Orekaren bila, Oria gainean

Imanol Garcia Landa 2014ko ira. 5a, 12:49

Soka gainean duten trebezia erakutsiko dute Waterline Festival Tolosa jaialdian, Oria ibaia eta Zerkausia ikuskizun leku bihurtuz asteburuan.

Pixkana zabaltzen ari den kirola da slackline deritzona, hau da, soka edo zinta lasai –ez dagoena guztiz tenkatuta– baten gainean ibiltzea. Horren adibide da asteburu honetan, bihar eta etzi zehazki, ospatuko den Waterline Festival Tolosa jaialdia. Iñigo Manso antolatzaileak azaldu duenez, «nire gogoa jendea ekartzea zen. Horrelakorik ez da egin estatu mailan, ibai baten gainean zazpi soka jartzearena. Tolosak leku aproposa du horretarako herriaren erdian, eta zerbait berezia izango da».

Manso Tolosan bizi den ibartarra da eta begiz jota zuen Zerkausiaren eta Nafarroako Zubiaren artean sortzen den gunea. «Ibaia ikusi eta pentsatzen nuen erronka moduan ea posible izango zen zeharkatzea». Mundu horretan sartu zen Manso pixkana; Flow Balance elkarteko kidea da eta bere bitartez antolatu du topaketa. «Orain bi urte hasi ziren elkartearekin. Ikusi zuten behar zela zerbait mundu horretan zebiltzanak erreferente bat izateko. Kirol hau zabaltzen saiatzen ari gara. Herrietara joaten gara ikastaroak ematera, erakustaldiak, haurrek eta helduek probatzeko...». Zabalkuntza horren barne dago Waterline Festival Tolosa jaialdia.

Topaketa prestatzen hastean, garai onena zein izan zitekeen pentsatzen hasi ziren. «Abuztuan ezin da egin, jendea oporretan egoten delako. Guk ondo pasako genuke berdin-berdin, baina ez zen hainbeste jende izango ikusten eta gure asmoa justu hori da, jendeari erakustea badaudela beste kirol batzuk, tartean slackline-a, edo kasu honetan waterline-a». Azkenean irailaren lehen asteburuan egitea pentsatu zuten. «Dagoeneko jendea bueltan izaten da eta geroago ere ez genuen egin nahi, bestela parte-hartzaileek esango zuten ura hotza egongo zela...». Leku «berezia» dela nabarmendu du berriro Mansok: «Oria ibaia eta Zerkausiaren ingurua gero eta indar gehiago hartzen ari da. Bizi hori ematea ibaiari polita da».

 

Nazioarteko 40 parte hartzaile
Waterline Festivalean 40 kirolari inguru elkartzea espero du Mansok: «Toki guztietako jendea etorriko da: herriko lauzpabost, Donostia, Bilbo, Iparraldea, Madril, Cuenca, Bartzelona, Valentzia..., eta baita Italia, Alemania eta Argentinatik ere». Mansok berak ere parte hartzeko asmoa du Tolosako jaialdian, antolatzaile lanek uzten dioten heinean. «Herrikoa izanik, uretan sartu beharra daukagu», dio.

Parte hartzaileek, jaialdiaren irekieraren ondoren, sokak probatuko dituzte. «Sokek zer tentsio duten ikusi behar du bakoitzak. Tentsioaren arabera batzuentzat errazago eta beste batzuentzat zailagoa izaten da. Saiatu behar zara zure buruarekin lasai egoten, zure gorputzarekin, kontzentratuta egotea,  soka gainean ibiltzeko. Gero, bakoitzaren mailaren arabera trukuak egiteko gaitasun gehiago izango du».

