Auzoz auzo jarriko dute martxan hondakin bilketa sistema berria, urrian

Pasa den udaberrian aurkeztu zuten sistema berria.

Tolosako Udalak edukiontzien behin betiko kokalekua zehaztu du jada, herritarren iritziak bildu eta gero; sistema berrirako materiala banatzen hasiko dira urria erdi aldera.

Tolosako Udalak pasa den udaberrian plazaratu zuen hondakinen bilketarako sistema berria. Ordutik hona, herritarren iritziak bildu nahi izan dituzte errefusa eta organikoa bilduko dituzten edukiontzien kokapenaren inguruan. Horrela, behin betiko kokalekuak zehaztuta, urriaren erdian materiala banatzen hasiko dira, urria amaieran sistema berria ezartzen hasteko, auzoz auzo.

Gogora ekarri behar da, Tolosarako aukeratutako sistema zein izango den: hondakinak gaika biltzeko aukera eskainiko du, errefusa eta organikoa 150 pertsonarentzako edukontzietan jasoz. Txipa daramaten txartelak izango dituzte herritarrek, eta horien bitartez ireki ahal izango dituzte edukiontzi berriak; pixoihalak eta konpresak botatzeko edukiontzia ere txartelekin ireki beharko da. Txartel bidezko irekierarekin, Tolosako Udalak erabileraren jarraipena egitea du helburu eta, modu horretara, herritarrek, sortzen duten hondakin kopuruaren araberako ordainketa egiteko bidea hartuko dute aurrera begira.

Udalak herritarrekin osatu nahi izan du sistemaren ezartzea eta, horrela, maiatza inguruan ezkaratzez ezkaratz jakinarazi zizkieten, tolosarrei, edukiontzi berriak jartzeko aukerak. Ondoren, herritarrek kexak edo eskaerak egiteko epe bat izan dute eta, jakinarazi dutenez, 46 alegazio jaso ditu udalak; horietatik 35 onartu dituzte eta 11, berriz, ezin izan dituzte onartu: "Hiri hondakinen bilketa egokirako baldintzak ez betetzea, bilketa lanak optimo izatea ez bermatzea eta bilketarako ibilgailuekin arazoak sortzea izan dira herritarren proposamenak ez onartzeko arrazoiak".

Urrian sistema berria martxan

Ikasturte berriaren abiadarekin, hondakinak gaika biltzeko sistema berria urrian jarriko dute martxan, Tolosan. Horren aurretik, ordea, herritarrei beharrezko materiala banatuko diete, eta auzoz auzo antolatuko dituzte banaketa egunak.

Etxebizitza bakoitzari kubo aireztatu bat, hondakin organikoarekin erabiltzeko poltsak, hondakinak behar bezala sailkatzeko gida eta etxe bakoitzari dagozkion edukiontziak irekitzeko txartela banatuko dizkiote. Banaketari urria erdi aldean ekingo diote, eta herritarrei bando bidez jakinaraziko dizkiete datak.

Bide beretik, behin materiala tolosar guztiei banatuta, urria amaieran ezarriko dute sistema, eta auzoz auzoz egingo dute hori ere. Ondorioz, Tolosako herritar guztiak ez dira batera hasiko bilketa sistema berria erabiltzen.

TOLOSAKO HONDAKIN BILKETA SISTEMA BERRIA, LABUR-LABUR

150 pertsonako edukiontzi bana izango da, 240 litroko edukierarekin. Guztira, 150 bilketa-gune jarriko dituzte.

  • Materia organikoa: Astean hirutan ireki ahal izango da, norbere txartelarekin.
  • Errefusa edo birzikla ezin daitekeen materiala: Astean behin ireki ahal izango da, norbere txartelarekin.

Bestelako gaiekin, 60 bilketa-gune izango dira.

  • Pixoihal, konpresa eta ehun sanitarioak: Hala behar duten herritarrek izango dute horiek irekitzeko txartela, egunero irekitzeko aukerarekin.
  • Papera eta kartoia, eta ontzi arinak: Egungo edukiontziak mantenduko dituzte, guneak osatuz eta gehituz. Ez da txartelik beharko edukiontzi horiek zabaltzeko.

Arropa eta landare olioarentzako edukiontziak orain arteko lekuetan mantenduko dituzte eta, era berean, garbiguneak doako zerbitzua eskaintzen jarraituko du, San Blasen.

Erlazionatuak

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!