Olatz Peon bere lantaldearekin ari da Tolosarako egitasmo berria prestatzen

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uztailaren 2a

EAJk tolosarrei aurkeztu nahi izan die beren alkatetzarako hautagaia, eta programa politikoko zenbait ildo ere nabarmendu dituzte.

Pasa den ekainaren 14an EAJk Donostian egindako aurkezpenean jada ezagutarazi zuten moduan, Olatz Peon izango da Tolosako EAJk 2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen alkategaia. Hiriburutik herrira ekarri nahi izan dute hautagaiaren plazaratzea, eta Olatz Peonek aurkeztuko duten programa politikoa zirriborratu du, lantaldearen indarra azpimarratuz.

45 urte ditu eta gizarte langilea da ikasketaz. Tolosako Udalean zortzi urtez izan zen zinegotzia, Jokin Bildarratz alkate zela eta, legealdi honekin, 12 urte beteko ditu udalean, oposizioan. Alderdiaren egitasmoa "baloreetan" oinarrituko dutela azpimarratudu Peonek: "Irekitasuna, etika, eraginkortasuna eta autokritika ezinbestekoak izango dira etorkizuna eraikitzeko".

Horrela, ekonomia, gizarte politikak, gobernu on eta eraginkorra eta herriarekiko maitasuna zutabe izango dituztela azaldu du hautagaiak: "Zeharka, berriz, generoa, euskara nahiz kultura bezalako gaiak jorratuko ditugu. Modu holistikoan lantzen ari gara proposamena, departamendu zehatzetan gelditu gabe". Alderdia jada programa politikoa herritarrekin lantzen ari da, eta urria inguruan aurkeztuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!