Mac Jeara's Band entzuteko aukera, Larramendin

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 23a, 12:14
Bihar, Gau Giro egitasmoaren barruko musika emanaldia 22:30ean hasiko da. New Orleanseko jazz musika jotzen duen taldea da Mac Jeara's Band.

Gau Giro egitasmoaren barruan, duela 14 urte jaiotako Mac Jeara's Band taldeak kontzertua eskainiko du bihar, hilak 24, Larramendi auzoan. Mende hasierako New Orleanseko jazz oihartzunak ekarriko dituzte Tolosara.

2000. urtean sortu zen banda. Aro oso baten musika, Ipar Amerika eta mundu osoaren bilakaera markatu zuten urte asaldatuen soinu banda, hain zuzen. XX. mendearen heldutasunaren doinuak ditugu hauek, Chicago eta New York hirietako oihartzunak.

Manhattango antzoki handietatik hasita eta kale estu eta ilunetako azken etxezuloraino, jendearen bizitza girotu dute.  Ana Urrakaren ahotsa izango da nagusi. Tronpeta, Alfonso Masach eta tronboia, Juanan Diez. Saxoan, Ibon Irijoa, klarinetean Jesus Castillejo eta pianoan, Beatriz Hurtado. Banjoan Igor Intxausti, baterian, Ixak Oiartzabal eta tuban, Eugenio Delgado izango dira. Kontzertu honez gain, hurrengo asteetan ere izango dira Gau Giroren barruko emanaldiak.

 
 

Gau Giroko Egitaraua

UZTAILAK 24, BIHAR

22:30. Mac Jeara's Band taldea ariko da Larramendi auzoan.

UZTAILAK 30

22:30. David Colomo Pajarillo Zumardiaundian ariko da.

ABUZTUAK 6

20:00. Oscar Candendo Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Santa Maria elizan izango da.

ABUZTUAK 7

22:30. Zinea aire librean izango da, Amarotzen, Carmen Y Amen.

ABUZTUAK 23

20:00. Txotxongiloen Bideak-en barruan, Las Giramundo izango da, Zumardiaundian.

ABUZTUAK 30

20:30. Gu emanaldia ikusi ahalko da, Zumardiaundian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!