Garbiñe Ubeda, Isilarazitakoen hitzaren bila

Felix Aiestaran 2014ko ira. 7a, 18:43

Garbiñe Ubeda Goikoetxea tolosarrak Argia astekarian, kazetari gisa, entziklopedia egile, diseinugintzan eta hainbat alorretan ibilbide luzea egin du, baina  duela urtebete inguru Agustin Zubikarai bekaz baliatuz Hobe isilik nobelaz ezusteko atsegina eman digu, gerra ondorengo bere aitonaren ibilbidea hitz literarioez josiaz. Bere sendian, indarkeriaren zama frankismoaren garaian ere jasan behar izan zuten bere osaba Xebas Goikoetxearen heriotzaz.

Ubeda-Goikoetxeatarren gurasoak harro egon daitezke bere sei anai-arreben (hobe seme-alaben) musika, kazetaritza, argazkigintza eta beste hainbat kultur alorretako ibilbideaz. Garbiñek beti bezain apal, ozen, jator eta garden hitz egiten du. Bere bi alaba Uxue eta Iratirekin inguratu zen Hendaiatik gure hitzordurako.

Kazetaritzan ibilbide luzea egin duzu; zein balantze egingo zenuke?
Kazetaritzan baino komunikabideetan aritu izan naiz, batez ere Argia-n sartu nintzenetik. Hasieran diseinatzaile modura azala eta kartelak egiten aritu nintzen. Egunkaria sortu zenean ere diseinu lanean aritu nintzen. Argia-n gelditu nintzenean kazetaritzan lekutxoa izan nuen. Baina orain, kazetaritzaren iraultza datorrela ematen duenean, nekatuta nagoela esango nuke.         

Zein da Argia bezalako nazio mailako euskarazko aldizkariaren ekarpena?
Euskara kazetaritzara egokitzea egokitu zitzaion nazio mailako euskarazko aldizkari bakarra zenean. Egunkaria sortu zenean toki bila aritu zen, edozein aldizkarik bere burua aldiro-aldiro berrasmatu egin behar du. Azken urteotan Argia-ren ekarpena gaiei sakonetik heltzea zen. Baina horrek beste buelta du, egunkariak ere bere toki bila ari direlako. Komunikabideek etengabe egokitzen aritu behar dute.

Prentsaren independentzia aldarrikatzen du Argia-k, gaur eguneko hedabideetan ildo hori ez dela nagusia dirudien arren zuzena al da horretara jotzea?
«Independentzia astero ikusten da» dio Argia-ren leloak. Esaldi horri ez nioke halako garrantzirik emango. Inolako alderdi edo ekimeni ez dagoela lotuta esan nahi du, baina, ez du esan nahi guztiz objektiboa edo aseptikoa denik. Hitz jokoa da; ez gara hain libreak, gero bakoitzak dauka bere bahea.

Zer ekarpen egin dute eskualdekako aldizkariek?
Bailarak astindu egin izan dituzte. Herrietako albisteak emateko aukera El Diario Vasco moduko erdarazko egunkariek zuten, herrietako euskal komunikabideak sortu ziren arte. Eskualdekako aldizkariek ekarpen handia egin dute, herrietako albisteak euskaraz ematean.

Zein izan behar du bere etorkizuneko ildoa?
Besteek egin duten modura, sare sozialetan zirrikitua bilatu eta bertan eragin. Gazteek hortik jotzen dute eta komunikabideek ere hortik jo beharko dute. Sare sozialek ez dute dirurik ematen, beste diru iturriak bilatu eta sare sozialetako lana ere egin behar da.

Entziklopedia lan edo euskal kulturaren Gure mendea moduko kultur bilduma egina duzu. Euskal kultura behar bezala transmititzen dela uste al duzu?
Gure mendea egin genuenean gure ikuspegiaz Iñigo Aranbarrik idatzitako 20. mendeko euskal kultura azaltzen da. Ez da osoa izango, noski, gauza asko izango da bertan sartu eta osatzeko. Eta gauza horietan herren gabiltza. Lanei segida ematea komeni da.

Hobe isilik edo barneko mina azaldu behar al da?
Hori norberak aukeratu behar du. Egia kontatu egin behar da, baina egia erdizka dakizunean, hobe da isilik egotea. Hizketan esan behar ez direnak aipatuta mina sortzen da. Gaizki ulertuak, epaiak sortzen direnez, horregatik aipatzen dut hobe isilik egotearena, gauzak ondo jakin arte.

Non dira diskoan, Joni eta Imanol anaiek Urbasako zuloren batean dagoen zuen birraitona aipatu izan dute. Edo duela gutxi, guardia zibilen kontrol batean hildako osabari eskainitako diskoa atera berri dute. Familian, Euskal Herriko isla den samin ibilbide latza izan duzue...
Bai, beste familia askotan bezalaxe, eta hala ere zorionekoak gara, ez dugu inor preso. Gerra garaiko kontu horiek, batez ere, isilik pasa izan dira familia askotan. Gurean ez dira horren isilik pasa. Aitaren minatik entzun izan dugu etxean Altsasutik bidali egin zituztela. Senarrik gabe amonak ahal zuen modura jasandako saminaren berri iritsi izan zaigu. Guk horren berri eman ahal izatea aitaren «meritua» da.

Gertaeran oinarrituta, aitona Jose Ubeda Apaolazarengan, zehazki; iraganeko bizipenak eguneratzeak katarsi modukoa ez al da?
Izan daiteke... Norberak bere buruaren barnera zintzo begiratu eta katarsi horretatik ateratzeko bidea bilatu egin behar du. Horretan ez dago araurik, batzuek nahiago dute bere horretan utzi, beste batzuek gertatutakoaren berri izateko bila abiatuko dira. Barneko samina atera egin behar dela uste dut.

