EAJk alokairuko etxebizitzen parkea handitzearen alde egin du

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 14a, 11:33
Tolosako Euskal Herria plazan alokairuko etxebizitzak egingo dituzte
Tolosako EAJ alderdiaren alkatetzarako hautagaiak, Olatz Peonek, alderdi jeltzaleak alokairuaren aldeko apustua egiten duela esan du. "EAJren helburua da gizarte alokairuko etxebizitza parkea handitzea eta aurrekontu negoziaketetan proposatu modura, etxebizitza hutsen alokairua sustatzea Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren igoera dela-eta jasotako dirua etxebizitza horietara bideratuta".

EAJren proposamenei esker Kondeko aldapan eraikitzen ari diren etxebizitzetako batzuk gizarte alokairuzkoak izango direla nabarmendu du Peonek. "EAJk urteak daramatza ildo honetan lanean, legealdi honetan oposiziotik proposamenak eginez, eta aurreko legealdian gobernuaren hainbat proiektu gauzatuz egin dugu alokairuaren aldeko apustua, horren adibide dira Euskal Herria plazako edota Igarondo igerilekuan zegoeneko gizarte alokairuko etxebizitzak", esan du Peonek.

Horiek horrela, 2014ko aurrekontu negoziaketetan etxebizitza hutsei aplikatutako Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren igoerarekin jasotako dirua etxebizitzen alokairua sustatzeko erabiltzeko proposatu zuela dio EAJk. "Alokairuaren sustapenaren bitartez lortu nahi dena da etxabizitza hutsen egoera hobetzea, Tolosan etxebizitza huts gutxiago izatea, alokairuko salneurri babestuak eskaintzea jabeak alokairua jasoko duela bermatuz, eta azkenik, etxebizitzak ematea bermatzea".

Bestalde, orain arte ildo honetan egin duela lan eta horretan jarrituko duela esan du Olatz Peonek, eta Kondeko aldapan egiten ari diren etxeak aipatu ditu. "Hasieran hainbat erreparo bazituzten ere, udal gobernuak jeltzaleen proposamena onartu du eta horri esker, tolosarrek proiektua amaitzen denean 10 etxebizitza gehiago izango dituzte gizarte alokairuan".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!