TOPAk babesa azaldu die Asuncion klinikako langileei

Ataria 2014ko uztailaren 14a

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak Asuncioneko langileei elkartasuna azaldu die. Klinikako langileak mobilizazioak egiten ari dira hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik ematen ez duelako, eta hori dela eta, TOPAk mobilizazioak elkarrekin egiteko prest azaldu da.

"Beharrezkoak diren mobilizazioak elkarrekin bultzateko" prest dagoela esan du TOPAk "langileek planteatzen dituzten laneko eskaerak lortzeko", hau da, klinika publikoa izatea, Tolosaldeak Kudeaketa publikodun ospitale bat izatea eta espezializateko anbulatorio publikoa berreskuratzea".

"Kontuan hartzeko datu bat: klinika pribatu honen %95eko jarduera Osasun Zerbitzu Publikoa (Osakidetza) mantentzeko zergak ordaintzen ditugunok osatzen dugu, eta Asuncioneko jabeek, hitzarmenaren bidez urtean 20 milioi euro baino gehiago jasotzen dituzte", esan du TOPAk. Koordinakundeak dio kudeaketa publikoko osasuna erasotua izaten ari dela, "bai dirua soilik nahi duen patronalaren aldetik eta bai aberatsen interesak nahi dituen Jaurlaritzaren aldetik". "Eraso hori erabat bidegabea da, eta horren aurka altxatu behar gara", gaineratu du.

"Gure legezko eskakizunak lortuko ditugu baldin eta langileak, alkateak, udalak, auzotarrak, sindikatuak, alderdiak eta abarrek indarra eta esfortzua pilatzeko gai bagara; izan ere, helburua bakarra da, kudeaketa publikoko eta kalitatezko osasungintza unibertsala. Eta horretarako behar beharrezkoa da osasun arloko profesional eta langileak, maila guztietan sustatuak eta beren baliabide teknikoekin hornituak", esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!