Tolosa Eskubaloi taldeak zortzi jokalari berri ditu

Mikel Iraola 2014ko uzt. 3a, 16:10
Igoera fasea jokatzeko helburua lortzeko helburua jarri dio Tolosa Eskubaloi taldeak, eta horretarako esperientzia eta gaztetasuna uztartuz, zortzi jokalari berri gehituko dizkio pasa den urteko taldeari. Oraindik besteren bat iritsi daitekeela aitortu du Juan Martin Amiano presidenteak.

«Tolosan eskubaloiak duen indarra handitzea». Juan Martin Amiano, Tolosa Eskubaloi taldeko presidenteak helburu hori jarri dio klubari datorren denboraldiari begira, eta horretarako, nazional mailako lehen taldea indartzeaz gain, harrobia lantzeko eskola sortuko ditu.

Hain zuzen, hori izan da lehen taldea datorren urteari begira sendotzeko puntu garrantzitsuenetako bat: harrobia. Jubenil mailatik bost jokalarik emango dute saltoa lehen taldera: Ander Urangak, Eneko Zubiriak, Jon Mendinuetak, Eneko Cigandak, eta Mikel Ortizek. «Etorkizun oparoa duten jokalariak dira, eta jokatzeko gogo izugarria dute» azaldu du Amianok.

Luxuzko fitxaketak

Gaztetasuna konpentsatzeko, esperientziadun jendea ere fitxatu du Tolosak. Hiru dira aurpegi berriak; bi gainera, eskubaloiko maila gorenetik, Asobal ligatik, datozenak. Alde batetik, Urtzi Otegi atezaina; eta bestetik David Rincon zentrala. Biek Bidasoa-Irun taldean egin dute azken denboraldi hau. «Esperientzia emango diote berez gaztea den talde bati. Minutu zailenetan baloia hartzeko arazorik ez dute izango», azaldu du Alex Nogues entrenatzaileak.

Bi jokalariak gustura agertu dira beren talde berrian egindako harrerarekin. Atezainak proiektua gustuko duela nabarmendu du: «Azken urtean ez dut minutu askorik izan, eta horren bila nator. Gazte jendea hazten laguntzea da nire asmoa». Rinconek, ere «ahal duen neurrian, helburu horretan laguntzea» espero du.

Hirugarren fitxaketa, Aitor Ibarguren da, Arraten hezitako atezaina. «Ikastekagatik kanpoan izango da urte erdia, baina etorkizunari begira egindako fitxaketa da. Iker Galarzak pixkanaka utzi egin nahi du taldea, eta hirugarren atezain bat eskatzen ari zen. Hori betetzera dator Ibarguren», azaldu du presidenteak.
Seguraski fitxaketaren bat gehiago izango dela aitortu du Amianok, baina oraindik lotzeke daude.

Luzerako taldea

Gainontzean, talde berak jarraituko du, salbuespenak salbuespen. Izan ere, Arratibel eta Caminos kanpoan izango dira ikasten 2015 urte hasierara bitartean. Garai horretan ere Mikel Amiano guztiz osatzea espero dute, lesio batetik osatzen ari baita une honetan. ‘Txamako’ izango da baja bakarra.

«Pasa den urteko emaitzak txukunak izan ziren. Zazpigarren izan ginen, eta horrek helburu handiagoetara begiratzeko indarra ematen digu. Datorren urtean igoera fasea jokatzeko aukera dugula uste dugu, eta hori izango da helburua» esan du presidenteak. Noguesentzat ere helburu hori lortzea izango da «taldeko gazteenak egoera horietara ohitzeko». Emaitza on horiek lortuz gero, herria ere «gehiago inplikatzen» dela diote.

Dena den, datorren denboraldiko emaitzek ez dute aldatuko klubaren proiektua, izan ere, argi dute etorkizunera begirako proiektua dela, eta ez epe motzekoa. "Epe luzeko proiektua da, eta hor argi daukagu etxeko jendea dela garrantzitsuena. Jokalari gazteak heztea da lehen helburua, eta kanpotik datoztenek taldean ez dugun plus hori eman behar diote".

Guztira bederatzi talde

Lehen Nazional mailako taldeaz gain, beste zortzi talde ditu Tolosak. Gipuzkoako ligan lehiatzen duen bigarren taldea du, eta aurten bigarren nazional mailara igotzeko erronka jarri dute. Horrez gain, jubenilen talde bat, kadeteen bi, eta infantilen beste bi dauzkate. Aurten, gainera, lehen aldiz, emakumezkoen mailan bi talde izango dituzte.

Baina, beste albiste bat ere aurreratu du Amianok: aurten, benjaminetatik aurrera eskubaloia irakatsiko duen eskola sortuko dute. Amianoren arabera, horrelako taldeek aurrera egiteko "garrantzitsua da azpitik hasi eta goraino taldea ondo egituratzea, eta horretarako garrantzitsua da txikitatik eskubaloi jokalariak heztea".

Bestalde, bazkideen kanpaina berria aukeztu du talde urdinak. Gaurtik aurrera, urteko txartela eskuratu daiteke Irrintzi tabernan 30 euroren truke.

Aurredenboraldiaren hasiera, 18an

Abuztuaren 18an hasiko dira entrenatzen lehen taldeko mutilak Alex Noguesen esanetara. Lehen torneoa Baionan jokatuko dute abuztuaren 30 eta 31n. Zarautzen aurka ere jokatuko dute, baina lekua zehazteke dago: "Seguruenik Zarautzen jokatuko dugu, bertako festak baitira, eta gabonetan Tolosan egingo dugu itzulerakoa", azaldu du Amianok. Ondorengoak oraindik guztiz lotu gabe dituzte: "Euskal Kopa seguraski orduan jokatuko dugu. Nafarroako talderen baten aurka ere jokatuko dugu seguraski". Denboraldia, berriz, iraileko azken astean edo urriko lehenean hasiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!