Elkartasun irria Tolosako zezen plazan, hamaika kolorez

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko irailaren 4a

Musika eta kolorearekin bat egingo du, irailaren 27an, bizitzari barre egiteko elkartasun oihuak. Irri banda izenburupean, ikuskizun berezia izango da, Tolosako zezen plazan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Tolosako Musika Banda eta eskualdeko gazteen abesbatzen eskutik.

Mende laurdena bete da jada, pailazoek bere ibilbideari ekin ziotenez geroztik. Porrotxek agerraldian azaldu zuenez, pixkana-pixkana baloreak lantzen hasi ziren euren ikuskizun eta argitalpenean: "Eredu izan gintezkeela ikusi genuen. Beraz, gaixotasunak, hainbat jatorritako jendea, familia ereduak nahiz gizarteko beste hainbat gai gure proiektuetan txertatzen saitu izan gara". Bide horretan, "elkartasuna ulertzeko beste modu bat" ezagutu dute pailazoek; bi norabidekoa, alegia.

25. urtemuga ospatzeko, gainera, egitasmo berezi bati ekin zioten iaz, beren abestiak Euskadiko Orkestrarekin jo ahal izateko moldatuz. Horren ondorena izan da herrietako musika bandekin emanaldiak osatzearena, eta Tolosari iritsi zaio bere txanda.

Elkartasuna eta urtemugaren ospakizuna uztartu nahi izan dituzte, horrela, datorren irailaren 27an Tolosan izango den emanaldian. Izan ere, Stop Sanfilippo fundazioari eta Oier Iribarreni laguntzeko erabiliko dute bildutakoa.

Gaixotasunari laguntzeko elkartasuna zentzurik zabalenean osatu dute kasu honetan, musika bandarekin batera eskualdeko bost abesbatzatako 100 gaztetxo ere kantuak ariko baitira; Txintxarri Txiki, musika eskola, Lask, Loatzo eta Hirukideko abesbatzetakoak, hain zuzen. Prestaketa lanetan hilabete luzeak daramatzate, beraz.

Eguraldia lagun izanda, irailaren 27an, 19:00etan hasiko da emanaldia, zezen plazan. Euria egingo balu, ordea, Leidor aretoan bi emanaldi eskainiko lituzkete; bata 16:30ean eta bestea 19:00etan. Sarrerak 8 euroren truke salgai izango dira, Leidorreko leihatilan, honako egun eta ordutegietan:

- Irailak 6, larunbata: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.

- Irailak 7, igandea: 11:00- 13:00.

- Irailak 8, astelehena: 17:00-20:00.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!