Datu bilketan Frantzian aritu al zara?
Hendaiara bizitzera joan ginenean Frantziako burokrazia nolakoa zen ezagutzen hasi ginen. Karanbola handiak izan ditut nire zorionerako. Gerrako kontuak biltzen diren tokitan saiatu nintzen hasieran, baina ez ez nuen gauza ilunen berri bertan aurkitzen. Espainiako kontsuladora jo eta hasieran eromena izanda ere, azkenean puntua hartu eta bertatik atera dira gauza asko.

Bere bizipenak baino familian utzitako arrastoa interesatzen zitzaizula esan izan duzu...
Hobe isilik nobelan soldadu baten gerra ibileraz baino, jendeak epaitzeko duen erraztasunaz hitz egiten dut. Nobela jendea epaitzeko joeraz eta sekretuak gordetzeko eskubideaz ari da.

Kazetaritza hizkuntzatik literatur hizkuntzara pasatzean eroso sentitu al zara?
Egia esan, kazetaritzaz nekatu xamarra nago. Badirudi kazetaritzan egia era batera dela, eta horrelaxe kontatu behar dela, eta bizitzak erakutsi dit gauzak ez direla horrela. Gauzak horrela dira nire ikuspegitik, beste batenetik ez dira horrela izango. Literaturan sentimenduari tokia egitea, kazetaritzan baino errazagoa da. Hobe isilik ez litzateke, kazetaritza lan ona izango ez delako dena kontatzen, idazleak nahi duena baizik. Hainbat urte inkognitaz beteta uzten da... Hori kazetaritzan ez da onartzen.

Gertaeren inguruko barne kezkak eta galderak jarri nahi izan al dituzu irakurlearen eskura?
Galderak bota ditut, norberak bere erantzunak bila ditzan. Sekretua kontatu edo ez nola epaituko lukeen norberaren esku geratzen da. Horregatik dago horrenbeste galdera eta erantzun gutxi.

Agustin Zubikarai bekari esker  idatzi ahal izan duzu. Epe baten barruan idaztea erosoa egin al zaizu?
Epea izateak mesede egin dit, epe horrekiko zintzo jokatzeko aukera eman didalako. Lana, bi ume izanik, oso zaila da bestela, urtebeteko epean nobela idaztea... Diziplina jarri eta egunero idaztera bultzatu izan nau.

Gerra zibilean akabatutako ugari ezagutu eta hilobiratze duinak egiten zaizkienean, zer datorkizu burura?
Gure birraitonari horixe bera aitortu behar diotela gogora etortzen zait. Ez dakigu zeinetan baina Urbasako leize-zulo batean dagoela badakigu. Epaitegian lan egiten zuela hartu zuten eta hurrengo egunean zerbait jateko eramatera joan zirenean ez zuela beharrik erantzun zieten etxekoei. Leizezuloetan batzuk bizirik bota zituzten. Non dagoen jakin beharko genuke, baina ez dakigu inoiz jakingo dugunik ere. Non dagoen jakitea gogorra izango den heinean liberazioa ere izango da.

Biktimen aldarrikapenak entzutean, zer diozu zure birraitonatik hasi eta osabarenainokoa gogoratzean?
Barkamena gora eta barkamena behera entzuten dudanean jendea, nik barkamena baino egia jakin nahi dut. Gure osaba nork akabatu zuen, zergatik eta nola izan zen. Nik ez dut inoren barkamena behar, egia baizik. Baina egia gordina, disimulurik gabea, barkamena eskatu duenak bere burua zuritzeko (edo epaia biguntzeko) baliatuko ez duena. Horixe da lehen pausoa, nire ustez.

Nobelaren zabalkundean ari al zara?
Irakurle klubak udan geldirik egon dira, baina esperientzia interesgarria izan da. Bitxia ere izan da zuk idatzitakoa irakurri duen beste batek nola ikusten duen jakiten duzulako. Oso argi idatzi duzula iruditzen zaizu, baina beste batek irakurtzean, jabetzen zara beste batek erabat desberdin ulertu duela. Zer pentsa handia ematen du filologiko eta filosofikoki ere. Zuk nahi duzun erara ulertzeko gauzak nola adierazi behar diren jakiteko ondo dago. Irakurlearen interpretazioa esan nahi nuenarena baino interesgarriagoa izan daiteke eta elkarrizketa aberasgarria sortzen da. Irakurle zapuztaileak ere izan ditut, inola ere espero ez ditudan puntuak atera dizkidatenak.                                                           

Kritika oso onak jaso dituzu. Nola bizi duzu hori?
Pozgarria da, jakina. Baina kasu handirik ez egitea erabaki nuen, idazten segitu nahi baitut. Durangoko Azokarako atera zen eta bertan idazle kontsakratuez aparte ez dago aukera handiegirik eta alde horretatik izan zuen oihartzunaz pozik nago.

Liburua argitaratzea nola bizi izan duzu?
Beldurra banuen, baina uste baino errazagoa izan da liburua osatzea. Editoreak denari buelta emango zionaren kezka banuen, baina dena erraz eta oso ongi joan da.

Zein asmo dituzu?
Idazteko asmoa eta burutapenak baditut, baina denbora eta lasaitasuna behar dut. Agian zerbait laburragoa idatziko dut, ipuinak edo...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!