Rondilla kaleko dendarik zaharrenari, agur

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 17a, 11:53

Tolosako Bermudez janari denda hilaren 29an itxiko dute; 1895. urtean ekindako negozioa lau belaunaldiren ogibide izan da, eta baita hamaika tolosarren eguneroko saltoki ere.

Mende bete inguru egin behar da atzera, gaur egun Bermudez izenez ezaguna den komertzioaren sorrerara iristeko. Hilaren 29an, lau belaunaldiren bizitzen lekuko izandako lokalaren zerraila behin betiko itxiko dute.

Migel Anjel Bermudez 1949ko irailaren 29an jaio zen, eta irailaren 29an beteko ditu, beraz, 65 urte. Horrela, eguna biribiltzeko, irailaren 65ean itxiko du hainbeste urtez eguneroko kezka eta pozen iturri izan duen denda: «Mutikoa nintzenez geroztik ibili izan naiz hemen. Nik ez nuen ikasketekin jarraitzeko gogorik, eta udal eskolan eta Inmakulada ikastetxean aritu ondoren, Eskolapioetan ez nuen denbora gehiegirik eman. Dendan lan handia zegoela eta, laguntzen hasi nintzen. Motogurdiarekin ibiltzen nintzen, gidabaimenik ez nuen arren; 15 edo 16 urte izango nituen orduan».

Bermudez saltokia berezia da Tolosan. Eta ez bakarrik hamarkadetan barrena eskainitako zerbitzuagatik. Migel Anjel Bermudezen birraitonak ekin zion kateari, 1895 inguruan, biltegi bat martxan jarriz: «Crisostomo Saez zuen izena, eta bere emaztearekin batera ireki zuen denda. Handizkako salmenta egiten zuen biltegia zen eta fruituak, barazkiak, patatak eta gaztainak izaten zituzten, Zaragozako eta Madrilgo merkatuetara eramateko. Gainera, hemen inguruko denda txikiei ere kaxak eramaten zizkieten».

Biltegi handi hartako kaxa eta trasteen artean hazitakoa da Migel Anjel Bermudez: «Betidanik egon izan naiz hemen sartuta, Alde Zaharreko lagunok ere hemen jolasean aritzen baikinen, txabolak eginez-eta. Hau guztia kaxaz beteriko mundu bat zen guretzat», dio nostalgia duen irribarreaz.

Umetatik ikusitakoa, beraz, ikasi eta 40 urtez aurrera eraman du Bermudez merkatariak. Birraitonaren erreleboa Anibal Yañez osabak hartu zuen biltegian, eta harekin batera hasi zen Bermudezen aita bera ere. Gero, aitak eta Espinosak sozietate bat sortu zuten dendaren ardura eramateko, fruitu dendan bera hasi zen arte.

Bermudez saltokiak ederki asmatu du betiko komertzioaren nortasuna mantentzen, eta ez bakarrik produktu nahiz tratuari dagokionean; baita lokalaren beraren itxuran ere. Ez da Bermudezen estetika duen denda asko geratuko inguruan.

Saez aitzindariak biltegia ireki zuenean, gaur egungo lokalarekin batera, egungo alpargata denda eta Leitza kalea eta Rondilla kalea batzen dituen lokala ere arduradunen aterpe ziren. Gerora, ordea, Radio Tolosa eta alpargata denda ireki zituzten aldamenean.

 
Urak bere bidea hartzen duenean
Tolosarrentzat ezaguna da Rondilla kaleak eurite askotan hartu izan duen itxura. Urak bere bideari heltzen omen dio beti, eta Bermudez dendako arduradunek badakite zerbait.

«Hainbat uholde jasandako lokala da hau. 1953. urtekoa izugarria izan zen, eta sabaiko haberaino iristen zen ura. Guztia hondatu zuen, noski, baita ateak ere. Era berean, 1983ko uholdeak ere handiak izan ziren, eta urak 1,70 metroko altuera harrapatu zuen».

Kalteak konpontzerakoan, Migel Anjel Bermudezek aipaturiko itxura tradizionalari eusteko ahaleginak egin izan ditu beti, eta fruitu eta janari dendari xarma berezia ematea lortu du horrela: «Antzinako estetikari eutsi nahi izan diot eta, ateak nahiz pertsianak aldatzerakoan, egurrezkoak jarri izan ditut».

Halakoxeak baitziren aspaldiko denda txikiak; Bermudezen ustez, etorkizun grisa duten komertzioak: «Saltoki erraldoiak sortzen hasi zirenean denda txikiak desagertzen hasi ziren, hainbat arrazoirengatik. Batetik, erretiroa hartzeko adina zuten dendari asko zeuden eta, bestetik, euroa iritsi izanak ere erretiroa azkartu zien hainbat merkatariri, aldaketa handiegia gainera zetorkielako».

Egoera haren aurrean zerbait egiteko beharra zuela pentsatu zuen Bermudezek eta, fruituez gain, eskaintza zabaltzea erabaki zuen. Bere dendak biziraun badu ere, argi dauka komertzio txikiak ezin duela biziraun jendeari supermerkatuan erostea ahaztu zaion hori salduz: «Oso gai zaila da eta, egia esan behar badut, azken 20 urteotan une txarrak bizi izan ditut hemen, bai».

