Orekaren arteaz, ez da ikuskizunik faltako Oria gainean

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko irailaren 2a

I. Waterline jaialdia izango da larunbatean eta igandean; goi-mailako parte hartzaileak ariko dira

Flow Balance elkarteak antolatuta, lehen Waterline jaialdia hartuko du Tolosak, asteburuan. Zerkausia izango da egitasmoaren erdigune, eta Oria ibaia, berriz, jokorako eremu. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko Iñigo Manso eta Asier Manso antolatzaileak izan dira, eta Tolosako Udaleko kirol zinegotzi Peio Etxabe ere haiekin izan da.

Tolosako Waterline jaialdia Euskal Herriko lehena da, eta baita estatu mailan antolatutako lehenengoa ere. Bide horretan, aurreikuspenak gainditu dituztela azaldu dute Manso anaiek: «40-50 pertsona inguruk izena eman dute jaialdian parte hartzeko». Horrela, Tolosako, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Espainiako, Frantziako, Italiako, Alemaniako nahiz Argentinako kirolariak bertaratuko dira Zerkausi ingurura, beren oreka frogan jarri eta herritarrei ikuskizuna eskaintzeko asmoz.

Peio Etxabe kirol zinegotziak «eskerrak» eman nahi izan dizkie antolatzaileei, ezohiko kirol bat Tolosarrei ezagutarazteagatik: «Aukera paregabea izango da kirol berezi honekin gozatu eta probak egiteko eta, gainera, kanpotarrek Tolosa ezagutzeko ere balioko du festak».

Iazko Mendifilm jaialdiaren harira Oria gainean waterline erakustaldia egin zuen Iñigo Mansok, eta hura izan zen asteburuan izango den jaialdiaren jatorria. Bide horretan, urtebeteko lana izan da festa antolatzea eta udalaren nahiz babesleen laguntza izan dute.

Lanak, ordea, fruituak ekarri dizkie, izan ere, nazioarteko waterline-aren maila gorenean dabiltzan kirolariak bertaratuko dira Oriako ur gainera, eta sekulako akrobazia eta trikimailuak eskainiko dituzte, ibaiaren gainean jarritako zazpi soken gainean.

Haiei begira waterline-a ezagutzeko gogoa sentitzen duenak ere izango du, gainera, kirolarekin lehen kontaktua izateko aukera, Zerkausian horretarako egokituko duten gunean. Horrez gain, terrazan musika, postuak eta ikusleentzako beste hainbat gune ere izango dira.

Antolatzaileek waterline-aren dohainak ere azpimarratu nahi izan dituzte: «Norbera bere buruaren aurka dago zintaren gainean eta sekulako kontzentrazioa behar da. Gainera, oso baliagarria da beste kiroletarako ere». Horrela, Tolosan eta inguruan gero eta gehiago dira trebatzeari ekiten diotenak.

* Tolosako Waterline jaialdiko egitaraua eta haren inguruko informazio zabalagoa eskainiko du TOLOSALDEKO ATARIAk, ostiraleko astekarian bertan.

 

Jarraian irakur daiteke prestatu duten egitaraua:

Irailak 6, larunbata

10:00. Jardunaldiaren aurkezpena.
10:30. Waterline-en irekiera.
12:00. Spaceline jokoa.
14:00. Freestyle.
15:00. Bazkaria.
17:00. Free session.
17:30. Jam “Trickline Waterline”.
18:30. Oreka gunea.
19:30. Free session.
20:00. Egunaren amaiera.

Irailak 7, igandea
11:00. Waterline-en irekiera.
11:30. “Best trick” jokoa.
12:30. Jokoa: zinta luzeena zeharkatzen denbora gutxien.
13:30. 1 vs. 1 borroka.
15:00. Open session.
15:30. Amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!