nahiz koreografiak entseatu baitituzte.
Emanaldia kontzertu soil bat izan beharrean "ikuskizun dibertigarri" izango dela dio Idoia Iraolak eta umoreaz eta musikaz aparte berriro ere elkartasuna presente egongo dela gogorarazten du Arostegik. Horrelako ikuskizun batek eskatzen duen prestaketa berezia den arren, gogoz daude partaideak larunbaterako. Eguraldia lagun izango dela iragarri dute eta honenbestez, Tolosako zezen plazako ikuskizunean ez da inolaz ere inauteri giroa faltako.
Sarrerak salgai oraindik
Oraindik sarrera eskuratu ez dutenek oraindik aukera dute larunbateko ikuskizunaz gozatzeko. Sarrerak salgai daude Tolosako Kultur Etxean 8 euroren truke. Pailazoek beraien katxeta Stop Sanfilippo fundazioari emango diote, eta horrez gain, gastuak ordaindu ostean, dirurik lortuko balitz, hau ere fundazioari emango litzaioke.