Beotibarko gudua, historia eta kondaira artean

Fernando Rojo 2014ko ira. 19a, 10:05

Gaurko egunez, 1321eko irailaren 19an gertatu zen. Beotibarko Guduak paper garrantzitsua betetzen du Tolosako ikonografia historikoan. Baita herriaren imajinarioan ere, hor ere izan du bere funtzioa.

Han gertatutakoa zehaztasun handiz ez dakigun arren, historialari garrantzitsuek askotan aipatu izan dute bere idatzietan: Zaldivia batxilerra, Gabriel de Henao, Pablo Gorosabel, Lope Martinez de Isasti, Jeronimo de Zurita, Esteban de Garibai, Fausto Arozena edo Eugenio Urroz, besteak beste. Lehen aipamena Juan Martinez de Zaldivia historialari tolosarrarena da, Suma de las cosas Cantábricas y Guipuzcoanas liburuan. Lan hau XVI. mendean idatzi zuen arren, lehen aldiz 1944ean argitaratu zen. Bere idatzia irakurtzeko orduan ezin da ahaztu Zaldivia Batxilerra Oinaz leinuaren aldekoa zela eta, hortaz, nafarren aurkakoa, «… pristino estado de ser castellanos, como gente libre y no conquistada». Liburua bera Nafarroaren konkista (1512-1522) garaikoa da.

Artikulu honetan landuko dugun gertaera ulertzeko ezinbestekoa da bere testuingurua ezagutzea, hau guztia Gipuzkoaren konkistarekin hasi baitzen, XIII. mendean. Gaztelako Erresumak hilabete askotan Gasteiz setiatu ostean, hiriak amore eman zuen 1200 urtean eta horrela Alfonso VIII.ak Araba eta Gipuzkoa konkistatu zituen; «desto quedaron tan amostazados los navarros…», esaten du Zaldiviak. Ordu arte Nafarroaren parte izan ziren bi lurraldeok aurrerantzean gaztelarren menpe geratuko dira.

Konkistaren ondorioz, Gaztelaren nagusitasunak liskarrak ekarri zituen Gipuzkoara. Gatazka hauen artean muga-inguruko arazoak zeuden: larreen inguruko eztabaidak izaten ziren; legez kanpoko jendeak babesa aurkitzen zuen muga pasata; edo motibo ezberdinengatik iheslariak errefuxiatzen ziren mugaz bestalde. Hori dela eta, dokumentazioak «frontera de bandidos» edo «frontera de malhechores» deitzen die muga-zonalde hauei, «… de los castillos comarcanos a Guipuzcoa hacian cada dia asaltos, muertes y latrocinios en la provincia y se recogían en sus castillos». Horietako batean gipuzkoarrek Gorritiko (Nafarroa) gaztelua eraso, bertako guztiak hil eta gaztelua suntsitu zuten. Gorritikoa gotorleku garrantzitsua zen Nafarroarentzat, muga babesteko balio baitzuen. Honen ondorio izango zen gerora Beotibarren gertatua. Tolosa bera ere, aurretik existitzen zen herrian oinarrituta, Alfonso X.a Jakintsuak fundatu zuen 1256ean, hiribildu titulua eman eta foruak eskainiz, Nafarroarekiko mugak defendatzeko.

Horrez gain, aipatutako konkistak beste arazo larri bat ere ekarri zuen: bandoen arteko gerra, batik bat, Gipuzkoan. Bi leinuek osatzen zituzten bandoak, Ahaide Nagusien agindupean antolatuta zeudenak: Oinaztarrak, Oinaz etxekoak, eta Ganboatarrak, Ganboa etxekoak. Leinu nobleak biak ala biak. Oinaztarrek ez zuten harreman onik Nafarroako koroarekin, Gaztelakoarengandik gertuago baitzeuden. Bandokideak noble haien menpe zeudenez haien alde borrokatzen zuten. Honek ere lotura zuzena du Beotibarren jazo zenarekin.

Beotibar, historia

Gipuzkoarrek Gorritiko gaztelua suntsitu eta gero, Iruñetik Nafarroako Erregeorde eta Annayko bizkondea zen Ponce Morentaynekoaren agindura soldaduak etorri ziren mendeku hartzeko. Gaskoiak ere baziren, nafarren aliatuak baitziren garai hartan. Gipuzkoan barrena, muga pasa eta lehen herria eraso zuten bidean, Berastegi. Era guztietako sarraskiak egin omen zituzten bertan: sua, lapurretak... Berastegikoa entzun eta nafar soldaduak hurbiltzen ari zirela jakitean, Amasako Larrea Etxeko Gil Lopez Oinazkoak Tolosan talde bat bildu eta Beotibarrera (Belauntza) joan zen nafarrei itxarotera.

