Errealitate dosia. Hori izan da asteburua TAKEko lehen taldearentzat. Jakitun dira denak denboraldia gogorra izango dela, baina unea iritsi arte inoiz ezin jakin benetan zer datorren. Horregatik zioen Yon Gonzalez entrenatzaileak "hankak lurrean jartzeko eta pasa den urteko euforiak gelditzeko asteburua" izan dela. Beraz, emaitzak onak izan ez arren, badu positibotik.
Larunbatean Iraurgi izan zuen aurkari Usabalen. Zilarrezko LEB ligako taldea izanik, maila diferentzia nabaritu zen. Eta hori gutxi ez balitz, azken orduko bajak izan zituen Gonzalezek. Kaietek min hartu zuen beroketan, eta Ibai neurketa hasi bezain laster erretiratu behar izan zen lesionatuta. Horiei, Azaldegiren eta Morenoren bajak gehitu behar zitzaizkien.
Hasiera ona izan zuten tolosarrek, aurkariari aurre eginez. Hiru puntu azpitik zirela amaitu zen lehen laurdena. Baina bigarren laurdenetik aurrera hasi ziren arazoak. Bi pibotekin aurre egin behar izan zion norgehiagokari ordutik aurrera. "Kilo eta metro aldetik alde handia zegoen. 13 errebote hartu zituzten erasoan, eta bigarren aukera horiek min asko eman ziguten. Horregatik kanpoko jaurtiketak egin genituen".
Partida hirugarren laurdenaren hasieran erabaki zen, eta hortik aurrera, hurrengo egunekoari begira jarri zen Gonzalez. Minutuak banatu zituen. "Presioa kenduta, laugarren laurdenean emaitza txukuntzea lortu genuen". Azkenean 65-88 amaitu zen.
Bilbon ere larri
Arazoak ez ziren, ordea, larunbatean bakarrik izan. Igandean, Mikeldiren aurkako norgehiagokari zazpi gizonekin egin behar izan zion aurre TAKEk. Aldaketak egiteko, beraz, aukera gutxi. Morenok, min hartuta ere, jokatzeko esfortzua egin zuen, gainontzeko taldekideek arnasa hartu zezaten.
Lesioek ez bazuten zail jarri garaipena, faltek are gehiago konplikatu zuten. Neurketaren hasieran faltak erraz pilatzen hasi ziren, eta horrek jokatzeko modua baldintzatu zuen. Atsedenaldira arte iraun zuten tolosarrek bilbotarrengandik gertu. Minutu baten faltan bi azpitik ziren, baina pare bat akats egin ondoren, bederatzi puntuko aldearekin joan ziren aldageletara. Hirugarren laurdenean lortu zuten etxekoek abantaila. 78-58ko emaitzarekin amaitu zen.
Ikaskuntza bat gehiago
Bi porrotak eta Euskal Kopatik at geratzea albo batera utzita, Yon Gonzalezek ondorio positiboak ere ateratzen ditu: "Akatsak detektatu ditugu, eta horiek konpontzen hasiko gara orain. Epaileen kriterioak ere aldatu dira, eta ikasi egin behar dugu. Honek guztiak balio digu hankak lurrean mantentzeko". Orain urriaren 19an hasiko duen liga prestatzeari ekingo dio TAKEk. "Lan asko dugu aurretik" dio prestatzaile tolosarrak. Horrela etorriko dira asteburu hobeagoak.