Merkataritza Jarduerak ziklorako izen ematea, zabalik

Ataria 2014ko uztailaren 9a

Gaur hasi eta hilaren 16an amaituko da Tolosaldea Goi Mailako LH Institutuak datorren ikasturtetik aurrera eskainiko duen Merkataritza Jarduerak erdi mailako ziklo berrirako izen emate epea.

Zikloa irailean hasiko da eta bi dira ikastaroaren helburuak: hainbat urtetako eskaerari erantzuna ematea eskualdeko merkataritza sektorea teknifikatuz eta profesionalizatuz, eta jende gaztea erakartzea sektorera, belaunaldi berriek lekukoa hartu ahal izateko.

Zikloa egiten dutenek, hortaz, etorkizuneko profesionalak autonomo izateko prestatuko dituzte, saltokiak modu integral batean kudeatu ahal izateko. Ikasleek garatuko dituzten gaitasunak, teknikoak eta zeharkakoak izango dira. Teknikoen artean marketina, saltoki baten kudeaketa integrala, aplikazio informatikoen erabilera, erosketa eta salmenta elektronikoa izango dira, besteak beste. Zeharkakoei dagokienez, harreman pertsonalak eta hizkuntzak aipatu dituzte institutuko ordezkariek.

Erdi mailako ziklo honen eskaintzak jada lanean dauden merkatariei etengabeko formazioa emateko aukera irekitzen du, hainbat tailer eta ikastaro eginez. Azken hauek eskaeren arabera programatuko dituztelarik.
Izena emateko Tolosaldea Goi Mailako LH Institutura deitu behar da, 943 65 06 64 edo 943 65 11 47 telefono zenbakietara, edo idazkaritza@tolosaldea.com helbidera idatzi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!