Han gertatutakoa honela kontatzen du Balthasar de Echavek bere Discursos de la Antigüedad de la lengua cántabra (1607, Mexico) lanean: «…acudimos de repente con hasta ochocientos soldados llevando por caudillo a Gil Lopez de Oñaz, señor de la Casa de Larrea, persona bien diestra y exercitada en todo trance, por cuya orden aviendo llevado y subido muchas cubas deshechas que proveyeron todas aquellas caserias de la comarca a las Montañas que están a los lados del Valle que se llama de Veotivar, por donde los enemigos avian de pasar y llenándolas de piedras a tan buen tiempo las dexaron que desbarataron toda la avangoardia…».

Hori izan zen tolosarren garaipena, gureganaino iritsi den mito eta kondaira guztien arabera, Tolosa inguruko 800 gudari 40.000 nafar eta gaskoien aurka.

Beotibar, kondaira eta folklorea

Kontuan hartu behar da Beotibarkoa Behe Erdi Aroan jazo zela. Gertaera historikoak nolabaiteko mitoa sortu zuen historialarien artean, gero herrian ahoz aho handitu zena. Ezin da ukatu liskar hura existitu zenik, testuinguruak eta idatziek baieztatzen baitute. Ostera, jazoera handietsi egin da. Nafarren tropak aipatzean liburuek 40.000 soldaduz hitz egiten dute. Gorosabel berak «hecho glorioso» deitzen dio eta «no admite duda es que fue un suceso extraordinario y muy glorioso para los tolosanos y sus auxiliares», beraz, ez du modu objektiboan deskribatzen eta esaten du 60.000 gudari zirela, Zaldiviak emandako kopurua gehiago handituz. Gauza jakina da garai hartako Nafarroako Erresumak ezin zuela zenbaki horietako tropa bat ukan, Europako erresuma txikienetakoa izanik. Gorosabelek berak onartzen du, «que en esta relacion haya alguna exageracion, particularmente en cuanto al numero de que constaba el ejercito franco-navarro». Gainera, gertaeraren toki zehatza ezagutzen ez badugu ere, inguru horietan ezin izango ziren hainbeste soldadu mugitu.

Guduaren beste ondorioetako batek folklorearekin du lotura. Urte askotan pentsatu da Tolosako Bordon-dantza eta San Juan eguneko eskopetarien alardea «gudu» honen oroitze eta ospakizun bat dela: «Celebra Tolosa (…) con la fiesta que llaman del Bordon (…) en memoria de la victoria de Beotibar (…) volvieron los vencedores en forma de triunfo, danzando enlazados con las armas, que ganaron de los enemigos» (Gabriel de Henao, 1637). Gaur egun uste hauek defendaezinak dira eta baztertuak daude erabat. Euskal Herriko dantzen jatorriak ez daude inongo gudu edo liskarretan oinarrituta. Gaur egungo ikerketek behintzat ez doaz bide horretatik. Hortaz, gure folklorean duen funtzioa Bordon-dantzaren eta alardearen aitzakia historikoa izatearena da. Horregatik esan genezake bere bizirautean lagundu diola agian, baina ez du balio bere jatorria esplikatzeko.

Azkenik, esan behar da, Beotibarko gertaeraren garrantzia ere zalantzan jartzekoa dela. Benetako gudu bat izan zen? Ala Zaldiviatik hasita historialari beraiek eman dioten garrantziak lagundu du kondaira hori sortzen? Jakinik Tolosa «frontera de malhechores» horretan kokatzen zela eta Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan mota orotako «gaizkileak» zebiltzala batetik bestera sartu-irtenean, pentsa daiteke Beotibarkoa ere horren ondorioz burutu zen borroka txiki bat izan zela, haratago ez doan liskar bat. Aipatzen diren protagonistak izan ziren, eta ezin da euren izena gutxietsi, baina benetako gudu bat izan balitz eskuartean dugun baino dokumentazio eta datu gehiago egon beharko luke. Eta gertaeraren deskribapena berak 778an Orreagan izan zena gogorarazten digu, haren kopia bat dirudi; beraz, oso posible da hura ordurako mito bat izanik eredu bezala hartu izana Beotibarkoa deskribatzeko.

Hori bai, folklorean bere apurtxoa utzi zuen. Honela kantatzen omen zen XVI. mendean:

Milla urte ygarota

hura vere videan

guipuzcoarrac sartu dira

gastelaco echean,

nafarroquin vildu dira

beotibarren pelean.

Denboran gertuago Benito Lertxundiren abestia dugu. Kantuan Oinazen bandoa defendatzen du eta beste tropak frantsesekin identifikatzen du, nafarrak ere bertan zirela ahaztua:

Beotibarko zelaiak

lehen illunak gaur alaiak

Beotibarko harkaitzetan

frantsesak gure oiñetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!