Izar eta planetei begira

Imanol Garcia Landa 2014ko uzt. 4a, 09:30
Astronomiak ate asko irekitzen ditu eta irudimena argiaren abiadurara jartzen du. Gai horretaz gehiago jakin nahi duenak aukera du gaur, Tolosako Zerkausian egingo den Astronomia Gauean. Tolosako Mikel Castander Aranzadiko Astronomia saileko kideak azaldu dio Atariari gaur zer egingo duten.

Unibertsoa, galaxiak, nebulosak, planetak eta horrelakoak gustuko dituztenek aukera ederra dute gaur, 22:30etik aurrera, Tolosako Zerkausian. Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta, Astronomia Gaua izango baita. Ortzia hobeto ezagutzeaz gain, astroargazkilaritzaren inguruan ariko dira Aranzadikoak eta teleskopioak ere egongo dira, eguraldiak uzten badu behintzat, zerua zelatatzeko.


Aranzadiko Astronomia saileko kidea da Mikel Castander tolosarra. Berak azaldu duenez, «iaz bezala, Astronomia Gauerako behaketa bat antolatu dugu. Lehendabizi egun horretako zerua aurkeztuko dugu, gero Aranzadik urtean zehar zer egiten duen azalduko dugu, eta astroargazkilaritza zer den esan eta zenbait argazki erakutsiko ditugu. Hori bukatzerakoan egingo dugu behaketa guk ekarritako teleskopioekin, eta ilargia, Marte eta Saturno ikusi nahi ditugu, eguraldiak uzten badigu».

Izan ere, eguraldiak asko agintzen du behaketa astronomiko batean: «Ia garrantzitsuena da, hodeiekin ezin baita ezer begiratu». Aurten bigarren aldia izango da Astronomia Gaua antolatzen dutela, eta iaz, esaterako, eguraldi kaskarra egin zuen baina bukaera aldera zerbait ikusi ahal izan zuten. Orokorrean «esperientzia polita» izan zela dio Castanderrek eta aurten berriz egiteko eskatu zietela. Beste leku batzuetan ere egin dute dagoeneko aurten Astronomia Gaua: Andazarraten, Ordiziako Oiangu parkean eta Pasai Donibanen.


Espaziotik datorren argia
Aranzadikoek bi edo hiru teleskopio eramango dituzte, eta horrekin nahikoa izango da behaketa egiteko, baina saiora joaten diren herritarrek nahi izanez gero eurenak eman ditzaketela esan du Castanderrek. Teleskopioen artean ezberdintasunak daudela esan du Aranzadiko kideak: «Argia biltzeko sistemaren arabera, bi dira nagusienak: reflaktoreak, leiarrez osatuta daudenak, eta reflektoreak, argia ispiluekin biltzen dutenak».
Castender astroargazkilaritzan aritzen da, hau da, galaxia, nebulosa eta abarrei argazkiak ateratzen. «Bi urte daramat horretan eta oraindik ikasten ari naiz», esan du. «Oso zaila da nahi bezainbeste argi biltzea, dena iluna baitago eta oso urrun dago atera nahi duzun hori». Horregatik, derrigorrezkoa izaten da kameraren esposizioa oso luzea izatea, ordu erdi edo ordubete ingurukoa. Gero hori prozesatu egin behar dela dio Castanderrek, eta horren ondoren nebulosa, galaxia edo atera nahi den hori azalduko da. Andromeda galaxiaren itxurazko argazkia lortzeko, kamera bi orduz irekita egon behar dela dio.

Argazki kamera berezirik erabiltzea ez dela beharrezkoa esan du Aranzadiko kideak: «Nik Canon 1000D erabiltzen dut, nahiko arrunta den kamera. Hori bai, kamerak fabrikatik ekartzen duen filtroa kentzen diot, argi gehiago biltzeko».

 
Astronomiaren erakargarritasuna
Aranzaditik hilero Ostiral Astronomikoa egiten dutela dio tolosarrak, eta nahiko jende elkartzen dela saio horietan. «Gero eta gehiago elkartzen da, normalean jende gaztea, baina edozein adinetako jendea joaten da. Eskoletan ikastaroak egiten dira, eta haurrei nahiko gustatzen zaie». Astronomiari buruzko aldizkariak ere badaude, eta horietako baten bitartez zaletu zen Castander gai horretara: «Kanariar Uharteetara bidaia bat egin genuen, eta hegazkina hartu baino lehen aldizkari bat erostera joan eta astronomiari buruzko bat hartu nuen. Gustatu zitzaidan, eta hortik aurrera astroargazkilaritzara zaletu nintzen». Hortik aurrera, bere kasa hasi zen argazkiak ateratzen bere leihotik, eta «tarteka zerbait» ateratzen zitzaion. «Aranzadira joan nintzen teleskopioen inguruan galdetzeko, eta han ondo esplikatu zidaten eta horrela sartu nintzen mundu honetan».
Euskal Herrian hiri eta herri asko daudenez, argi kutsadura asko dago, eta beraz zerua nahiko txarra da behaketak egiteko. Castander Izaskunera joan ohi da, baina Tolosako argiak eragin handia egiten du eta esposizio luzeentzako ez da hain egokia. «Berastegiko zerua nahiko ona da, eta ordubeteko esposizioa egin daiteke. Aldiz, Izaskunen kamera hainbeste denboran irekita utziz gero, argazkia erre egiten da».


Astroargazkilaritzan aritzeko ortzia irakurtzen jakin behar da, eta lan horretan ere teleskopioek laguntzen dute, barnean izan ohi duten software baten bidez. «Software horren bitartez, teleskopioari parametroak jartzen dizkiozu eta horrela konfiguratzen duzu leku jakin batera begira jartzeko». Horren ondoren kamera teleskopioari egokigailu baten bitartez lotu eta argazkia atera ahal da. Halere, ortziaren ezagutza beharrezkoa dela dio Castanderrek: «Ez da berdina neguko zerua eta udaberrikoa edo udakoa».

 
 

Galaxiak, nebulosak eta beste

Teleskopioaren bidez urrutira begiratzean, hainbat elementu azaldu daitezke, eta horiek  islatzen dira gero, astroargazkilaritzan. Batetik, galaxiak, eta horien barnean nebulosak, izarrak eta planetak. Galaxiak, adibidez, M81, M82 eta M104 ikusi daitezke, azken hau Kapelaren galaxia izenez ezagutzen dena. Esne Bidea gure galaxiaren barruan dauden nebulosak ere ikusi daitezke. Nebulosak hauts eta gasez betetako hodei erraldoiak dira, eta bertatik sortzen dira izarrak.

Bestalde, izar baten leherketak eragindako materia zabalketa da nebulosa planetarioa. Horrez gain, kumulu irekiak daude, hau da, nebulosa batetik izarrak sortzean eta bakoitzak bere bideari ekiten dionean, sortzen ari diren izarrez gain oraindik nebulosaren hauts eta materia ere ikusten direnean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!