Tolosa Eskubaloia, goruntz begira ligan

M. Iraola 2014ko ira. 24a, 12:46

Larunbatean Usabalen jokatuko du etxeko lehen neurketa aurten faborito papera duen Tolosak. Alex Nogues prestatzaileak aurtengorako helburuak azaldu dtu.

Iritsi da eskubaloi lehia Usabalera. Tolosak pasa den larunbatean ekin zion ligako bere ibilbideari, eta datorrenean jokatuko du zaleen aurrean lehena. Gauzak ez dira ongi hasi talde urdinarentzat, baina ongi amaitzeko esperantzaz dira.

Zumaiako Pulpo izan zuen aurkari lehenengo jardunaldian. Parekatua izan zen neurketa, baina tolosarrek ezin izan zuten etxeko taldea garaitu. 29-28ko emaitzarekin amaitu zen. «Denboraldi hasieretako ohiko partida izan zen, urduritasun askokoa. Defentsan gaizki izan ginen, gol gehiegi jaso genituen», dio Alex Nogues prestatzaileak. «Zer hobetua» dutela aitortu du, baina lasai dago oraindik.

Ilusio handiz amaitu zuen joan den urtea Tolosak. Ligan indartsu, eta pixkana gero eta jende gehiago kirol honetara gerturatzen. Tolosaldean eskubaloia gehiago errotzeko helburu horretan beste urrats bat eman zuen klubak uda baino lehen: interesa piztu zuten fitxaketak.

Asobal ligatik zetozten hiru jokalarik aurten elastiko urdina jantziko zutela aurreratu zuten, eta horrek, anbizio handiagoko helburuak finkatzea ekarri zuen. Ez soilik klubaren barnean. Kanpotik, zaleek, nahiz beste taldeetako kideek, Tolosarena proiektu «sendo» gisa definitu dute, eta «faborito» direnaren dudarik ez dute.

Jende guztia gora begira dago. Baina hori kudeatzea ez da erraza. Noguesen hitzetan, hor dute une honetan erronkarik handiena: «Kantxan demostratu behar dugu hori horrela dela». Lehen zartakoa jaso ostean, larunbatean gora begiratzen hasteko gogoz daude urdinak. Badoaz.

«Lidertza edo faborito rola dugula barneratzea kostatzen ari zaigu»

Alex Nogues. Tolosa Eskubaloiako entrenatzailea

Pasa den denboraldiaren erdian hartu zuen Tolosa Eskubaloiaren agintea Alex Noguesek, beraz, aurtengoa du bere osotasunean egingo duen lehen denboraldia. Ez du lan makala, taldeari emaitza onak lortzea eskatuko zaiolako. Faborito izaera hori asimilatzea kostatzen ari zaiela dio.

Ze ondorio ateratzen dituzu aurredenboraldian ikusitakotik?
Sei neurketa jokatu ditugu, eta horietatik bakarra galdu dugu, Euskadiko Kopakoa Arrasateren aurka. Hala ere, hurrengo final laurdenetara pasatzea lortu dugu, eta Bidasoa edo Zarautzen aurka jokatzea tokatzen zaigu. Beraz, ezin kexatu.

Nola ikusten duzu taldea?
Jokalari asko daude, talde zabala da. Fitxatutakoez gain, bigarren taldetik beste sei jokalari ari dira lehen taldearekin jokatzen. Pasa den urteko blokea mantendu arren, hilabete hauetan jokalari berriek martxa hartzea kostatzen ari zaigu.

Zeintzuk dira Tolosa Eskubaloiaren indargune nagusienak?
Aipatu bezala, talde zabala da, jokalari askokoa, eta horrek aldaketak egiteko aukera asko ematen digu. Horrez gain, kalitate askoko jokalariak daude. Asobal mailatik etorri dira batzuk, eta lehendik genituen beste batzuk ere euskal selekzioarekin aritutakoak dira. Guztia uztartuta, talde sendoa daukagu.

Zein da aurtengo helburua?
Igoera faserako sailkatzea. Gero gerokoak. Lesioek errespetatzen bagaituzte, edo fisikoki ongi bagaude, gure helburuak aldatuko dira, eta orduan bai, igoeragatik borrokatuko dugu.

Zale eta adituen artean espektatiba asko sortu dira zuen inguruan. Aurreko denboraldia ondo amaitu ostean, fitxaketa garrantzitsuak egin dituzue eta jendea gora begira jarri da. Nabaritzen duzue nolabaiteko faborito etiketa hori?
Arazo nagusia hori izaten ari da. Eta zorioneko arazoa! Asko kostatzen ari zaie jokalari batzuei, gazteenei bereziki, faborito rol hori gurea dela barneratzea. Orain arte pasioz aritu dira jokatzen, baina pasa den urtean, denboraldia amaitzean, pentsatzen genuen aurtengoa polita izan zitekeela. Asobaletik jokalariak ekarrita, ez da aukera on bat soilik. Orain irabazteko beharra daukagu, hori exijituko zaigu.

Egutegia

1. Pulpo - Tolosa                       29-28
2. Tolosa - Santoña                  Ira.28
3. Tolosa - Hondarribia              Ur.05
4. Egia - Tolosa                         Ur.12
5. Tolosa - Usurbil                    Ur.19
6. Elgoibar - Tolosa                   Ur.26
7. Tolosa - Anaitasuna              Az.02
8. Ereintza - Tolosa                   Az.09
9. Tolosa - Urdaneta                 Az.16
10. Askartza - Tolosa                Az.23
11. Tolosa - Uharte                  Az.30
12. Beti-Onak - Tolosa            Abe.07
13. Tolosa - Arrasate              Abe.14
14. Trapagaran - Tolosa          Abe.21
15. Tolosa - Eibar                    Urt.11
16. Tolosa - Pulpo                   Urt.18
17. Santoña - Tolosa                Urt.25
18. Hondarribia - Tolosa          Ots.01
19. Tolosa - Egia                     Ots.08
20. Usurbil - Tolosa                 Ots.15
21. Tolosa - Elgoibar                Ots.22
22. Anaitasuna - Tolosa           Mar.01
23. Tolosa - Ereintza               Mar.08
24. Urdaneta - Tolosa              Mar.15
25. Tolosa - Askartza               Mar.22
26. Uharte - Tolosa                  Mar.29
27. Tolosa - Beti-Onak              Api.12
28. Arrasate - Tolosa                Api.19
29. Tolosa - Trapagaran            Api.26
30. Eibar - Tolosa                     Mai.03

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!