Euskal Herria plazako apartamentuak, ia prest

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 8a, 15:19

Ostiralean egingo dute 25 bizitokien zozketa; 71 hautagai daude zerrendan.

Uda aurretik aurkeztu zituen, Tolosako Udalak, Euskal Herria plazako 25 zuzkidura bizitokiak erabili ahal izateko oinarriak. Eraikina egokitu eta lanak bukatzear direla, ostiralean bertan izango da apartamentuen zozketa, 13:30ean, udaletxeko pleno aretoan.

Gazteei begirako egitasmoa izaki, 18 eta 35 urte bitarteko herritarrek eman ahal izan dute izena; egiazki, eta lan-egoeraren ondorioz, 23 urte ingurutik gorako gazteak daude zerrendan, Aitziber Lazkano hirigintza teknikariak azaldu duenez. Horrela, zozketa ondoren kontratuak osatu eta beharrezko dokumentuak egin ondoren, azaroaren 1ean erabiltzaileak bertan bizitzen jartzea da udalaren asmoa.

Horrela, Ibai Iriarte alkateak bizitoki hauen errotazio izaera nabarmendu nahi izan du: "Ez dira etxebizitza, zerbitzu bat da, eta norberak izandako aukera beste batzuei ere eskaini behar zaiela garbi izan behar dute apartamentu hauetara sartzen direnek".

Aipatzekoa da mugikortasun urria duten herritarrentzat nahiz adingabeak haien kargura dituztenentzat lau bizitoki erreserbatuta zeudela, baina halako baldintzarik betetzen duen inork ez duela izena eman. Horrenbestez, 25 etxebizitzak kupo orokorreko gazteen artean zozketatuko dituzte. Legearen arabera, ordea, lau bizitoki horietako kontratua baldintzatuta egongo da: erreserbarako eskubidea izan dezakeen pertsona batek etxebizitza beharko balu, aurretik dagoen erabiltzaileari kontratua bertan behera geratuko litzaioke.

Etxebizitza guztiek bainugela, sukalde-egongela eta logela bana dute, batek izan ezik; bi logelakoa da hori. Materialei dagokienez, material gogor eta iraunkorrak erabiltzea lehenetsi dute, hiru urtez behin aldatzen joango diren kontratuak izango direlako. Horrela, sukaldeko gainaldeetarako silestonea erabili dute, adibidez, eta lurzorua erretxinaz egindakoa da. Bizitoki bakoitzean altzari bakarra jarri dute, armairua; gainerakoa erabiltzaileek eraman beharko dute.

Garbiketarako gunea zein bizikletak gordetzeko gela bizilagun guztien artean partekatzekoak izango dira. Halaber, bizitoki txikienentzat 12 trasteleku izango dira.

Azkenik, eraikina iraunkorra dela ere azpimarratu dute, energiaren kontsumoari dagokionez; A ziurtagiria eskuratu du. Leiho sendoak jarri dizkiete bizitokiei, beroa eta soinua isolatzeko; zoru bero-emaile bidezko berogailu sistema ezarri dute, gainera.

Alokairu kontratuei dagokienez, erbailtzaile bakoitzaren diru-sarreren arabera zehaztuko dituzte prezioak eta 150-300 euro artean ordaindu beharko dute hilero.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!