Jaialdian zehar, saio libreez gain, hainbat joko antolatu dituzte. Spaceline-an, erdian elkartzen diren hiru soketan jarriko dira parte hartzaileak eta erdiko puntura lehenengo iristen denak irabaziko du. Soka luzeena zeinek igarotzen duen lehenago izango da beste jokoetako bat. Borrokak ere antolatuko dira, hau da, soka baten gainean bi pertsona jartzea eta trukuak egitea, edo batak besteari uretara botatzea. Trickline-a ere egingo da, erakusteko jendeak zer-nolako abileziak dituen soka gainean. «Azken finean jokoak ikusgarritasuna emateko antolatu dira, parte-hartzaileek gozatzeko eta ikusleek ere bai». Waterline Festivala ez dela txapelketa nabarmendu du Mansok: «Parte hartzaileak ondo pasatzera etorriko dira eta ikusleek ere ondo pasatzea nahi dugu».

Jaialdiak irauten duen bitartean, esatari bat izango da jokoen berri emanez eta topaketaren nondik norakoak azalduz. Zerkausiko goiko terrazan taberna jarriko dute, eta musikak ere lagunduko du jaialdia girotzen.

Probatzeko aukera
Slacklinean arituak direnak ibiliko dira Oria ibaiaren gainean jarriko diren soketan, baina kirol horretan lehen pausoak eman nahi dituztenek ere aukerak izango dituzte. Zerkausiko terrazan atonduko dute leku bat jendeak bere oreka probatzeko, eta larunbat arratsaldean eta igande goizean Zerkausian slackline egiteko aukera izango da. «Soka txikiak jarriko ditugu, distantzia motzekoak, jendeak ikasteko eta gurekin praktikatzeko», azaldu du Mansok. «Jendeak kirol hau zer den probatzea nahi dugu, hori da jaialdi honetako helburuetako bat».

Kirola lurrean hasten dela dio Mansok: «Ur gainean zerbait polita egitera goaz, baina elkartetik erakustera joaten garenean, lurretik gertu izaten da, bi arbolen artean jartzen dugu soka, eta soka bera ondo nola lotzen den ere erakusten dugu, ez izateko inongo arazorik». Uraren gainean ez da posible hasiberriek praktikatzea. «Ikasi egin behar da teknika bat zutik jartzeko zinta gainean eta horretarako ipiniko ditugu Zerkausian soka horiek. Beste edozein kontutan bezala, hasieratik hasi behar da slacklinean ere», zehaztu du Mansok.

Gainera, ez da berdina slackline egitea altura gutxira, uraren gainean edo altura handian. «Ikasteko normalean parke batean egiten da, bi arbolen artean soka jarriz. Azkenean begiak ohitu egiten dira lekura eta pixkana gero eta errazago ematen du». Uraren gainean, baina, begiek denbora guztian ez dutela berdina ikusten eta horrek zaildu egiten duela dio: «Eguzkiak egindako distira txiki bat ikusten duzula, edo ura bera ere ez dago beti berdin, eta horrek kontzentrazioa aldatzen dizu eta erortzea errazagoa da».
Highline egitean ere, hau da, soka altura handian jartzean, aldatu egiten da ibiltzeko modua: «Aurrera begiratzen egon behar zara, puntu finko batera. Zure ondoan ez daukazu erreferentziarik, bakarrik soka dago, eta haizea. Zure buruan sortzen den estutasun hori kontrolatzea zaila da». Hor kokatzen du Mansok kirol horren sorrera: «Zuk zure gorputzarekin jolastea eta zure mugak gainditzea. Hori da kirol hau: norbera bere buruaren aurka».

Kirol horretan sokatik ez erortzeko eman behar du erraz egiten dela, azaldu du Mansok: «Gradu bat ezkerrera edo eskuinera joanez gero, erori egiten zara. Beraz, beti joan behar zara ondo. Gorputza zuzen mantendu behar da, hankak tolestuta, besoak goran eraman behar dira... Azkenean, oreka gorputzaren zentroan eraman behar dugu». Norberaren buruarekin ere lan egin behar da begiek aurrea begiratzeko, hau da, sokaren amaierara edo goraxeago. «Ez da begiratu behar oinetara. Horren aurrean, jendeak galdetzen du ea nola jakin behar duen non zapaldu. Baina, bizikletan zoazenean ez duzu gurpilera begiratzen, aurrera begiratzen duzu, eta behar denean eskuinera edo ezkerra mugituko duzu gurpila. Slacklinean saiatu behar zara lasaitasuna topatzen pausoa emateko».