Familia txiki bat bezeroekin
Gizarteko kontsumo ohituren aldaketa gertutik ezagutu dute Migel Anjel Bermudezek eta emazteak: «Jende askok esaten dit guk bezeroak mantendu ditugula, baina gaur egun ez dago bezeriarik; gaur egun zenbait bezero fidel daude. Gainerakoan, bezeroak aldatu egiten dira, aldaketa gustuko dugulako; gaur hemen eta bihar han ibiltzea dugu gustuko, nahiz eta dendariak arreta ona eman».

Hori baieztatzen badu ere, Bermudezek argi du zein den dendari finaren sekretua: bezeroarekiko arreta. «Nortasuna oinarrizkoa da» bere ustez, eta «dendan beti irribarre bat eskaini behar izaten zaie bezeroei». Une txarretan erantzun okerren bat edo beste eman duela onartu duen arren, pertsona alaitzat du bere burua, izatez, eta oso pozik dago bezeroekin egindako harremanarekin: «Oso polita da urteotan guztiotan dendaren bidetik ezagututako jendea kalean topatzea, poza ematen du».

Eguneroko bezero eta herrikideekin batera, Bermudezeko atea igaro izan dute bezero ezagunek ere: «Gogoan dut Carmen Machi aktorea etorri zenekoa, Aida telesaileko protagonista. Ni ez nintzen isilik geratu, noski, eta galdetu egin nion, ea bera zen. Hernanin ari ziren zerbait grabatzen».

Badirudi, ordea, belaunaldi gazteek salmahaiko harremana baino nahiago dutela autozerbitzua: «Saltoki erraldoietan norberak berea hartzen du eta, horrez gain, haurrentzako parkea, jatetxeak, bestelako dendak nahiz zinemak daude leku beretik mugitu gabe. Eta, garrantzitsuena, aparkaleku handiak daude. Aldiz, gure dendara edo hemen ingurukoetara etortzeko TAO ordaindu beharra dago».

Mendia eta inauteriak, pasio
Negozio baten ardurak dakarren lankarga arintzeko, Migel Anjel Bermudezek bi pasio izan ditu beti: mendia eta inauteriak.

Dendari moduan ezaguna izanik ere, Bermudez betiko inauterizale tolosarretako bat da, eta baita mendizale fina ere. Bizi oso bat komertzioari lotuta igaro duenez, gainera, mendia, inauteriak eta denda uztartzen asmatu du.

«Oso inauterizalea izan naiz, eta orain ere hala naiz, Piñata igandea soilik ospatzen dudan arren». Festak iragartzeko kartelak argitaratzen hasi zirenez geroztik, banan-banan fruitu dendako horman itsasten hasi zen, eta lokal osoa bete zuen inauteri kolorez: «Behin, ordea, denda margotu egin behar zela eta, kartelak erretiratu nituen; ez ziren gehiago sartzen, gainera! Orduan, mendiko argazkiak jartzea erabaki nuen, eta halaxe dago oraindik».

Mendia lantokira eramateko saiakerarekin batera, Migel Anjel Bermudez eta Mari Carmen Etxedona emaztea aitzindari izan ziren XIV Orduak mendi ibilaldian ere: «1972 aldera-edo, emaztea eta seme-alabak furgoneta txiki batekin San Migelera joaten hasi ziren, mendi martxako parte hartzaileei tomateak eta laranjak eskaintzeko. Gutxi-gorabehera 1980ko hamarkadara arte jarraitu zuten, eta orduko anoa gune bakarra izaten zen hura. Gerora, ibilaldiko parte hartzea izugarri hazi zenez, musutruk janaria ematea ezinezko suertatu zitzaigun».

Borondate onez sortutako ohitura hari tiraz, gaur egun, oraindik, Bermudezek hornitzen ditu, fruitu eta jakiz, XIV Orduak ibilaldiko anoa guneak.

Lau belaunaldiren lana lekukoz lekuko pasatzea lan gogorra izan da, eta aurrerantzean ere, komertzio txikien etorkizuna bihurgunez betea ikusten du Bermudezek. Kontsumo ohituren gainetik, ez du zalantzarik: «Guztiok batera lan eta borroka egingo bagenu, zerbait lor genezake. Askotan, ordea, bakoitzak bereari begiratzen diogu eta gure artean ez dago babesik».

40 urteko dendari-bizitzari agur esango dio Migel Anjel Bermudezek, San Migel egunean. Txantxa artean, lana pixkana utzi beharko duela dio, bat-batean gehiegitxo izango delakoan. Pozik dago, ordea, hainbeste hamarkadaz izan ez duen askatasuna eskuratuko baitu: «Igandea iritsi zain egon beharrean, astean zehar joango naiz mendira, eta Mari Carmenekin ere kanpora joateko aukera izango dut orain, ez baikara inora atera izan. Bilobak ere baditut, eta haiekin denbora gehiago pasatzeko aukera izango dut aurrerantzean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!