"Egun gogoangarria" Bedaioko VII. Zaldi Raid-ean

Asier Imaz 2014ko ira. 23a, 15:30

32 zaldi eta zaldunek parte hartu dute Bedaioko VII. Raid-ean Jorge Beloki ugartearra izan da garailea; bazkarian 85 lagun elkartu dira.

Artubi Kultur Elkartea:
Goizean goiz, 07:30etik aurrera, zaldi eta zaldunak iristen hasi ziren.  08:30ak bitartean ez zen etenik izan. Zaldien fitxa eta agiriak zuzen zeudela baieztatu ondoren, albaitariak eta antolatzaileek, 32 zaldiri eman zien baimena, eta hauek ordutebeteko tartean irten ziren, igandean Bedaion jokatu zen zaldi lasterketan.
Lehenengo 12 kilometroak ordubete inguruan egin dituzte parte hartzaileek. Orduan, banaka-banaka, berriro albaitariaren frogak egin behar izan zituzten. Azterketa horretan, bihotz taupadak, zaldiaren egoera eta errenik egiten duen ala ez frogatzen da.
Guztia ondo zegoela ikusi eta ordu erdiko derrigorrezko atsedenaldiaren ondoren, berriro abiatu ziren 32 zaldiak banaka-banaka beste 12 kilometrotako itzulia burutzera. Esan beharra dago, guztiek oso ondo bukatu zutela ibilbidea, eta inguruko parajeetaz gozatu ahal izan zutela. Izan ere, eguraldia paregabea zen, zaldiz itzulia egiteko benetan aproposa.
Bedaioko VII. Zaldi Raid-eko garailea Jorge Beloki ugartearra izan zen. Ez zen izan, ordea, saritu bakarra. Ekitaldi oparoa izan zen lasterketa amaieran, eta parte hartzaile bakoitzari bere argazkiarekin oroigarri bat oparitu zitzaion.
Igandeko ekimenarekin amaitzeko, 14:00ak aldera, zaldun eta lagunak, eta antolatzaileak, bapo bazkaldu ahal izan zuten Bedaion. Guztira 85 lagun elkartu ziren mahai inguruko tertulia ederrean. Guztiek goraipatu zuten lasterketa, eta egun gogoangarria pasa zutela esan, baita eskertu ere. Berriro antolatzeko eskaera ere egin zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!