Ez etsitzeak dakarrena

Ataria 2014ko ira. 15a, 20:23

Tolosak 1-1 berdindu du ligako lehen neurketan Hernaniren aurka, 94. minutuan Gorkak sartutako gol bati esker.

Ez etsitzeak, azkeneraino borrokatzea esan nahi du. Eta hori baliatuta, berdinketa baliotsu batekin ekin dio denboraldiari Tolosak. Aurkari zaila zuen lehen jardunaldi horretan, Hernani, igoera lortzeko hautagai nagusienetako bat, tolosarrekin batera. Entrenatzaile tolosarraren hitzetan, "talde oso fisikoa, eta baloirik gabe komodo dagoena da".

Bi taldeek maila ona dutela erakutsi zuten, hortik norgehiagoka borrokatua eta parekatua izatea. Lehen zatian tolosarrek erakutsi zuten sendotasun gehiago. Lehen hamar mintuetan, dagoeneko, bi aukera oso garbi izan zituzten urdinek, baina ate aurrean barkatu egin zuten. Baina batez ere defentsan oinarritu zuten jokoa bi taldeek, eta ez zen golik izan.

Bigarren zatian, berriz, aukera mordoa izan ziren, Hernani eta Tolosa, biak, hiru puntuen bila atera baitziren. Zelaian sartu berria zen Jonanek 1-0ekoa jarri zuen 68. minutuan. 20 minutu eskas zituen Iker Dorronsororen taldeak berdinketa lortzeko, eta arrisku askoko aukerak sortu ondoren, saria amaieran iritsi zen, partidako azken jokaldian, 93. minutuan. Gorka Blancok sartu zuen gola.

Iker Dorronsorok Ataria Irratian hitz egin du gaur, eta emaitza "justua" izan zela azpimarratu du: "Ez gara garaipen zaporearekin geratu. Egia da galtzeko zorian ere izan ginela, eta partida nola joan zen ikusita puntua ona dela. Justuena hori izan zen". Taldeak egindako partidarekin ere pozik da Dorronsoro: "Ondo jokatu zuen taldeak, eta nahi genuen jokoa egin genuen. Hernani atzean sartu, eta komodo egon ginen. Orduan sartu ziguten gola".

Aurkariei oraindik begiratu ere egin ez diela aitortu du entrenatzaileak: "Oraindik oso goiz da. Egia da hautagai nagusi gehienak etxean irabazten hasi direla. Orain guru dagokigu lan hori: etxean irabaztea".

Entzun Iker Dorronsorok esandako guztia:

FITXA:

Hernani: Ibon, Zubeldia, Mingo, U. Elizalde, Lujanbio, Goia, Bittor, Mujika (Bello, 77.min), Lier (Aduriz, 80.min), Urio (Erice, 89.min), eta A. Elizalde (Jonan, 66.min).
Tolosa: Kepa, Balerdi, Unai, Jon (Fuentes, 86.min), Beñat, Julen, Ruben, Maro, Gorka, Aritz (Loidi, 76.min) eta Iñigo (Endika, 66.min).
Golak: 1-0, Jonan (68.min); 1-1, Gorka (93.min).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!