'Lasa eta Zabala' filma, Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean

Ataria 2014ko uztailaren 24a

Urrezko Maskorra irabazteko lehiatik at geratu den arren, Sail ofizialean emango dute GALek hildako bi gazte tolosarren auzia kontatzen duen lana. 1989tik ez zegoen euskarazko filmik sail ofizialean.

Lasa eta Zabala filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean emango dute. GALek bahitu, torturatu eta hil zituen gazte tolosarren istorioa kontatzen du filmak, eta Pablo Malok zuzendu du. Besteak beste, Tolosako hilerrian izan ziren grabaketa lanak egiten.

Duela 25 urtetik ez zen euskarazko film bat sail garrantzitsuenean ematen. 1989an, Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmak lehiatu zuen. Lasa eta Zabala, ordea, ez da euskarazkoa soilik, gazteleraz eta frantsesez ere egiten baitute protagonistek.

Aurtengo edizioan, dena den, Pablo Malorena ez da film euskaldun bakarra izango, izan ere, Jose Mari Goenana eta Jon Garañoren bigarren film luzea, Loreak izenekoa, Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!