Gol bakoitzeko txuleta pare bat

Mikel Iraola 2014ko uztailaren 4a

Tolosako 'Tzotzoloak' kuadrillak eta Joseba Barriola harategiak bi txuleta eta beste bi pipar pote emango dizkio Mikel Arruabarrena tolosarrari lehen mailan Eibar taldearekin sartzen duen gol bakoitzeko. Ideia aurkezteko dagoeneko lehen hiru txuletak banatu dizkiote.

Joxe Mari Beldarraini otu zitzaion ideia: "Eibarrek egin duena lorpen oso handia da, eta kapitaina tolosarra eta laguna izanda, hori ospatzeko modu ona iruditu zitzaigun" esan du. Tzotzoloak kuadrillako kidea da 'Belda', eta lehen maila gogorra dela kontziente izanik, Arruabarrena "gehiago motibatzea" bilatu dute egitasmo honen bitartez.

Uzturreko magalean, Bizkaietxe baserrian hezitako txekorren txuletak dira Arruabarrenari emango dizkiotenak, "bakoitza 800 gramo ingurukoa, parrillan egiteko aproposak", Joseba Barriola harakinak azaldu duenez.

Dagoeneko lehen hiru txuletak banatu dizkiote, eta futbolariak adierazi duenez, "kuadrilla izango da dastatzen lehena. Ostiralero biltzen gara elkartean, eta eurekin afalduko ditut".

Zenbat gol sartuko ote dituen galdetuta, azkar bota dute zenbaki bat Beldarrainek eta Barriolak. Lehenak, "dozena erdi bat" sartuko dituela dio, eta besteak, berriz, bost. "Galtzea espero dut. Ea 10 izaten diren amaieran. Behar adina txuleta emango dizkiogu". Futbolaria, aldiz, "anbizio handikoa" izan arren, tentuz jokatzearen aldekoa da: "Zaila da lehen maila, kosta egingo da partidak ateratzea. Sei gol zifra polita da, baina zaila izango da".

Eta golak sartzekotan nori? "Denak izango dira ongietorriak, baina batik bat euskal taldeei, ondoren jendea pikatzeko, eta Barça eta Real Madril bezalako talde handiei sartzeak ere ilusio berezia pizten dit".

Bien bitartean, golak sartzeko zain egon beharko du Arruabarrenak. Aurredenboraldia uztailaren 14an hasiko dute, astebete barru, eta erronka berri honen aurrean gogotsu da: "Ilusio berria da, disfrutatzeko denboraldi bat. Agian gero luzea egingo da, baina orain talde osoa denboraldia hasteko gogoz dago".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!