"Gizarteari: zer egin dizu Bidaurreta baserriak zuri?"

Asier Imaz 2014ko ira. 11a, 10:42
Lehen eta orain, baserria hornitzen zuen iturriaren egoera

Josu Eguren Zabala Aldaba Txikin bizi da familiarekin, Bidaurreta baserrian. Azken urteetan bizitzen ari diren egoera kontuan hartuta, Egurenek Bidaurreta baserri zaharrak denon ongi izateari zer egin dion galdetzen du. 

«Lotsatuta eta minduta sentitzen gara, ‘guztion ongizaterako’ den tren azkarraren obrak gure gizatasunari errespetua faltatu baitio, baserrira zetorren ur iturria moztu, eta tratu txarra emanez». Baserria Tolosarako hegoaldeko sarreran dago, eta 1755. urtetik ditu erregistroak Aranburu Udal Jauregian.

Baserriak bazuen ura AHTren lanak hasi aurretik. «Bere garaian udaletxean argi azaldu zen bezala, 50 urterako deklaratutako kontzesio administratibo bat dugu, Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoa delakoan erregistratuta. 3 urte dira ura kamioi zisterna bidez hornitzen digutela, eta zerbitzu negargarria jasotzen dugu, ura agortzen zaigunean kamioilariak etorri arte itxaron behar izaten dugulako, eta inoiz ez dakigu zenbat denboraz egongo garen urik gabe», dio Josu Egurenek. Ura etxeko iturritik edateari ere utzi diotela dio aldabarrak, «lehen inoiz behar izan ez genuen botilako ura erosi beharrean aurkitu garelarik».

Baserriaren aldeko hitz politen balioaz ere mintzo da Bidaurretako Josu Eguren: «Harritzen nauena da, mundu guztiak dioela baserrien alde dagoela, euskal izatearen ikur eta jatorri izanik babestu egin behar direla, baina edozein arrazoi nahikoa da hauei muzin egin eta lurrak suntsitu zein kentzeko, baserria eta ingurugiroa bera kaltetuz». Bidaurretako baserriko lurrak murriztuz joan dira azken urteetan. Bertakoek ongi ezagutzen dute desjabetzea hitzaren esanahia. «Aspaldi hasi ziren gurean desjabetzeak, eta ez dira gutxi izan: N1 errepidea egiteko, REEren zutabeak jartzeko, Ibiurko kolektorea jartzeko, AHTren Tolosako tramuko hasierako proiektua, AHT-ren Tolosako tramuko proiektu eraldatua… Martxa honetan berehala dugu lurrik gabe horrenbeste 'zaintzen' diguten baserria», ondorioztatu du Egurenek.


Obra «eredugarriak»
Bidaurretakoak argi du suntzituz ezin daitekeela eraiki, eta hare gutxiago, hobe beharrez ari direla esanaz. Hori guztia, gainera, «pertsonekin zuzenean hitz egin gabe, zenbait idatzi eta deklarazioren bitartez» egin dutela salatu du Egurenek; «idatziak jaso genituen Lurranekeko bulegotik, Eusko Jaurlaritzatik, proiektu honen onurak deskribatuz, baina inor ez zen etorri gurera, pairatzen ari garena ikustera».

Hitz hutsalak, urik gabeko boladak, lurren desjabetzea,… errespetu falta. Ondorio hori atera du Josu Egurenek: «Hasieran agindu ziguten oso gustura geratuko ginela obra bukatu ondoren. Gaur esan dezakegu inoiz ez dugula ezagutu baserria urik gabe eta lurrik gabe. 1755. urtean ez zen horren gizarte aurreraturik, ezta baserriekiko horrenbesteko mimorik ere, baina hauei beste errespetu bat izan zaie beti, gaur egun egiten ez den bezala».

Abiadura handiko trenaren lanek «eredugarri» izan behar zutela ziotenek, Bidaurreta baserriari «poz» hori ekarri diote; «materiala nonahi botata, deposituen kudeaketa negargarria, bateriak puskatuta, edukiontziak jaso gabe…».

Gizakia espezie bezala lotsagarria da bere jardunean. Jose Mujika Uruguaiko presidentearen hitz hauek esan ondoren, Bidaurretako Josu Egurenek gizarteari ondorengo galdera luzatzen dio: «Aurrez deskribatutakoa gizartearen mesedetan egina da, beraz, zer egin dizu Bidaurreta baserriak zuri?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!