Irabaziz ekin dio TAKEk aurredenboraldiari

Tolosaldeko Ataria 2014ko irailaren 1a

Lagunarteko lehen neurketan 70-62 irabazi dio Usabalen Val d Albret talde frantsesari. Datorren astean, berriz, Vic-en kontzentratuko da taldea.

Abuztuaren 27an ekin zion TAKEko lehen taldeak aurredenboraldiari, eta hiru lan saio burutu ostean, asteburuan jokatu du lehen lagunarteko neurketa. Frantziako hirugarren mailako Val d Albret taldea zuen aurkari gisa Usabal Kiroldegian, ez edonolako taldea, beraz. 

Frantsesek fitxaketa ugari egin dituzte datorren denboraldiari begira: Tomas Janusauskas (2,12 m., Agen), Luigi Mangiardi (2,03 m., Lorient), edo Daniel Makam (1,95 m., Castelnau Medoc) esate baterako. Tolosarrek, berriz, Jon Azaldegi, Iñigo Moreno eta Kaiet Vidaurreren bajak zituzten. Aurpegi berriak ere bai, baina beti ere pasa den urtean igoera historikoa lortutako taldea mantendu eta harrobia sustatuz. Horregatik, bigarren taldetik igo diren Ibai Gil, Iñaki Amondarain eta Andoni Elustondo dira aurrerantzean Yon Gonzalezen esanetara izango diren hiru jokalariak.

Lehen minutuetan talde urdina aurreratu zen markagailuan, baina 0-19ko partziala lortu zuten aurkariek, eta 9-21eko emaitzarekin amaitu zen lehen laurdena. Bigarren laurdenean, berriz, taldeak hobera egin zuen eta atsedenaldira puntu bakar bateko desabantailarekin iritsi ziren. Tolosarren entrenatzaileak "asko sufritutako partida" izan zela azaldu zuen, horren isla, 70-62ko azken emaitza.

Datorren astean, prestakuntzarekin jarraituz, taldea Vic-era joango da. Bertan 4 partida jokatuko ditu EBA eta Herrialde Katalanetako ligako taldeen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!