Tolosak 0-2 galdu du Realaren aurka, itsura oso ona emanaz

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 12a, 19:26
Urtzi Gurrutxagaren omenezko partida jokatu dute Tolosa CF taldeak eta Realak, gaur arratsaldean, Tolosako Berazubi estadioan. Urdinek partida bikaina jokatu dute, baina Reala gehiago izan da.

Partida hasi eta berehala Realak baloiaren jabetza hartu du, eta Tolosa atzean sartu da, zulo guztiak bikain itxiz. Gol aukerak sortzea kosta egin zaie donostiarrei, eta Tolosak berea izan du 30. minutuan. Realaren area barruan penalti argia egin diote Tolosako aurrelariari, baina epaileak ez du horrela ikusi, eta gol aukera izan zitekeena bertan behera gelditu da. Reala esnatu egin da, eta 45. minutuan Agirretxek lortu du txuri-urdinen lehenengo gola.
Bigarren zatian Jagoba Arrasatek talde osoa aldatu du, eta bizi ekin diote jokoari. Aurtengo Realeko fitxaketaren lehen minutuak izan dira, izan ere, Finnboasonek bigarren zati osoa jokatu du. Aurrelariak bere gol aukera izan du, baina ez du asmatu. Aurrez, markagailuan tartea handitu duena Iñigo Martinez izan da. Emaitza horrekin amaitu da partida, eta ondoren, haurren txanda izan da, korrika Realeko jokalarien atzetik irten baitira zelaira.
Entrenatzaile eta jokalarien erreakzioak entzuteko aukera Eutsi Goiari! kirol saioan izango da, Ataria Irratian, astelehenean 12:30etik 13:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!