Kultura poltsiko guztien neurrira egokituko dute, ikusleak sarituz

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 10a, 10:24

Argazkia: Chroma Branding

Tolosako Udalak Kulturzale bono berria martxan jarriko du udazkeneko kultur egitarauari ekiteko.

Ikasturte hasiera eskaintza tentagarri batekin datorkie Tolosako kultur kontsumitzaileei, eta ez Leidor eta Topic aretoetako oholtzek eskainiko dutenagatik bakarrik: Tolosako Udalak Kulturzale txartela aurkeztu du, udazkeneko kultur egitarauari ekiteko. Ikuskizunez gozatzeko prezio erakargarriagoak eskaintzearekin batera, betiko ikus-entzuleak ere saritu nahi dituzte orain.


Udazkeneko kultur egitaraua datorren irailaren 19an bertan hasiko da Tolosan, Potologuak bakarrizketa ikuskizunarekin. Horrela, irailetik abendura bitarte, astero-astero izango da, Tolosa, kultur adierazpenen plaza bizi, Igor Ezenarro Kultura zinegotziak azaldu duen moduan: «Udalaren ildo eta ardatz nagusienetako bat da kultura sustatzearena eta, horri begira, bi estrategia abian dira iaztik hona».

Batetik, Tolosako kultur sormenari bultzada emateko asmoz, udal aurrekontuaren partida berezi bat gorde zuen udalak; horrela antolatu zuten, adibidez, herriko musikarien Musikherria jaialdia.

Lan-ildo horren bigarren zatia, berriz, plazaratu berri dutena da eta, besteak beste, herriko kultur eskaintzaren kontsumitzaileak saritu nahi dituzte, jarraitzaile gehiago Leidor eta Topic zentroko saioetara atxikitzearekin batera: «Azken urteotan kulturaren kontsumoa luxu izatera pasa da ia-ia eta, jakina, kultur sortzaileek kontsumitzaileen beharra dute bizirauteko». Kulturzale txartelak, beraz, bi aldeei erraztasunak eskainiko dizkie.

Aipatu bezala, datorren abendura bitarteko emanaldiez gozatzeko balioko du lehen Kulturzale txartelak eta, guztira, hamaika izango dira: Potologuak, En la frontera, Soledad Ruz, Joseba Tapia, Geltokia, Pankreas, NAN, Oroitza-penak, Oreka TX eta Kalakan, Maitasunaren ostean eta Luar Na Lubre.

Leku onenak, kulturzaleei gordeak

Udazken tolosarraren kultur emariaz inoiz ez bezala gozatu nahi dutenek eskuragarri dute, jada, lehen Kulturzale txartela. Tolosako Antonio Maria Labaien kultur etxean eskatu beharko da, 40 euroan.

Prezio horren truke, kulturzaleek Tolosako Udalak programatutako zazpi ikuskizunetarako sarrerak lotzeko aukera lukete eta, gainera, beste lau ikuskizun erdi prezioan gozatzeko aukera lukete. Finean, herritar bati berez 75 euro kostatuko litzaiokeen egitaraua 40 eurotan gozatzeko aukera eskainiko dute Kulturzale txartelaren bidez.

Txartela eskuratzen dutenek Leidorreko leihatilan hartu beharko dituzte ikuskizun bakoitzerako sarrerak, Zine bonoarekin bezala. Kasu honetan, ordea, nabarmentzekoa da txartelak eskainiko duen beste abantailetako bat: kulturzaleentzat aretoko eserlekurik onenak gordeko ditu udalak, emanaldia baino bi egun lehenago sarrerak hartu badituzte, behinik behin. Azkenik, egitasmoa zabaltzeko, udalak hainbat txartel zozkatuko ditu TOLOSALDEKO ATARIAn, 28 Kanalean, Tolosa & Co-n, www.tolosa.eus atarian nahiz udalaren sare sozialetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!