Bisitariei harrera hobea emateko tresnak martxan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uzt. 9a, 14:01
Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek udako denboraldia osatu dute hainbat eskaintzaz

Udako oporraldiarekin batera, turismorako goi denboraldia ere iritsi da Tolosaldera, eta eskualdea sekula baino prestatuago izango da, aurten, bisitariak behar bezala artatzeko.
Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek hainbat baliabide berri sortu dituzte aurtengo udarakok, eta horren berri eman dute Hasier De los Rios Tolosako zinegotziak eta Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo teknikariak.
Turismoari begirako baliabide berriak sortzearen helburu nagusia «bisitarien eskaerei erantzun bat ematea» da, batetik, eta baita «barneko turismoa sustatzea» ere, De los Riosek azpimarratu duenez.  

Ondo azaldu ezagutu daitekeena
Tolosako Udalak turismoko goi denboraldiari begira martxan jarri dituen egitasmo berri guztiek turisten praktikotasuna dute jomuga.
Izan ere, indar berezia jarri dute seinaleztatzea berritzen eta herriko planoak eguneratzen. Horrela, A4 neurrian egindako plano berriaren 10.000 ale sortu dituzte, eta eskuragarri dira, jada, Andre Maria plazako turismo bulegoan. Aipatzekoa da maparen atzeko orrian herriko ondare historikoaren azalpenak txertatu dituztela, ingelesez eta frantsesez: «Berrikuntza hauek eskaintzeko egindako inkestetan behar hori nabaritu dugu, eta kaleko seinale eta paneletan euskara nahiz gaztelera badaudenez, mapa erabili dugu atzerriko hizkuntzetan historia azaltzeko».
Horrekin batera, ondare historikoaren nondik norakoak azaltzeko 9 seinale berri ezarriko dituzte hainbat puntutan; bata San Frantziskon ezarriko dute eta, bestea, Arramelen.
Azkenik, Dama Berdearen lorategian mapa berriaren panel erraldoia ere ikusgai izango da, turistak behar bezala koka daitezen.

Tolosaldea sarean, punta-puntan
Tolosaldea Garatzeni dagokionez, Tolosako turismo bulegoa zazpi egunez eta zortzi orduz zabalik izango da, uzatailaren 21ean hasi eta abuztu amaierara bitarte; bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, noski.
Horrez gain, zenbait azterketa egin ondoren, beren atari digitala indartzeko erabaki sendoa hartu dute: «Azterketa Turistikoen Institutuko datuek azaldu digutenez, bisitarien %60ak internet bidez prestatzen du bidaia».
Gainera, turismoaren esparruko webguneak ikertzen dituen Codetur proiektuak egindako ebaluazioaren arabera, www.tolosaldea.net ataria Euskal Autonomia Erkidegoko turismo webguneetan bosgarrena litzateke, Bidasoa eta Bilborekin batera.
Tolosaldeko eskaintza turistikoa teknologia berriaren punta-puntaraino eramate bidean, webgunea smartphone nahiz tabletetara ere egokitu dute, eta 2014ko lehen seihilekoko datuak hobetzea dute helburu, gorakadari eutsiz. Izan ere, aipatzekoa da Tolosaldeko turismoaren webguneak %71eko igoera izan duela bisitei dagokienez; 15.000 erabiltzailetik gora erakarri ditu.
Datu hori xehetuz gero, gainera, argi ikus daiteke gizarteak interneteko txokoak poltsikoko gailuetatik bisitatzeko duen ohitura gero eta orokorragoa. Iazko datuekin alderatuta bikoiztu egin da, 2014ko lehen seihilekoan, www.tolosaldea.net mugikorretatik bisitatzen duen herritar kopurua: epealdi berean, %11tik ia %20ra igo da.
Datu horri tabelten erabilera gehituz gero, berriz, webguneko bisiten %28a osatzen da: «Oso portzentaje altua da, eta horregatik hartu dugu gure ataria hainbat euskarritara egokitzeko erabakia».
Ozeanoez haragoko bisitariak
2014ko udari begira, pozik eta itxaropentsu azaldu da Tolosaldea Garatzeneko turismo teknikari Olatz Illarregi: «Urtea hasi zenez gerozti hona igo egin da Espainiatik nahiz atzerritik espero genuen bisitari kopurua, eta gauza bera gertatu da okupazioarekin ere». Modu horretan, joera hori mantentzea espero dute goi denboraldian ere.
Horretarako, orain arte landutako publiko mota zabaldu egin dute Tolosalderako: «Lehen atzerritik Tolosaldera, nagusiki, Frantziatik, Alemaniatik eta Ingalaterratik bertaratzen ziren, eta frantziarrak zeuden lehen postuan, gertutasunagatik, batez ere».
Gaur egun Frantzia aldeko bisitarien nagusitasuna ere nabaria den arren, AEBetako nahiz Japoniako turistak asko ugaritu dira Tolosa eta inguruetan, Tolosaldea Tour bidaia agentzia espezializatu batekin lanean ari baita; bisitari asko bertaratzen dituzte eskualdera.

Udako egitaraua bertakoen nahiz bisitarien gozamenerako

Tolosatik mugitu ere egin gabe udako oporraldi ederra igarotzea ere posible denez, Tolosako Udalak, urteroko moduan, ikasturte berria hasi bitarteko egitarau oparoa prestatu du.
Gau Giro egitasmoko kontzertu eta ikuskizunak daude, batetik. Uztailaren 18an Tolosako Musika Banda ariko da, Lopez Mendizabalen; hilaren 24an, berriz, Macjeara´s Band-en emanaldia izango da Larramendin; David Colomo Pajarillo, berriz, Zumardiaundian ariko da uztailaren 30ean eta, urtero aire librean egiten duten zine emanaldia Amarotzen izango da, abuztuaren 7an. Azkenik, Gu ariko da Zumardiaundian, abuztuaren 23an.
Aukera horiez guztiez gain, Topic-en Txotxongilo bideak, gazteentzako eskaintzak nahiz iraila hasierako auzoetako jaiak ere txertatu ditu, udalak, www.tlsbat.net-en eta gune publikoetan eskuragarri dauden egitarauetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!