24 tailer, tolosarren aisia ezagutzaz betetzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 10a, 13:22

Gazteria, Kultura eta Berdintasun sailetako ikastaroak urrian abiaraziko ditu Tolosako Udalak; izen-emateak datozen egunotan zabalduko dituzte.

Tolosako Udalak kultur etxeko tailer eta ikastaroak aurkeztu ditu, ikasturtea abiarazteko. Berdintasun sailak, Gazteria sailak eta Kultura sailak parte hartzen dute tailer horietan eta, horrenbestez, Miren Urkola, Mikel Arreseigor eta Igor Ezenarro zinegotziek eman dute eskaintzaren berri.

Guztira 24 tailer edo ikastarotan parte hartzeko aukera izango dute tolosarrek eta batzuk errepikatu egingo dituzte, gainera, aurreko ikasturteetako arrakasta dela eta: "Pasa den ikasturte amaieran, tailerretako ikasleei galdetegi moduko bat pasatu genien, beren iritzia eman zezaten. Horrela, bildutako galdetegiak oinarri hartu ditugu zenbait ikastaro antolatzerakoan", dio Arreseigorrek. Horrekin batera, itxaron-zerrenda sortu zuten tailerra aurten berriro eskaniko dituzte, "urtetan egonkortuta daudenekin batera". Nabarmentzekoa da, ikastaro guztiak urrian hasiko dituztela.

Emakumeak beren errealitatearen jabe izan daitezen

Berdintasun saileko Jabetze eskolari dagokionez, bi egitasmo berri nabarmendu ditu Miren Urkolak. Batetik, biolentzia sexisten inguruko tailerra eskainiko dute eta, horrekin batera, Donde no hay mata no hay patata antzezlana eta Greyren 50 itzalak eta beste fenomeno estraliterario batzuk hitzaldia ere ikasturte berriko nobedadeak izango dira. Gainerakoan, honako tailer eta ikastaroez gozatu ahal izango da Tolosako Jabetze eskolan: Zoru pelbikoa lantzeko tailerra; Beldur barik jarrera; Beldur Barik bideo edizioa; Nik ere baditut ikasketa, nola homologatu?; Autodefentsa feminista; Batukada femnista eta Tolosako III. Berdintasun plana osatzeko tailerra.

Aipatzekoa da, Jabetze eskolako ikastaro guztiak doakoak izango direla eta jarduera bakoitza hasi baino bi egun lehenagora arte izango dela izena emateko aukera, 943 67 03 83 telefonoan edo berdintasuna@tolosakoudala.net helbidean.

Bizitzarako tresnak

Gazteria sailari dagokionez, pasa den ikasturtean eskainitako bi ikastaro errepikatuko dituzte, lau berrirekin batera. Josketagintza, elkarteen arteko lan dinamika, elikadura, komikiak, zuzeneko soinua eta astronomia izango dituzte lanerako gai eta, Mikel Arreseigorrek "estereotipoak alde batera uzteko" deia egin die gazteei.

Parte hartu ahal izanteko izen-emate epea hilaren 15etik urriaren 2ra bitartekoa izango da, gazteria@tolosakoudala.net-en. 18 eta 35 urte arteko herritarrek parte hartu ahal izango dute. Tailer bakoitza 16 ordukoa izango da, eta 20 euro ordaindu beharko da.

Urteroko eskaintzak harrera bikaina

Kultur arloko tailerrak dira egonkorrenak, eta urteak daramatzate eskaintza bera mantenduz. Eta, ez da gutxiagorako, kultur etxeko ikastaroen artean herritar gehien erakartzen dituztenak baitira kulturaren esparrukoan; iaz 300 pertsona inguru aritu ziren.

Antzerkia, argazkigintza, baleta, dantza garaikidea, patchworka, pintura eta marrazketa, eskulanak eta zeramika txertatu dituzte eskaintzan, eta ikastaro bakoitzak bere prezioa du. Izen-ematea irailaren 15etik 19ra bitarte zabalduko dute iaz ikasle izandakoentzako eta, ikasle berriek, berriz, irailaren 22tik 26ra bitarte egin beharko dute inskripzioa.

ikastaroen inguruko ordutegi eta informazio zehazta eskuratzeko, www.tolosa.eus ataria bisitatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!