Eskera guztiekin behin behineko zerrenda egingo dute, eta 15 egun baliodunen epean jendaurrean jarriko dute iragarki oholean eta webgunean, interesa dutenek alegazioak egin ditzaten. Alegazio hauek aztertu eta ebatzi ondoren, behin betiko zerrendak onartuko dituzte.
Eskatzaile bakoitzari ausazko zenbaki bat emango diote, eta horrekin hartuko dute parte irailaren lehen hamabostaldian egingo duten zozketan.
Guztira 25 apartamendurako alokairu eskubidea zozkatuko dituzte. Hiru solairutan banatutako etxebizitza hauetarako kontratua gehienez 3 urterako izango dira, eta 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako etxebizitzak dira. Etxebizitza hauetan gehienez bi pertsona bizi ahalko dira.
Alokairuen zenbatekoa zehazteko errenta hartuko dute kontuan eta gutxieneko zein gehieneko diru sarrerak hartuko dituzte kontuan. Hala, 2013ko zergaldian 3.000 eta 25.000 euro bitarteko sarrerak eduki izana eskatzen dute.
Apartamenduak horrela daude banatuta; apartamendu bat mugikortasun urri iraunkorra duten gazteentzat izango da, beren kargura adingabe edo adineko bat dute gazteentzako bi logelako bizitoki bat ere badago, babes bereziko beste gizarte-egoera batzuetan daudenentzako bi bizitoki daude, eta gainontzekoak, 21 apartamendu, kupo orokorrekoak dira.
Etxebizitzen ezaugarriak
Apartamenduak 25 eta 60 metro karratu artekoak dira, eta sukaldea, logela, bainugela eta egongela dute. Bizilagunek garbitokia, arropa garbitu eta lehortzeko tokia, elkarbanatu beharko dute. Bizikletak gordetzkeo toki bat ere jarriko dute, eta baita hamabi trasteleku ere. 25 aparkaleku ere gorde dituzte Arrillaga plazan. Trastelekuek eta aparkalekuek kanon berezia izango dute.
Eraikinak A mailako ziurtagiri energetikoa jaso du, eta horretarako leihoak aldatu dizkiote, zoru bero emailea jarri dute berokuntza sistema bezala eta eraikina ondo isolatu dute.