Mansok garbi du: «Niri asko betetzen nau. Lasaitasun handia sentitzen da soka gainean zaudenean eta nabaritzean oreka mantentzen duzula soka estu baten gainean, zure gorputza eta zure buruarekin. Sentsazio hori ez duzu lortzen beste kiroletan». Gero egunez egun ere nabaritzen da soka gainean lortu duzun oreka eta lasaitasun horrek ere laguntzen du egunerokotasunean: «Ikusten duzu zure gorputzak asimilatu egiten duela ikasten zoazen guzti hori».

Sentsazio hori pixkana etortzen da, soka gaineko eskarmentua handitu ahala. Bitartean, kirol hori gehiago ezagutzeko aukera izango da asteburu honetan, Oria ibaian, Tolosako Zerkausiaren parean.

 

Egitaraua

Irailak 6, larunbata
10:00. Jardunaldiaren aurkezpena.
10:30. Waterline-en irekiera.
12:00. Spaceline jokoa.
14:00. Freestyle.
15:00. Bazkaria.
17:00. Free session.
17:30. Jam «Trickline Waterline».
18:30. Oreka gunea.
19:30. Free session.
20:00. Egunaren amaiera.

Irailak 7, igandea
11:00. Waterline-en irekiera.
11:30. «Best trick» jokoa.
12:30. Jokoa: zinta luzeena zeharkatzen denbora gutxien.
13:30. 1 vs. 1 borroka.
15:00. Open session.
15:30. Amaiera.

Modalitate askotako kirola
Slackline izenarekin jaio zen kirola EEBBetako Yosemite bailaran hasi zen, 1980ko hamarkadan. Eskalatzaileek laugarren kanpamentuan atsedena hartzen zuten bitartean, kotxeak ez sartzeko jarritako kateen gainean ibiltzen hasi, eta gero sokak jartzen hasi ziren arbolen artean. Ondoren, sokak arboletatik eskalada egiten zuten paretetara eraman zituzten.

«Ez da funanbulismoa bezala», argitu du Mansok. «Funanbulismoan kable bat jartzen da eta tentsio oso handia du». Slacklinean 2,5 zentimetrotako zinta bat erabiltzen dute, eta bere tentsioa lasaia da. «Tentsioa dauka baina mugimendua ere badu, eta guk sokak duen mugimendu horrekin ere jolastu egiten dugu gure gorputzarekin».

Slackline horretatik datoz modalitate guztiak. Hala, waterline-a uraren gainean egitea izango zen. Longline bihurtzen da ibilbidea 30-40 metro baino luzeagoa denean. Trickline 15-20 metroko soka batean trukuak egitea da, hau da, saltoak egitea, itzulipurdiak, ipurdiarekin, triparekin edo bizkarrarekin soka ukitzea,... Spaceline-an hiru soka erdian elkartzen direla jarri, eta hiru pertsona elkarrekin ibiltzen dira horien gainean. Highline alturetan ibiltzea da, eta horretarako 20 metrotik gorako altueran egon behar da soka, eta arnesarekin aritzen dira kirolariak.

Lehenengo highline ibilbidea Gipuzkoan
Iñigo Mansok Alejandro Antolinez eta Bittor Barquerorekin batera Gipuzkoako lehenengo highline ibilbidea atondu dute Amezketako Zazpi Itturrin. «Gipuzkoako eskalatzaileentzat leku mitikoa da Zazpi Itturri», esan du Mansok. «Amets bat egi bihurtuta». Slackline praktikatzen hasi zenetik buruan sartuta zuen alturan aritzea. «Behin lortu nuenean, erronka jarri nion nire buruari: Gipuzkoako lehen highline ibilbidea hornitzea». Eta uda honetan lortu du Mansok balentria beste bi lagunekin batera. Txindokiren magalean, Zazpi Itturriren bi harrien artean 35 metroko zinta jarri zuten, 30 metroko alturan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!