Laugarren hizkuntz eskakizuna eskainiko du Aitzol Udal Euskaltegiak

Mikel Iraola 2014ko ira. 9a, 11:53

Ikasturte berrirako berrikuntza asko aurkeztu ditu euskaltegiak. Euskarazko titulazio maila gorenaz gain, merkatari eta etorkinei begirako eskaintza izango du.

"Udal gobernu honen helburua da Tolosa euskaraz bizi den herria izatea, eta horretarako euskaltegia faktore oso garrantzitsua da". Iñaki Irazabalbeitiaren hitzak dira horiek. Bada, euskaraz busti nahi du Tolosa Aitzol Udal Euskaltegiak, eta "Euskaraz blai" lelopean, eskaintza eta maila aldetik berrikuntza asko dakartzan ikasturtea aurkeztu berri du. 

Lehen aldiz laugarren mailako titulazioa eskainiko du euskaltegiak, Europako titulazio markoari begira, C2aren parekoa. "EGAren hurrengoa da, maila gorena. Hortik aurrera ez dago titulaziorik", azaldu du Amando Hernandez, Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariak.

Irazabalbeitiaren esanetan, titulazio mota hori eskaintzea, "kalitatearekin lotuta" dago: "Ezin du edozein euskaltegik eman ahal. Irakasle kualifikatuak behar dira, eta Aitzolek baditu. Horrek, kalitatea adierazten du", esan du Euskara zinegotziak.

Ezaugarri jakineko kolektiboekin ere saiakera berezi bat egin du ikasturte honetara begira. Galtzaundi eta Jatorkinen taldearekin elkarlanean, batetik, etorkinek euskaraz ikasteko eskaintza berezia izango da; eta bestetik, dendari eta jendaurrean aritzen diren langileei begirako eskaintza ere izango da.

Arlo didaktikoan, berriz, kanpo ekintzei indarra eman nahi izan diete. "Hitzaldiak, proiekzioak eta horrelako ekintzak antolatzen genituen, baina oraingoan ikasleen parte hartzea bultzatu nahi dugu: ikastaro edo txangoak esaterako, ikasgelan ikasitakoa, praktikan jarri ahal izateko".

Orain arte, 150 ikasle
Ostiralera bitarte izango da zabalik matrikulazio epea. Orain arte, 150 ikaslek egin dute eskaera, baina "azken egunotan gehiago" izateko esperantza azaldu du Hernandezek. Ordutik aurrera ere onartuko dira, baina euskaltegiak itxita duen eskaintzara moldatu beharko dute horiek.

Bestalde, Irazabalbeitiak adierazi du "diruak ez duela aitzakia izan behar". Bide horretan, Tolosako udalak diru-laguntza sistema bat abiarazi zuela gogoratu, bakarra Euskal Herrian. "Ikasleak ez du hasieran dirutza bat jarri behar, ondoren itzultzeko. Hasieran ematen zaio dirua, eta benetan oraintzen duena jarriko du". Gainontzekoentzat tasak ez dira igo, eta langabezian daudenek matrikula doakoa izango dute.

Inazio Agirre gogoan
Amando Hernandezek, Inazio Agirre gogoratu nahi izan du. Aitzolen sortzaileetako bat zen tolosarra, eta euskaltegia beraren izena berari zor zaio. "Beste batek proposatu zuen, baina entzun orduko bere egin eta astebetean dena lotua zuen. Aitzol eta Inazio garrantzitsuak izan dira, bakoitza bere garaian".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!