Historiako lehen opor eguna, Iruñean

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 10a, 11:36
Atodo tabernako Jose Javier eta Borja Larreta anaiek, historian lehen aldiz itxi zuten taberna asteartean oporrak egiteko. Jai eguna, Iruñeko San Fermin festetako eguneko giroa bizitzeko aprobetxatu zuten.

A todo tabernaren jabeak dira Jose Javier eta Borja Larreta anaiak. Tolosako Kale Nagusian, izen bereko XVI. mendeko eraikinean kokatuta dagoen taberna da Atodo. Aitzina batean, herriko ostatu bakarra zen. Erretegia izan zen beranduago. Jabez aldatzen joan zen belaunaldiz belaunaldi, Larreta anaien osabak hartu zuen arte.

Erretiroa hartu ostean Jose Javier eta Borjak hartu zuten tabernako jabetza. «Hamazazpi urte nituenean hasi nintzen lanean, gaur arte», azaldu du Jose Javierrek.

Gaur arte, lanean, izan ere, Atodok ez du sekula itxi opor arrazoiengatik: «Obrak egiteko, greba orokorretan edo ezkontza edo hiletetan soilik itxi izan dugu taberna. Inoiz ez oporrak hartzeko». Osaba duela zazpi hilabete zendu zen, eta ordutik «lasaiago» hartu dute taberna.

Merezitako lehen jai egun hori asteartea izan zen, eta horretarako Iruñeko sanferminak aukeratu zituzten. «Hainbat urtetan gauez egon izan gara, baina sekula ez egunez». Goizean goiz abiatu ziren, eta bertan pasa zuten eguna. Muthiko Alaiak peñan «bapo» bazkaldu zuten eta bertan jotzen duen Jainekin Txaranga tolosarraren irteera ikusi zuten. «Oso ongi pasatu genuen. Tolosan San Joan egunean bizi den giro herrikoi berezi hori gogorarazi zigun».

Atzo berriz ere barraren bestaldean ziren baxoerdiak zerbitzatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!