Norbere bizimodua eraikitzen hasteko 25 aukera berri, zozkatuta

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 12a, 18:04

Tolosako Euskal Herria plazako 25 zuzkidura bizitokien zozketa izan da eguerdian, udaletxeko pleno aretoan; poza aurpegi grisagoekin uztartu da, gurasoen etxetik alde egiteko aukera izango duten eta ez duten gazteen artean.

Aspaldi ireki zuten izen-ematea, eta azken hilabeteotan beharginak lanean aritu dira. Azkenik, gaur bertan izan da Euskal Herria plazako 25 bizitokien zozketa; izen-emate zerrendako hautagai guztiek "aukera oso ona! dela nabarmendu dute.

Zerrendak zabaldu zituztenean 82 izen-emate jaso bazituzten ere, udalaren irizpideek jarritako galbahea 71 gazte tolosarrek pasatu zuten. 25 apartamentuetatik 4 erreserba egoera daude, behar bereziei eta adin txikikoak beren menpe dituen bikote bati begira. Kupo horretan parte hartzeko herritarrik ez da, ordea, zerrendan sartu. Horrela, 25 apartamenduak kupo orokorreko herriatrren artean zozkatu dituzte.

Guztiek dute logela bana, batek izan ezik. Azalerari dagokionez, berriz, 37 eta 26 metro karratu artean daude bizitokiak, gutxi-gorabehera. Ibai Iriartek nabarmendu bezala, "ez dira etxebizitzak, zerbitzu bat da", eta hortik dator hiru urtez behin erabiltzaileak aldatzearen ideia. Finean, Euskal Herria plazako apartamenduek gazteei aukera berri bat eskaini nahi die independente egin eta beren gisara bizitzen haste horretan, egungo lan egoera eta etxebizitzen prezioak ikusita.

Horrela, beraz, zozketaren ondorengo argibide nahiz kontratuak behar bezala arautu ondoren, datorren azaroaren 1ean norbere apartamenduan bizitzen jartzen moduan izango da.

Bestalde, zozketan hain zorte ona izan ez duten gazteei Tolosako Udalaren beste egitasmo batean parte hartzeko proposamena egingo diete laster; etxebizitza hutsak bete eta gazteei beste irtenbide bat emateari begira sortuta duela zenbait hilabete aurkezturiko proiektua, hain zuzen.

Euskal Herria plazako bizitokien inguruko informazio gehiagorako, egin klik hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!