Pasa den urtean Arantxa Munitarekin zeramika ikastaroetan izan zen Rosalia Fierro mexikar tolosartua. Gorputz atalen batekin landu behar zuten beraien abilezia eta teknika lehengo ikasturtean. Zer egin ez zekiela, bularreko minbiziarekin zerikusia edukiko zuen busto bat egitea otu zitzaion.
Azken urteetan bularreko minbiziaren arazoa gertutik bizi behar izan du Fierrok familian. Bere koinata gaixotasun horrekin gaixotu zen eta minbiziaren ondorioz jasan zuen gainbehera zuzenean bizi izan zuen. Gertakizun hau gogoratzeko zerbait egin nahi izan zuen baina ez zekien zer eta zeramikako ikastaroan egin beharrekoaren bitartez gogoraraztea erabaki zuen.
Zeramikarekin bular oso bat eta beste bular deformatu bat egin nahi zituen Rosalia Fierrok. Barruan zuena lan honetan irudikatzeko gogoa hainbestekoa zen, aste betean amaitu zuela lana. Jenderik ez zegoenean ere zeramika lantzera joaten zen Rosalia. Lana gustura amaitu zuen eta ingurukoei ere asko gustatu zitzaien. Donostiako Katxalin bularreko minbiziagatik eragindako emakumeen elkarteak hartuko du bustoa urrian, baina horren aurretik, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna baino lehenago, Tolosako GKo galerian egongo da ikusgai.